Euria jautsi ahala, eta Bidarteko Uhabia hondartza hutsik. Hondarrean, garbiketa lanak egiten dituzten lanabesen aztarnak. Agerian zaborrik ez, iduriz garbia. Uhabiaren hegoaldera, Getariaren mugan, bizpahiru solairudun etxetxoak. Topikoa betetzen duten etxe zuri-berde edo zuri-gorri tipikoak, maila ekonomikoa begi bistan uzten dutenak. Turismoak gogoko duen argazki idilikoa osatzen du. Uhabia erreka, preseski, arazoa da argazki horretan. Ez erreka bera, baizik eta euriteen ondorioz garraiatzen dituen ur zikinak.
Aspaldikoa da ur zikinen arazoa, eta preseski, joan den uztailean erakunde publikoetako ordezkariek eta herriek hitzarmen bat izenpetu zuten, uren kalitatea hobetzeko. 22,4 milioi euroko aurrekontua onartu zuten Arrangoitze, Arbona, Ahetze, Senpere eta Bidarteko lurrak zeharkatzen dituzten urak iragazteko. Hitzarmen horren ondorioak ikusten dituzte herritar eta bisitariek. Uhabia hondartzako sarrera itxita dago, eta barnean, aparkaleku handian, kamioi ugari daude lanetan. Lur metak daude hondarra igurikatzen den tokian. Jakitun ez dena ere ohartzen da lan astunak egiten ari direla.
Lan horien artean, batek ez du guztien onespena jaso. Izan ere, Uhabia errekan bi ataka jarri nahi dituzte ura atxikitzeko, eta, horrekin batera, ur zikinak hondartzatik 700 metrora isurtzeko hodi bat egin nahi dute. Itxurazko ardura erakutsi baina itsasoan arduragabe jokatzea dela leporatu diote xedeari aurkakoek. Funtsean, arazoa errekan gora da. Saneamendu sarera lotura egokia ez duten etxe eta etxaldeek eragiten dute kutsadura.
Europako legea
Bainu uren kalitatea zorrotz arautu du Europak, eta eskari hori betetzen ez duten herriek hondartzak itxi beharko dituzte. Lau urtean egindako azterketak hartuko dira kontuan hondartzen irekitzea baimendu aitzin. Turismoa ekimen nagusia da herrian, eta jasanezina litzateke hondartzen itxiera. Hodi isurlearen erabakiak horri erantzuten dio, eta inguruan bada xede hori duela urte gutxi bere egin duten herriak.
Hondartzan bertan dago Bela gorria jatetxea, eta iparralderago La Cucaracha jatetxea, Uhabia hotela eta kapera txiki bat. Torero itxura baliatu edo kolore zuri-gorri-berdeak erakutsi, turistak hartzeko irrikan daude. Bukatuko dira lanak, eta euriak soildutako karrikak beteko ditu eguzkiak. Surflariak itsasoan egonen dira, kutsadurak harrapatuko ez dituen esperantzan.
Plaza giro
Ur zikinak, urrutirako
Uhabia ibaiko ur zikinak hondartzan isur ez daitezen, Bidarteko Herriko Etxeak hodi isurle bat baliatuko du, itsasoan 700 metrora botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu