Objektuak dira aztertzen dituztenak, baina jendea bilatzen dute. Behin baino gehiagotan darabil azalpen hori Jose Manuel Mates itsas arkeologo eta urpekariak. Bere lana deskribatzeko erabiltzen du. «Ñimiñoa dirudi, adibidez, soldadu baten kasakako botoiak, baina sekulako informazioa eman dezake. Azaltzen du soldaduaren jatorria eta garaia. Gure garaiari buruzko informazio mordoa ematen dute gurekin gainean daramatzagun objektuek. Nork bere garaiko elementuak izaten ditu berarekin gehienetan. Bilatzen duguna ez da objektuen gaineko jakintza, haien atzean zegoen jendearena baizik». Urpean bilatzen du jende horren bizimoduaren aztarna Matesek. Itsas hondoan dauden itsasontzien hondarretan.
Bakion (Bizkaia) aurkitutako XVIII. mendeko itsasontziari buruz aritu da hizketan aste honetan Bilboko Itsas Museoan. Gertutik ezagutzen du kasua, 2004az geroztik aritu da ontziaren hondarrak ikertzen. 1985ean ikusi zituzten lehenengoz itsas hondoan kanoiak, eta arkeologia ikerketa bat egiteko saioa egin zen arren, ez zuen arrakasta handirik izan. 1999an atera zituzten, azkenean, ontziko piezak azalera, eta 2004an hasi zen Mates hondar haiek ikertzen. Urpean lehenik, eta artxiboetan gero. Bietara aritu zen gauza haien atzean zer jende zegoen bilatu nahian.
Itsasoak hiru mendez zigortutako bi mosketoi aurkitu, eta XVIII. mende bukaerako itsasontzi britainiar bat irudikatu. Ikusgarria da jauzia, baina hori da Bakion gertatu zena. Kanoi batzuk, mosketoi parea, eta beste pieza gutxi batzuk baino ez zituzten aurkitu; baina nahikoa, hipotesi bat lantzeko. «Materialen egoerak ez du arrasto handirik ematen. Kanoiak oso hondatuta zeuden. Ez zuten izenik, ez zuten datarik, eta ez zuten ezer ere. Baina bazuten informazioa, hala ere. Britainiar armadak erabiltzen zituen kanoien itxura zuten. XVIII. mende bukaeran erabiltzen zituztenen gisakoak ziren. Bi mosketoiak, berriz, arma aditu baten gidaritzari esker jakin nuen 1780 ingurukoak zirela. Shortlandpattern izeneko modelokoa bata, eta Hannover-en erabiltzen zituztenetarikoak besteak. Badakigu Jurgi III.a erregeak tropak handik erreklutatzen zituela. Eta garai bertsuan izan zen Gibraltarren setioa ere. Beraz, pentsa liteke Bakion aurkitutako ontzia handik bueltan zela edo hara bidean zihoala hondoratu zela».
Handia da detailerik txikienaren garrantzia. Eta arkeologoek Matxitxakon hondoratuta aurkitu zuten itsasontziaren kasua da horren beste froga bat. 2008an topatu zuten, eta, hasieran, 1937an frankistek hondoratutako Nabarra ontzia izan zitekeela uste zuten adituek. Gerora jakin zenez, ordea, hasierako hipotesi hori ez zen zuzena. 1942an hondoratutako Hockheimer zamaontzi nazia da Matxitxakokoa. Svastika naziak zituzten platerak aurkitu zituzten. Baina erasoaren orduan apurtu zen erlojua izan zen ikerlariak ontzi zehatz horretaraino eraman zituen arrasto nagusia. Hari esker jakin zuten noiz eraso zioten britainiarrek zamaontziari, eta hala jakin zuten Hockheimer izenekoa zela.
Altxor bilatzaileak
Urpeko historia hori ere bada azken orduko albiste zenbaitetan. Orain aste betekoa, esaterako. 2007an aurkitu zuen Oddyssey Marine Exploration enpresak Nuestra Señora de Mercedes izeneko 1804an hondoratutako itsasontzia. Urre eta zilarrez beteta zegoen. Altxorra haientzat hartu zuten Oddysseiko arduradunek, eta, bost urtez epaitegietan izan ondoren, dirua legez kanpo hartu zutela ebatzi du epaileak. Espainiari bueltatu behar izan diote altxorra, azkenean, orain egun batzuk. 18 tona txanpon, orotara.
Itsasoko legediak aipatzen ditu Matesek, ez lege bakarra. Unescok urpeko ondareari buruz sinatutako hitzarmena dago, itsasoaren gaineko nazioarteko legedia, baita herrialde bakoitzarena ere. «Orain ez hainbestera arte aurkitzen zituenarenak izaten ziren urpeko itsasontziak eta haien edukiak, baina pixkanaka gero eta zehatzago ari dira bilakatzen arauak». Egokitzat du hori Matesek, ondarearen mesedean delako. Hala ere, gehiago egin behar litzatekeela uste du. «Gu ez gara urpeko ondare horren jabeak. Gure aurrekoek utzi zuten hor, eta guk ere gure ondorengoentzat zaindu behar dugu». Oraindik ere legedia zorrotzagoa behar litzatekeela uste du.
