On!Bistan da, zorion txiki eta handiz betea, itxaropen berri eta bakearekin... Eta BERRIA egunkaria indartua eta hitz gogoeta aberatsekin!
Iraganari begirada asko ematen zaizkio egun hauetan. Zilegi bekit gutxi aipatu den irudi baten aipatzea: John Carlos beltz estatubatuarra, New Yorken, Occupy Wall Street haserretuekin protestan ibilki, bere ukabil beltza airean telebistako kamerei erakusten. Urriaren 10a zen.
1968ko urriaren 17an, Mexiko hirian, olinpiar estadioan, 200 metroko lehiaketan hirugarren gertatu zen, eta podiumera iragan Tommie Smith, beste beltzarekin, lehendabizikoa, eta Peter Norman australiarrarekin, zilarrezko domina zuenarekin. Oinutsik iragan ziren bi beltzak, oinetakoak eskuetan,umiliazio jasanen ikur, eta eskularru beltza zeukan eskua altxatu zuten, burua apalduz himno amerikarra ematen zutelarik.Smith eta Carlos Olinpiar Jokoetarik kanpo emanak izan ziren. Normanek bere elkartasuna agertu zien podiumean, papoan baitzuen eskubide zibikoen aldeko badge bat, hori prentsak orduan ez baldin bazuen hainbat erakutsi ere.
John Carlos gutarra da: libertatearen eta justiziaren alderako borrokak etengabea izan behar duela erakusten digu. Gauzak denborarekin hazten eta garatzen direla, eta denek elkarrekin mundu honen hobetzeko kemena atxiki behar dela, su handi, berotzaile eta distiranta. Aldaketetan den sinestea ezabatzea, horra hainbestek nahi dutena. Dibertsitatea, ezberdintasun koloretsuak, maitasun bideak izan bitez elkarren ulertzeko eta gure bazterren apaintzeko bide. Urte Berri on!
Maratila
Urte berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu