Ezarian. Australiako uholdeak

Ur azpian

Inoizko uholde handienetakoek irudi harrigarriak utzi dituzte Australian. Hondamendiaren eragin ekonomikoak 'Katrina' urakanak AEBetan ekarri zituenak baino handiagoak izango dira.

xabier martin
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Brisbane da zero eremua, edo «gerra eremua», zabaltzen ari den terminologiari men. Bibliak azaltzen dituen uholdeak egia bihurtu dira askorentzat azken egunetan, Australiako Queensland estatuan. Irudiek argitzen dituzte hondamendiaren benetako neurriak. 2,5 milioi laguni eragiten die, gehiago edo gutxiago. Batzuek autoa, etxea edo negozioa galdu dute, besteek familiako kide bat edo bizitza bera. Naturaren indarra askatu da Queenslandeko ibaietan, eta haiek ubideetatik kanpo bidali dute amorru basati hori guztia.

Zeruak lurrean bizi direnek baino negar gehiago egin du; etengabekoa izan dira euria, ekaitzak, zaparradak. Eta horrek azken mendeko uholderik suntsigarrienak ekarri ditu Australiako eskualde horretara. Brisbaneko auzo asko eta asko ur azpian daude une honetan. «Gerra eremua» dela dio Queenslandeko gobernatzaileak, Anna Blighek. «Suntsipen harrigarria islatzen duten irudiak ikusi ditugu, teilatuak besterik erakusten ez dituzten auzoak, ur azpian dauden lantokiak». Eraikuntza lan izugarria hasiko da luze gabe han. «Gerraoste bateko neurriko berreraikitzea izango da».

Eragin ekonomiko latza

Astelehenetik egunera 15 zenbatu dituzte hilen zerrendan. Uholdeak, ordea, abenduarekin hasi ziren Australian, eta ordutik zenbatzen hasita dagoeneko 26 dira zerrenda beltzeko kideak. Gainera, 70 lagun desagertutzat jo dituzte; ez alferrik, Brisbanen bakarrik ez, beste 70 herri eta hiritan ere uholde ikaragarriak izan dituzte.

Ekonomiari dagokionez, berriz, eragin latza izango du hondamendiak. Adituek diotenez, Katrina urakanak 2005ean AEBetan izan zituen ondorio ekonomikoak txiki utziko ditu. «Hilabeteak pasatuko dira» hainbat eta hainbat hiritar euren etxeetara itzultzeko moduan egoteko. Beste batzuek itzultzean ikusiko dute euren betiko etxeetan ezingo direla gehiago bizi.

Brisbaneko errepide askotan ez dabiltza autoak, haien lekua ontzi txikiek hartu dute. Naturak ez du barkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.