Nahiz eta programazioaren tarte handi bat errepikapenekin bete, ETBk urteko ikusle portzentajerik onenak lortu ditu abuztuan. ETB1ek %4,7ko batez bestekoa eskuratu du -uztailan baino sei hamarreko gehiago-, eta ETB2k %15,8koa -uztailan baino puntu bat eta bi hamarreko gehiago-. Arabako, Bizkaiko eta Giuzkoako datuak dira horiek. ETBko bi kateen ikusleak batuta, bestalde,FORTAko beste telebistak baino datu hobeak lortu dituzte abuztuan. Kataluniako telebista publikoak %18,8ko ikusle izan du, eta Galiziakoak %14,4koa.
ETB1eko ikusleen datuetan, nabarmentzekoa da 2006-07ko denboraldiko hainbat hilabeteetan %4ko batez bestekotik behera ibili dela eta abuztuan igoera nabarmena izan duela. Kirol emanaldiek (batik bat pilota partidek) eragin zuzena izan dute igoera horretan. Gainera, lau eta hamabi urte bitarteko neska-mutikoen artean ETB1eko haur programazioak %30,5eko ikusle kuota izan du.
ETB2 katean, bestalde, Vaya semanita-ren errepikapenek %23,5eko batez bestekoa eskuratu eta bere ordutegian lidergoa lortu dute. Teleberri albistegiak %21,5eko ikusle kuota izan du abuztuan: %20,6 eguerdikoak eta %22,6 gauekoak. Arratsaldetako Pásalo magazinak eta zinema emanaldiek ere datu onak izan dituzte, ETBko gaztelaniazko katean. Adituek diotenez udan telebista kontsumoa askoz handiagoa da adineko pertsonen artean.
TELE5 BEHERA, BAINA LIDER. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 kateak jarraitzen du lidergoan, baina duela hilabete batzuk baino askoz portzentaje txikiagoa du orain (%22,3).
Espainian, berriz, hilabeteko liderra izateko minimo historikoa izan du Tele5k: %19. Antena3 kateak gora egin du, eta lidergotik puntu batera gelditu da abuztuan: %18. TVE kateak, berriz, %17ko batez bestekoa izan du. Cuatrok behera egin du bigarren hilabetez, eta %7,3 ikusle izan ditu. La2ek %5,2ko batez bestekoa eskuratu du, eta La Sextak %3,7koa.
Gaikako kateek inoizko daturik onena lortu dute abuztuan: %12. Hori aintzat hartuta, hiru kate nagusiek (Tele5, Antena3, TVE1) batera inoizko pantaila kuota txikiena izan dute: %54.
Urteko ikusle portzentajerik onenak lortu dituzte abuztuan ETB1ek eta ETB2k
ETB1 sei hamarreko igo da azkeneko hilabetean (%4,7), eta ETB2 puntu bat eta bi hamarreko (%15,8)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu