Urteetako tradizioak, fedeak eta jaiak denak elkarri lotuta egingo da bihar Urkiolako erromeria (Abadiño, Bizkaia). Izan ere, San AntonioPaduakoaren eguna ospatuko dute santutegian. «Giro itzela egongo dela dudarik ez egin», Josu Lopez abadearen esanetan. Baina ospakizuna zeruari begira egin beharko dute, biharko eguraldi kaskarra iragarrita baitago. «Asko baldintzatuko du eguraldiak, baina seguru gaude jendea inguratuko dela». Aurtengo erromeria Erne eta tente lelopean egingo da: «Gotzaintzaren leloa da, eta gazteen egoerari eta langabeziari buruz ari da», Lopezek azaldu duenez.
Menderik mende iraun duen tradizio bat da erromeria hori, eta, gainera, egitaraua ere ez da asko aldatu denborarekin. Hainbat elizkizun egingo dira santutegian. 10:00etan hasi eta 13:00 arte, orduro meza izango da, eta arratsaldean 18:00etan. «12:00etan meza nagusia egingo dugu, eta bertan izango da Lekeitioko abesbatza, eta baita Mario Izeta gotzaina ere», Lopezen esanetan.
Baina, fedeaz gain, ganadu eta nekazaritza produktuen feria, trikitilariak eta bertsolariak ere inguratuko dira Urkiolako santutegira. Kantuan, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolari gipuzkoarrak izango dira eguerdian. «Eguazteneko erromeriara inguru horretako jendea etortzen da batez ere, Gipuzkoa aldetik eta Arabatik», San Antonioren erromeria antolatzen ibiltzen den batzordeko kide batek azaldu duenez. Fededun bizkaitarrek ere egiten dute santutegirako bidea, «baina horiek, batez ere, domekako errepikapenarekin» batera etortzen direla azpimarratu du batzordeko kideak.
Ekainaren 13a astegun batean tokatzen den urteetan, hurrengo domekan erromeria errepikatu egiten da, «asko ezin baitira egun horretan etorri». Aurten ere horrela tokatu da, eta domeka honetan Urkiolako erromeria berriz ospatuko dute santutegiaren inguruan. Bertsolaririk ez da izango, baina, horien ordez, herri kirolen erakustaldia izango da. Eta bezperan, Arratiako fededunek euren errogatibak eramango dituzte 11:00etan, «bakea eskatu eta zabaltzeko eskaera egingo dute», Lopezen esanetan. Bilbotarrentzat ere meza egingo dute, 10:00etan.
Bikotekide bila, harriari biraka
Baina San Antonio Paduakoaren omenezko erromeria zerbaitegatik ezaguna bada, Urkiolako santutegian dagoen harriarengatik da. Santua ezkondu nahian dabiltzanen eta memoria kaskarra dutenen zaindari da, eta, horregatik, asko joaten dira bertara mutil-lagun edo neska-lagun bila. «Kondairak dio meteoritoa dela eta aparteko energia daukala, baina nik uste gaur egun santutegian dauden abadeek ere ez dutela horretan sinesten», batzordeko kidearen esanetan. Baina, edozein modutan, fededun askok emango dizkiote harriari bueltak bihar eta datorren domekan, bikotekidea bilatzeko edo osasuna bermatzeko. Zenbat? «Hori norberaren araberakoa da; nik diot bikotekide ona topatzeko hamaika eman behar direla; beste batzuek diote zazpi, edo bederatzi». Kopuruak kopuru, ez dira gutxi izango harriaren inguruan biraka ibiliko direnak. «Abadeak ez dira asko ibiliko, baina zaharregiak direlako izango da hori, ez pentsa!».
1777. urtetik ospatzen da erromeria Anbotoren magalean, eta orduz geroztik urtero egin izan da erromeria bertan. Lehen meza, ordea, X. mendean hartu zuen, eta apurka erromes gune bihurtu zen. Tradizio luzeko jaia da, eta «jendeak aski ongi daki noiz izaten den erromeria». Horregatik, Lopezek espero du jendea erruz inguratuko dela, bihar eguraldi txarra eginda ere. Eta domekan ere beste horrenbeste.
Jaiak. Sanantonioak Urkiolan
Urkiola, tradizioaren lekuko
Urtero legez, San Antonio Paduakoaren omenezko eguna ospatuko dute bihar Urkiolako santutegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu