Urte berrian, sasoi berria

Urte berriarekin herritar askok Eguberrietan hartutako kiloak galdu nahi izaten dituzte. Horretarako, eta sasoian jartzeko asmoz, kiroldegiak betetzen dituzte.

Eguberriak pasatu bezain pronto hasten dira betetzen kiroldegiak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PESS.
Iruñea
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Urte berria asmo berriz janzten dute herritar gehienek. Helburu horien artean dago Eguberrietako otordu ugari eta oparoetan jaten eta edaten irabazitako kiloak galtzea. Gorputzari gehitutako pisua kentzeko eta, bide batez, sasoian jartzeko, lagun asko gimnasioetara itzultzen hasi dira egunotan.

Urteak 52 aste ditu, baina, maiz, urte berria hasitakoan bakarrik gogoratzen da izakia buruan bueltaka izaten dituen helburuak betetzeaz. Eguberrietako bazkari eta afari berezietan inork gutxik esaten die ezetz platerean jartzen zaizkion gutiziei, baina urtarrila iritsitakoan, eta behin Errege eguna igarota, jendea bere burua zaintzen hasten da. Hori argi asko igartzen dute Iruñeko Donibane kirol elkartean. Elkarteak 10.500 bazkide ditu, eta horietatik 1.900 eskasek erabiltzen dute gimnasioa. «Errege eguna pasatu arte itxaroten du jendeak. Orain hasiko dira izena ematen. Joan den urtean, garai honetan ehun lagun berri hasi ziren gimnasioan», dio Angel de Miguel gimnasioko koordinatzaileak.

Ariketa bakarrik ez

Elkarteko gimnasioa ariketak egiteko tresnaz betea dago. Gorka Perez eta Irune Jimenez gimnasioko langileek ezarritako lana egiten ari dira erabiltzaileak. Etortzen den edonori lan jakin bat jartzeaz gain, hori nola egin erakusten diote. «Urte hasierarekin jende gehiago etortzen da. Baina gimnasiora etorri berri diren lagun horiek guztiek ez dute gero jarraitzen. Batzuek utzi egiten dute». Gimnasioan izena ematen dutenen asmoa bikoitza izaten da: sasoian jartzea, batetik, eta Eguberrietan irabazitako pisua jaistea, bestetik.

Kasuak banan-banan aztertzen dituzten arren, sasoian jartzeko oinarrizko lan bat jartzen diete guztiei. «Astean bitan edo hirutan etorri behar dute gimnasiora, ordubetez». Denbora horretan, ariketa kardiobaskularrak eta indarra lantzen dituztenak uztartzen dituzte. Batetik, bizikleta estatikoan edo lasterka egiteko zintan lanean jartzen dituzte;bestetik, giharren tonua lantzeko tresnetan ibilarazten dituzte. Baina pertsona bakoitza ezberdina dela azpimarratu nahi dute. «Osasuna lortzea dugu xede, eta sasoi fisiko ona ez da berehala lortzen: denbora behar izaten da».

Kirola ez eze, gimnasiora joaten denaren jarrera ere garrantzitsua da. «Jendeak denbora mugatua du: lanagatik eta familiagatik ez du denbora askorik». Horregatik, sasoi ona lortzeko lana ez da gimnasioan bukatzen, eta «dieta osasuntsu» bat izatea ezinbestekoa dela diote. Horretarako, gimnasioan duten Amaia Ripalda dietalariarengana bideratzen dute jendea. «Bakoitzaren beharrei egokitutako dieta izaten da. Egunean bost otordukoa, mediterranear dietan oinarritua. Denetarik jaten dute, baita ogia ere, baina neurrian». Gimnasiora itzuli direnen artean dago Esteban Sola. Bikiak ditu, eta astean hirutan hasi da etortzen ariketak egitera. «Sasoian egon nahi dut. Askotan presaka eta korrika ibili behar izaten dut etortzeko, baina pozik nago egiten dudan lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.