Hogeita zortzi urte igaro dira Unescok Urdaibai biosfera erreserba izendatu zuenetik, «eta, orduz geroztik, ehunka mila pertsonak bisitatu dute natur ingurunea», Arantxa Leturiondo Ingurumen sailburuordearen esanetan. Naturaren bila joan ohi da bisitaria Bizkaiko eskualde horretara, eta askok oinezko ibilaldiak egin nahi izaten dituzte. Oinezko txango horiek bideratzeko, hainbat gida argitaratu dira orain arte, baina herriz herriko ikuspegiarekin. Sekula ez Urdaibaiko erreserba osoa abiapuntutzat hartuz. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hutsune hori bete du, ordea, eta 25 ibilaldi biltzen dituen gida bat aurkeztu du, «Urdaibaiko biosferako txokoak ezagutarazteko». Lan hori argitaratzeko, Xarles Lepedak, Ricardo Hernandezek, Jose Marañonek eta Jon Benitok Urdaibaitik zehar proposatzen dituzten ibilaldi horiek guztiak egin dituzte, eta gida hornitzeko behar adina informazio bildu.
Itsasoa, mendia, itsasadarra... denetarik dauka Urdaibaik, eta horietatik guztietatik egiten ditu proposamenak Urdaibai: Ibilbide gida, Bidaia bat Biosfera Erreserbaren naturan eta kulturan zehar liburuak. «Ibilbideak jende ororentzat dira», Leturiondoren esanetan. Besteak beste, Bizkargi mendirako igoera, Gernika-Lumo herriaren historiaren inguruko ibilaldia, Ibarrangelutik Ogoño mendirako bidea, Gernikatik Busturiara itsasertzetik egiteko txangoa, edo Bermeoko hiribildutik itsasertzerako ibilaldiak: horiek egiteko aukeraren berri ematen diote bisitariari. «Ibilaldi horiek egiteko ez da beharrezkoa fisikoki prestatuta egotea; Urdaibai ezagutzeko gogoa besterik ez da behar».
Denek ere hiru eta 13 kilometro arteko luzera daukate, eta gidak lekuan lekuko historia, edo kultura zertzeladak, eta argibide ekologikoak eskaintzen ditu. «Turismo ekologikoa bultzatu nahi dugu, eta bide hori egokia dela iruditzen zaigu». Ibilaldietan gainera, Urdaibaiko txoko ezezagun ugari biltzen ere saiatu dira, «bertako biztanle askok ezagutzen ez dituztenak, kasuren batean», Leturiondoren esanetan. Horregatik, gida ez dago kanpoko bisitarientzat bakarrik, «bertako jendeari ere erabilgarri gerta dakioke».
Garraio publikoa sustatuz
25 ibilaldi horien bidez, Urdaibaiko biosferan turismo ekologikoa bultzatu nahi du Ingurumen Sailak. Hori dela eta, proposamen horiek ere ezaugarri bereziz hornitu behar izan dituzte gidaren egileek. Era horretan, hiruibilaldi izan ezik, gainerako guztiak zirkularrak dira, hau da, hasiera eta amaiera leku berean daukate.
Horrek garraiobide publikoak erabiltzeko aukera ematen dio bisitariari, eta ibilgailu propioa alboratu. Horregatik, ibilaldi guztiek trenaren edo autobusaren bidez irits daitezkeen geltoki eta guneetan daukate irteera eta helmuga. «Turismo ekologikoa bultzatzeko beste era bat da».
Oraingoz, ezaugarri horiek betetzen dituzten 25 ibilaldi proposatu dituzten arren, etorkizunean gisa horretako gida gehiago argitaratzea espero du Leturiondok. «Ibilbide gehiago proposatzeko asmoa daukagu, gida zerbait dinamikoa izateko asmoarekin jaio baita», haren esanetan. Nolanahi ere, lehen gida horren 1.000 ale argitaratu dituzte, eta oraingoz turismo bulegoetan, udaletxeetan eta eskoletan banatu dituzte. Izan ere, gida ez dago egina kanpoko bisitarientzat soilik, bertako biztanleentzat ere interesgarria bada.
Baina dena ez da argitalpenetara bakarrik mugatuko. Liburuxkak proposatzen dituen ibilbide guztiak egin ahal izateko behar adina argibide eskaintzen baldin baditu ere, bide horietan seinaleak jartzeko asmoa dauka Eusko Jaurlaritzak. «Proiektuaren bigarren fasea izango litzateke hori», Leturiondok argitu duen gisan. Lan horiek, gainera, Urdaibaiko eskualdeko herrien arteko mugikortasun geldoa sustatzea ere badute helburu, hau da, mendiko bideak egokitu eta erabilgarri jarriko dituzte ibilaldien gidaren aitzakiarekin. «Hainbat bide daude egoera txarrean daudenak, eta horiek ere berreskuratu egin nahi ditugu».
Urdaibaitik 25 ibilaldi, eskualdeko natura eta kultura ezagutzeko
Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen gidak turismo ekologikoa bultzatzea du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu