Urteko habiara bueltan

Urduñako elizaren tontorrera iritsi dira zikoinak eta negua han pasako dute. Datorren urtetik aurrera, gaztelu inguruetan eraikiko dituzten dorreetan errungo dituzte arrautzak.

Urduñako Familia santua elizatik gertu hainbat dorre eraikiko dituzte zikoinentzako. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Urduña
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Urte hasierarekin batera, Urduñara (Bizkaia) iritsiak dira bederatzi zikoina bikote. Afrika aldetik negua igaro eta arrautzak errutera etortzen dira Euskal Herrikozenbait eraikinetako tontorretara. Urduñan, esaterako, herriko irudi bihurtu dirazango luzeak, urtea hasten denetik uztaila aldera bitartean udaletxeko eraikinean, Familia santuko elizan eta Correoseko eraikineko gailurretan izaten baitira.

Aurten jada 2.000 kilometroko ibilbidea egin ostean, ohiko lekuetan egokitu dira. Datorren urtera begira habiak lekuz aldatzeko ikerketak egiten ari da herriko udala, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, monje Josefinoen arduradunekin eta gotzaingoarekin elkarlanean.

Herriko ikurra

Izan ere, Familia santua elizaren kanpoaldea garbitzeko eta eraberritzeko lanetan aritu dira aurten, eta «eraikina zikintzen joaten da hegaztiak bertan izaten diren hilabeteetan. Teilatuak ere kalteak jasaten ditu hegaztien egin beharrekin eta janari hondarrekin», Asier Andueza udaleko komunikazio arduradunaren arabera. Arazoari irtenbidea ematea beharrezkoa da, «baina herri gunetik ez ditugu aldendu nahi, Urduñako ezaugarri garrantzitsuak baitira zikoinak». Horrela, Familia santutik metro batzuetara lau dorre eraikiko dituzte habiak lekualdatzeko.

Herriko ezaugarri bilakatzeaz gain, turismorako irudi ere bihurtu da azken urteetan zikoina Nerbioi inguruko parajeetan. «Leku osasuntsuaren adierazle gisa erabiltzen dugu zikoina, inguru aberatsetara gerturatzen baitira hegazti horiek», argudiatu du Anduezak.

Segurtasuna lehentasun

Urduña leku haizetsua da eta oraindik orain ezer gertatu ez bada ere, beti dago habiak erortzeko arriskua. «Ezer gertatu baino lehen, herritarren segurtasuna bermatzea ere beharrezkoa da», komunikazio arduradunak adierazi bezala. Elizako gailurretik mugituz, gazteluaren inguruan eraikiko dira metalezko dorreak, habiak jartzeko plataforma egokiak izango dituztelarik gailurrean.

Lekualdatzea egitea, ordea, ez da egun batetik besterako mugimendua izango, zikoinek bizi osoan bikote berarekin eta toki berean erruten baitituzte arrautzak. Foru Plazatik gaztelu inguruetara mugitzeko, beraz, denbora igaroko da, «arrautzak jartzen dituztenean, toki berrira mugitzen saiatuko gara, arrautzen bila joan eta dorre berrira ohitu daitezen», adierazi du Anduezak.

Urte askoan iritsi izan dira zikoinak Urduñako Foru Plazako inguruetara. 1963. urtean, ordea, haizete batek habiak bota eta suntsitu ostean, 28 urte eman zituzten neguko bizilekua bisitatu gabe. 2001. urtean, udaletxeko eraikinean habi berri bat ipini zuten eta zikoinek Urduñarako bidea hartu zuten berriz. Orduz geroztik, urtero etorri ohi dira egunak hozten hasi bezain pronto.

Elikagaia topatzeko ingurune egokia aurkitua dute zikoinek Nerbioi ibaia eta Urduñako mendietan. «Inguru oso garbia da Urduña aldea, naturarekin kontaktuan bizi gara eta zikoinak ugaltzeko toki paregabea da», Asier Anduezaren arabera.

Urduñak zikoina kolonien pausaleku eta habia izaten jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.