Ezarian

Urpeko flasha

Marrazo beldurgarrienak eta ornogabe txikienak. Guztiak aurki daitezke urpeko argazkietan. Patxi Iriarte argazkilari iruritarrak horrelako emaitza koloretsuak lortzen ditu bere kamerarekin.

Periclimenes-ak animalia garbizaleak dira, eta irudikoa Iriarteren ahoan sartu zen garbitzera. PATXI IRIARTE.
Lohizune Amatria.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gorria, morea, horia, laranja eta arrosa. Kolore horiek guztiak daude ur azpian. Ikusi ezin diren arren, bertan daude, ezkutuan. Urdin eta berde kolorez ikusten da normalean itsas hondoa, eta argitu ezean, ezinezkoa da dauden kolore denak antzematea. Baita hainbat tamaina ere. Balea bat hamazazpi metro luze izan daiteke, eta urpeko ornogabe bat, berriz, zentimetro erdia soilik. Aldea nabarmena da. Aberatsa, koloretsua eta ezezaguna da itsasoko bizia. Hala ere, bada aukerarik mundu hori ikusgarri egiteko. Patxi Iriarte (Irurita, 1964) urpeko argazkilaria da, eta hondoan dauden animalia txikienak ere erakusten ditu bere argazkietan.

Gazte hasi zen argazkilaritza ikasten, eta lanbide bilakatu zuen orain 30 urte. 1990ean egin zuen bere lehenengo urpekaritza ikastaroa, eta, geroztik, ofizioa eta zaletasuna batu egiten ditu ahal duenetan. Euskal Herriko lagunekin batera joan da Fiji uhartetara, Galapagoetara, Indonesiara eta Papua Ginea Berrira, eta han, hainbat itsaspeko animaliaren irudi izugarriak hartu ditu: «Leku horietan, batzuetan itsaso zakarra izaten da, eta halakoetan ibiltzen ohituta dagoen jendearekin joan behar izaten dugu. Azkenaldian irakasle asko etorri dira».

Ongi pentsatu behar izaten dute nora eta noiz joan. «Usoekin gertatzen den bezala, itsaspeko animalia hauek ere migrazioak egiten dituzte, eta alde handia dago hilabete batetik bestera». Dena den, Iriartek ongi daki hori, eta animalia asko ikusi ditu 22 urtean. Zezen-marrazo, tigre-marrazo, mailu-arrain eta marrazo erraldoiekin batera egin du igeri. «Arriskutsuak dira marrazoak, baina lasai daudenean, lasai ibiltzen gara gu ere». Marrazo zuria geratzen zaio ikusteko, baina azkenetarikoa izango dela dio. «Marrazo zuria ikusteko, kaiola batean jaisten zaituzte itsas azpira, eta handik egiten dituzu argazkiak». Hegoafrikan, Australian eta Mexikon ikus daitezke animalia horiek, baina oraindik ez daki zehazki non ikusiko dituen berak. Eraztun urdineko olagarroa, ordea, badaki non topatu: «Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean daude, baina oso pozoitsuak dira». Olagarro tropikal hori ikustea du hurrengo helburu.

Urpeko argazkilaritza «kontenplazio» argazkilaritza da, Iriarteren hitzetan. «Denbora asko ematen dugu horma bati begira, zerbait mugitu arte. Mugitzen denean, argia piztu, eta argazkia ateratzen diogu». Makroargazkilaritza deitzen zaio urpeko argazkilaritza mota horri, eta oskoldunak eta ornogabeak erretratatzeko egiten da. Oso txikiak izaten dira, eta, horregatik, asko hurbiltzea izaten da horiek filmatzeko modu bakarra. Nahiz eta txikiak izan, koloretsuenak dira. «Kantauri itsasoan ere oso ornogabe bereziak daude, eta askok ez dituzte ezagutzen ere». Periclimenes-ak, adibidez. «Garbizaleak dira. Behin argazki bat egin nion bati, eta ondoren ahoan sartu zitzaidan, ahoa garbitzera. Nik nire lana egiteko aprobetxatzen dut, eta berak jana lortzen du trukean».

Urpeko argazkilaritza txapelketetara aurkeztu ditu Iriartek urpean hartutako argazki eta bideoak. Nafarroako lehiaketara urtero aurkezten da, eta zenbaitetan ere irabazi egin du. Donostiako urpeko zinema jaialdira, berriz, bideoak aurkeztu izan ditu. Azkenekoa Fiji uhartetara egindako bidaiaren argazkiekin egindakoa izan zen, eta hirugarren saria irabazi zuen harekin. Urpeko argazkilaritza zaletasuna da Iriarterentzat, eta uste du ez dela errentagarria profesio gisa. «Aldizkariek gaizki ordaintzen dituzte urpeko argazkiak».

Kamerak kaioletan

Urpeko argazkiak egiteko tresneria berezia behar da. Eskularruen garrantzia azpimarratu du Iriartek. «Bada oso pozoitsua den barraskilo bat. Zerbait beroa nabarituz gero, janaria dela uste du, eta eraso egiten du: oso hilgarria da». Horregatik, eskularruak eraman behar dituzte beti murgilariek. Baita tresneria bikoitza ere. Kamera eta argiztapena ere eraman behar dute soinean. Urpean lurrean baino askoz argi natural gutxiago dago, eta argiztapen artifiziala erabili behar dute dena ongi ikusteko. «Urpean kolorea galdu egiten da. Gorria da galtzen lehena, eta urdina eta horia dira azkenekoak». Dena den, kontu handiz ibili behar da. Animaliak erraz izutzen dira argia ikustean, eta askok ihes ere egiten dute. Horregatik, argirik gabe hurbiltzen dira askotan animaliengana, poliki eta arnasa mantso hartuz.

Urpeko kamerak ere bereziak dira. Urte gutxitan asko aldatu dira, eta orain lur gainean erabiltzen diren reflex kamerak sar daitezke uretan. «Kaiola bat jartzearekin nahikoa da». Hala ere, garestiak dira armazoi berezi horiek: «Nire kaiolak ez du balio beste kamerentzat, eta kamera baino garestiagoa da». Tresneria guztia soinean, gehienez ere 75 metrora jaisten dira argazkilariak. Bertan dago muga, eta hortik behera kaltekoa izan daiteke erabiltzen den gas nahasketa. Animalia bereziak ikustera jaisten dira ausartenak, baina goian baino askoz gutxiago daude. «Anitz jaisten bazara, presioarengatik, gas gehiago irensten duzu, eta goitiago joanda gutxiago». Hamabost eta hogei metro tartean eta botila bakarrarekin, ordu bat egon daitezke urpean.

Iriartek denetarik aurkitu du uretan, eta hainbat pasadizo kontatzen ditu argazkiak erakutsi bitartean. Behin, Bill Gatesen itsasontzi baten ondotik igaro zen, eta beste behin, II. Mundu Gerrako Black Jack hegazkina ikusi zuen itsas hondoan. Urpeko mundua oso zabala da. Dena den, iruritarrak animaliak ditu gustukoen. Guztiak gustatzen zaizkio, eta bat aukeratzekotan, bere urpeko flashak argitu ez dutenetariko bat aukeratuko lukeela dio. «Oraindik itsaso asko ditut ezagutzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.