Kritiko mintzo da, adibidez, altxorrak bilatzen aritzen diren enpresez. «Ez da beren lana gaizki egiten dutela, baina onar dezagun, ez dute lan arkeologiko bat egiten. Dirua bilatu nahi dute». Adibide bat jarri du: Magallanes eta Elkanoren ontziena. «Hiru ontzi ziren espedizioa hasi zutenak, baina bakarra heldu zen helmugara. Bizigai mordoa zeramatzan. Pipermina eta bestelakoak. Ontzi bakar horretako salgai hura nahikoa izan zen espedizio osoko gastuei aurre egiteko. Sekulako altxorra. Hori bai, ez dago inon ere ontzi horren bila abiatuko den altxor bilatzailerik. Dirua, urrea eta zilarra duten ontziak dira bilatzen dituztenak, eta ez garrantzi historiko itzela izan arren bizigaiak eramaten zituztenak». Ikuspegi arkeologikoa defendatzen du berak. «Nire ustez, altxorra ez da materiala. Tira, bai, bada altxorra, noski, baina altxorraren zati bat baino ez. Objektu horien atzean dagoen jendea da benetako altxorra. Artefakto horiek gutaz mintzo diren neurrian dira interesgarriak».
Zientziaren kaltean
2001. urtea klabea izan zen. Orduan onartu zituzten urpeko ondareari buruzko hitzarmenak herrialde askok. Ez guztiek, ordea. AEBek, Errusiak, eta Bretainia Handiak, esaterako, ez dute halako hitzarmenik sinatu. Herrialde horietako profesionalek presio egiten jarraitzen dute, halere. Zientzialariek ez dute nahi herrialdeetako gobernuek Oddyssey eta gisako altxor bilatzaileekin hitzarmenik sinatzerik. «Ontziren bat aurkituz gero, materialen hainbateko bat aurkitzen duenarentzat izaten da, eta beste hainbateko bat herrialdearentzat. Zientziaren garrantzia da beti galtzen ateratzen dena. Azken finean, enpresa horiek jokatzen dute irabazi batzuk lortzera. Litekeena da indusketa batzuk egiteko hamar urte behar izatea, adibidez. Halakoak ez zaizkie komeni. Horregatik, asmo arkeologikoen atzean ezkutatzen badute ere, enpresa horien azken helburua dirua duten ontziak bilatzea da».
Ondarearen alde mintzo da. Matesek dioenez, ez da aurkitzen den oro azalaratzeko beharrik.Batzuetan aurkitutako hori lurperatu ere egin behar litzateke. «Kasu batzuetan, beharbada, hoberena ez da ontzia bere horretan ikertu edota azaleratzea, baizik eta lurrez estali eta bere horretan uztea. Estalita hobeki iraungo du, eta baliteke orain ikerketarako erabiltzen diren metodoak ez egokienak izatea, eta etorkizunean asmakizun berrien bidez ontziari arazo gutxiago eragitea. Non dagoen zehatz jakinda, beti izango dugu aukera hori».
Hori da, adibidez, Kanadako Labrador penintsulan dagoen Red Bay inguruan aurkitutako San Juan de Ramos euskal baleontziarekin egin zena. Atera egin ziren haren pieza batzuk ikertzeko, baina gero urpean hondoratu eta lurrez estali zituzten berriz, eta, hobekuntza teknologikoak egon ahala, azterketa sakonagoak egin ahal izateko. Kontrako adibideak ere badaude. «Oslon bada kasik inolako kalterik gabe aurkitu eta berreskuratu zuten ontzi bat, eta urte batzuk badira jendearen bistara jarri zutenetik. Hondatzen ari da, ordea». Dokumentazioa ongi zaintzea eta erregistro zehatzak egitea da lehena. Euskal Herrian hasia da lan hori, Matesek dioenez. Zortzi bat urte badira Eusko Jaurlaritza bere urpeko arkeologiaren karta egiten hasi zela. «Jakin egin behar da ondare hori zer egoeratan dagoen eta non dagoen. Hala bakarrik jakingo dugu nola babestu. Garrantzitsua da. Portu bateko lanak egiten hasi baino lehen hor ontzi bat dagoen edo ez dagoen jakitea. Bestela, ezin da baloratu lan horiek gure ondarean eraginik dezaketen edo ez».
Ezarian
Urpeko iragana
Itsas hondoan aurkitutako hondar arkeologikoak ikertuta, garai bateko jendeari buruzko informazioa biltzea da itsas arkeologoen zeregina. Euskal Herrian ere bada historiarik urpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu