Arkitekturaren ikuspegitik, 2011. urtea oparoa izan zen Euskal Herrian. Eta ez da gutxiagorako, inauguratu ziren eraikinen artean, hiruren balioa onartu baitute nazioartean. Donostiako Basque Culinary Center (BCC), Miarritzeko Ozeano eta Surfaren hiria, eta Bilboko Bilbo Arena ArchDaily Interneteko atariak ematen dituen urteko eraikinik onenaren lehiaketako finalista gisa aukeratu dituzte.
Ez daude elkarrekin lehian, ordea. Izan ere, hamalau kategoria ezberdin bereizten dituzte lehiaketan, eta Euskal Herriko hiru hautagaiak sail ezberdinetan daude. Hala, BCC hezkuntza arloko hautagaia da, Ozeano eta Surf Hiria museo eta liburutegi sailekoa, eta Bilbo Arena azkenik, kirol arkitekturakoa. Sail bakoitzean, bost hautagai daude, eta webguneko bisitariek horietako bakoitzari eman ahal izango diote bozka. Martxoaren 6 arte edukiko dute aukera bisitariek gogokoen duten eraikina aukeratzeko, eta egun horretan bertan emango dituzte irabazleen izenak.
ArchDaily webgune, nazioartean arkitektura arloko erreferentzia da. Egunean 200.000 mila bisita jasotzen ditu, eta arkiteturako egunerokotasuna biltzen du. Urteko eraikinik onenaren sariak 2009an sortu zituzten, eta aurtengo edizioan 345 lehiakide zeuden. Lehen galbahea igarota, une honetan 70 eraikin daude.
Basque Culinary Center. Bost plater, elkarren gainean
Iragan urteko irailean zabaldu zuten Donostiako BCC. Hasieratik inguruneak arazo bat zeukan: malda handia. Donostiako Vaumm estudioak, beraz, desoreka horri aurre egiteko, hainbat solairu proiektatu zituen malda hori konpondu ahal izateko. Solairu horietako bakoitzean, plater bat irudikatu zuten, eraikinak bere baitan jorratuko lukeen ekintzari keinu zuzena eginez. Sarrera ingurunearen mailarik altuenetik dauka, eta beraz, eraikinaren azken solairutik sartzen da bisitaria, inguruneko bistak gozatzeko aukera edukiz.
Inguruneak sortzen zuen zailtasun hori, aukera gisa ikusi zuten Vaumm estudioan, eta era horretan sortu zen BCC. Sarrera ezberdinak dauzka, karga eta deskargarako, ikasleentzako, bezeroentzako... Horretaz gain, patio bat dauka eraikinak, eta bertan baso bat. Etorkizunean begetazioa eraikinaren parte izatea aurreikusten dute Vaummeko arkitektoek.
Surf eta Ozeanoaren Hiria. Hormigoi zuri gainean, surfean
Miarritzek surfarekin harreman zuzena dauka, baita ozeano eta naturarekin ere. Kirola eta natura uztartuko zituen gune bat sortzeko asmoa garatu zuten 2005ean Lapurdiko hirian, eta iragan urteko ekainean zabaldu zuten eraikina. Steven Holl arkitektoaren lana, ozeanoari begira dago. Eraikineko plazak, olatu itxura hartzen du, lantzen duen gaia ardatz hartuta. Hormigoi zuriko lauzekin eginda dago eraikinaren plaza nagusi hori, eta dagoeneko hiritarren elkargune, eta skaterrek euren kirola praktikatzeko gune gisa erabiltzen dute.
Ozeanoen ikerketarako eta surfaren praktikara bideratutako eraikinaren plaza nagusi horrez gain, kristalezko bi bolumen daude, Atlantikoan oinarrituta leudeken bi harroka bailiran. Elementu horiekin, olatuen mugimendua irudikatu nahi izan zuen Holl arkitektoak.
Bilbo Arena. Auzoko berdetasunarekin bat
Bilboko berrikuntzaren parte da Miribilla auzoa. Azken urteetan hainbat etxebizitza berri eraiki dituzte, baina baita kiroletara bideratutako hainbat gune ere. Horien artean dago Bizkaia Arena. ACXT nazioarteko arkitektura estudioak proiektatu zuen, eta eraikina iragan urteko irailean inauguratu zuten. Bere barnealdean kiroldegi bat dago. Besteak beste, saskibaloi partidak jokatzeko gunea dauka —8.500 ikuslerentzako lekua du—, areto futboleko kantxa edo igerileku batez gain.
Eraikina dagoen inguruan parke bat dago, eta fatxadak duen berdetasunak bertako ingurunearekin bat egitea du helburu. Baso bat ere ekar dezake gogora, fatxadaren goialdeko berdetasunarekin, eta egitura eusten duten zutabeen arteko harremana ikusirik. Edozein modutan, harrizko eraikin bat ere badauka pabiloilak, baina horrek ez du eraikinaren integrazioa ekiditen. Barnealdeak, kanpoko kolorea ekartzen du, naturarekiko harremana mantentzeko.
Urteko eraikinik onenen lehian, Euskal Herriko hiru hautagai
Donostiako BCC, Miarritzeko Ozeano eta Surfaren Hiria eta Bilbo Arena dira hiru hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu