Zirku ikuskizunen irakaskuntza jarraituan aitzindaria izan da Iruñeko Oreka zirku eskola. «Euskal Herrian ikastaro ugari eskaintzen dira une honetan, baina guk hezkuntza hutsetik profesional mailara arteko ikaskuntza prozesua eskaintzen dugu», Javier Pedrado eskolako arduradunaren esanetan. 1999. urtean hasi ziren lehen ikastaroak eskaintzen, eta, orduz geroztik, hazten joan da eskola. Horrenbeste, non nazioarteko beste hainbat eskolarekin harremanetan dagoen Oreka eta ibilbide profesionala garatu ahal izateko aukera ematen dien bertako ikasleei. Era horretan, profesioan lan egiten duten artistei euren ikuskizunetan sakontzeko aukera eman die Iruñeko eskolak, hutsetik hasten diren ikasleei zirkuko jardueren inguruko jakintza erakusten dien bezala.
Alde horretatik, Nafarroan zirkua sustatzeko lan handia egin du eskolak. Kanpotik ikasle ugari etortzen direla azpimarratu du Pedradok, baina arte diziplina hori sustraitzen ari bada, ez da ari eskolaren ondorioz bakarrik: «Urtero herririk herri egiten den zirku jaialdiak ere zerikusi handia du horretan». Baina oraindik kontzientziazio mailan lan handia dago egiteko, etxetik hasita. Izan ere, gurasoak askotan traba izaten dira zirkuko ibilbidea garatu nahi duten haurrentzat: «Ez da beste edozein karrera bezain prestigioduna, eta, askotan, arrakastatsuagoak diren karreren aldeko hautua egiten dute». Horregatik, ildo horretan lan handia dago egiteko oraindik. Eta Oreka zirku eskolan horretan ari dira, 2009. urtetik haurrentzako ikastaro jarraituak eskaintzen ari baitira Iruñean. Zirku eskaintza etorkizuna izan dezakeen ibilbidea dela pentsarazteko.
Baionan ere, Oreka
Zirkuko arteak sustatu eta hedatzea da Iruñeko Oreka eskolaren helburu nagusia. Eta xede horrekin sortu zen, 1998. urtean, Baionako Oreka zirku eskola ere. Izen, ekintza eta helburu berak dituzten arren, elkarrekin ez daukate zerikusirik. Berrehun bazkideren laguntza du Baionako Arteeta garagean dagoen eskolak, eta, urte luzeko ibilbide horretan, hainbat jaialdi, ikuskizun eta topaketa antolatu dituzte.
Zirku jardueraren alde positiboak azpimarratzen dituzte bertako kideek: «Zirkua egiteak edozein kirol praktikari lotua zaion interesa ekartzen dio, bistan dena: garapen psikomotorra, arrisku hartzea eta auto-kontrola, mugimenduen menderatzea, oreka, zalutasuna, atsedena, norberarenganako konfiantza, talde espiritua eta abar». Gainera, haur batek ez du porrotaren nozioa sentitzen zirkuarekin, «bera eroso sentitzeko, bere burua osoki adierazteko, balioztatua izateko jarduera bat bederen atzematen duelako beti». Irizpide horiekin lan egiten dute, sinistuta zirkuak onurak ekartzen dituela norberaren garapenerako. Horregatik, haurrekin lan egiten dute batez ere Oreka eskolan, nahiz eta ondoren koxkortzen direnean jarraipena izan dezaketen. Esan daiteke zirkuaren jarduera filosofia bat balitz bezala ikusten dutela.
Urte luzez zirkua sustatzen
Iruñean eta Baionan, Oreka izeneko bi zirku eskola daude. 1999an sortu zuten Iruñekoa, eta 1998an, berriz, Baionakoa; ordutik, inguruan zirku jarduera sustatzen aritu dira biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu