Ekaineko azken larunbatarekin batera egin ohi da Ondarroan (Bizkaia) Zapatu Azule jaia, baina aurtengoa uztailarekin batera dator. Sanjoanak izan ziren iragan asteburuan, eta jaiegun horiekin bat ez egiteko erabaki zuten Ondarroako Radixu Irratiko antolatzaileek eguna aldatzea. Ohi baino beranduago bada ere, Ondarroa arrantzaleen urdin kolorez jantziko da aurten ere Zapatu Azule festarekin.
Arrakasta handia du biharko egunak Ondarroan. Hamalaugarren urtea du aurtengoa, eta ezagun egin duten osagaiak izango ditu beste behin. Goizerako Euskal Herriko kamiseta azoka antolatu dute, eta baita Dinamartxi kirol proba ere. Dina Bilbao zenaren omenez Tolosa eta Ondarroa lotzen dituen ibilaldia da, eta oinez nahiz bizikletaz osatzeko modua dago. Dina Bilbao 1997ko udan desagertu zen, Atlantikoan nabigatzen ari zela, eta ordutik triatloilaria eta abenturazalea oroitzen dute biharko festa egunarekin. Tolosatik 09:00etan irtengo dira parte hartzaileak.
Ekitaldi eta egitarauaren gainetik Ondarroako kaleetan elkartuko den jendetzak egiten du berezi Zapatu Azule. Festa gaztea da, baina herrian sustraitu egin dena. Herri bazkarian bilduko den jendetza da horren adierazgarri. Arratsalde eta gau parterako egitarau zabala prestatu dute: larrain dantza, antzerkia, erromeria eta musika kontzertuak, besteak beste. Ondarroak urdin kolorea hartuko du egun osoan.
Gerizpean. Uda-pasa
Urdin koloreko Ondarroa
Uztailarekin dator biharko Zapatu Azule jaia; arrantzalez jantziko da herria, eta kamiseta azoka egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu