Urte berria, ohitura berberak

Ohitura asko daude urteari agur esateko eta datorrenari ongietorria egiteko; gustukoena aukeratu beharra dago

Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urteari agur esateko ordua iristear da, eta dagoeneko hasi dira asko urte aldaketa egiteko jarraitu beharreko erritualak prestatzen. Izan ere, askotariko ohiturak daude Euskal Herrian urte zaharretik urte berrirako saltoa emateko. Aspaldikoak dira batzuk; ez horren zaharrak besteak.

Herriz herri eta etxez etxe desberdinak izan ohi dira tradizioak. Etxean familiarekin afalduko dute batzuek, etxez kanpo lagunekin besteek; egun batzuk oporretara joateko aprobetxatuko dituzte ahal dutenek; beste askori, ordea, lan egitea egokituko zaie.

Mahats festa

Hego Euskal Herriko etxe askotan mahatsak janez agurtuko dute urte berria. Familia ugari telebistari so jarriko dira gauerdia emateko minutu gutxiren faltan, kanpai hotsak entzun orduko mahatsak banan-banan ahoratzeko. Kanpai bakoitzeko mahats ale bana ahoan sartzea, horra hor helburua. Hamabi aleak irenstea, ordea, edozeinen esku ez dagoen balentria da. Helburua lortu ala ez, ziurra da gehienek ahoa bete mahats bukatuko dutela.

Ez dago jakiterik ohitura nondik datorren, baina askok Alacanten (Herrialde Katalanak) kokatzen dute sorlekua. Hego Euskal Herrira noiz zabaldu zen zehazki jakitea zaila da, baina oso zabaldua dago. Ipar Euskal Herrian lagunartean egindako afari batekin egin ohi diote ongietorria urte berriari; mahatsik gabe, ordea.

Urteko azken kilometroak

Euskal Herriko herri eta hiri askotan ospatu ohi da San Silvestre eguna abenduaren 31n. San Silvestreko lasterketan korrika ateratzea izaten da kirolzale askok urteari agur esateko duten modua. Abenduko azken eguneko tenperatura hotzak alboratu, eta urteko azken izerdiak bota eta afari preziatuari tokia egiteko aproposa izaten da lasterketa.

Hiriburuetan ez ezik, herri askotan antolatu ohi dituzte urtero lasterketak. Etzi ere izango dute korrikalariek non aukeratu. Gernika, Usurbil, Zarautz, Sodupe, Markina, Burlata, Lekeitio, Doneztebe, Eskoriatza eta beste herri askotan aterako dira korrika. Norberak hobekien datorkion ordutegia eta afalduko duen lekuaren arabera aukera dezake zein herritako lasterketan parte hartu. Herriz herri ibilbidearen luzera aldatzen bada ere, 3 eta 8 kilometroren bueltan izan ohi da. Ez dira bereziki luzeak, Urtezahar eguneko beste ohiturekin talka egin ez dezaten.

Iruñeko inauteriak

Urruti daude inauteriak, baina Iruñean jada hasi dira mozorro bila. Urtezahar gauean mozorrotzeko ohitura handiagoa dute iruindarrek inauterietan baino.

1980ko urteetan hasi zen ohitura hedatzen. Lagun talde batek mozorrotzea erabaki, eta jendeak pixkanaka mozorrotzeko ohitura bereganatzen hasi zen. Egun, Urtezaharreko ohiko irudia da Iruñeko alde zaharrean Lady Gaga eta beste pertsonaia famatuak tabernaz taberna ibiltzen ikustea.

Iruñea bada ere Urtezahar gauean mozorrozale gehien biltzen duen hiria, beste herri batzuetan ere izaten dute ohitura hori. Esaterako, Nafarroako Erriberan eta Lizarraldeko hainbat herritan ere mozorrotzen da jendea. Bizkaiko Getxon ere jende ugari mozorrotzen da.

Mendian gora

Lehen eguzki printzek eguna argitzen hasi orduko, mendira joko dute askok, larunbatean eta igandean, urtea ondo bukatu eta urte berriari ongietorria egitera. Mende erditik gorako tradizioari jarraiki, eskualde bakoitzeko mendigoizaleek inguruko mendietako maldetan gora hasiko dira. Hala ere, badira mendizaleen bilgune bihurtuko diren hainbat tontor. Araba eta Bizkaiko mendizale askok Gorbeia mendira igoko dira. Gipuzkoar eta nafar askok, berriz, Aizkorri mendia izango dute topaleku.

Gehientsuenak lagun eta senideekin joaten badira ere, mendi elkarte askok irteerak antolatu dituzte. Andoaingo Euskalduna elkartekoak Adarrara (Gipuzkoa) abiatuko dira igande goizean, tontorrera ailegatuko diren mendizaleei salda prestatzera. Adarrara igotzen direnek gogoz eskertuko diete salda, urte berriko hotzak uxatu eta eta urtea indarberrituta hasten lagunduko baitie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.