Asteburuko proposamenak

Urteurrena, Kukutzatik kanpo

Bilbo. Gaur hasi, eta igandera arte X. Nazioarteko zirku topaketak egingo dira Errekalde auzoan

Koblakari malabaristen elkarteko bi kide nazioarteko topaketak aurkeztu zituzten egunean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Zirku artisten nazioarteko X. topaketak hasiko dira gaur, Koblakari malabarista elkarteak antolatuta. Igandera arte iraungo duen aurtengo jaialdia urteurren gisa hartu beharrean, ordea, oroimenerako eta eskaintzarako bideratuko dute Koblakariko kideek. Izan ere, hamar urte horietan guztietan harreman zuzena izan dute topaketek iragan irailean eraitsitako Kukutza gaztetxearekin, bertan egin baitira topaketa guztiak, eta elkarteak ere bertan zeukan egoitza nagusia. Urteurreneko eskaintza hori, beraz, Errekalde auzoari, «horrenbeste zigorren ostean alaitasun pixka bat merezi duelako», eta Kukutzari ere eskaini nahi izan diote antolatzaileek, «gaztetxea posible egin duten guztiei».

Urteroko topaketak egiteko lekurik gabe geratu eta gero, alternatiba bila aritu dira Koblakari elkarteko kideak, eta aurtengo jaialdia kalean egingo dute, Errekalde auzoko plazan, hain zuzen ere. Baina aterpearen babesa ere izango dute, bihar 20:00etan egingo den zirku gala handia Campos Eliseos antzokian egingo baita. Zirku jaialdia, berriz, gaur hasiko da, 20:00etatik aurrera egingo den Zaragozako zirku gauarekin batera.

Malabarismoa herritarrei hurbiltzeko ahalegina ere izango da, bihar goizean egingo dituzten ikastaroei esker. Eguerdian, kale antzerkia egingo dute, eta horren ostean, herri bazkaria eta zirku ikuskizuna 18:00etan. Larunbatean, kalejira izango da goizean, eta herri bazkariaren ondoren, kale antzerkia eta Koblakariren zirku gaua izango da, 20:00etan. Topaketak igandean amaituko dira, goizeko hamaiketan egingo diren olinpiadekin eta amaiera ekitaldiarekin.

Erreferentziazko topaketak

Hamar urteko ibilbidean, milaka ikastaro eta tailer eskaini dituzte, eta «milaka pertsona pasatu dira bertatik», elkarteko kideen hitzetan. Iberiar penintsulako zirku topaketa nagusia antolatu dute hamar urtez, erreferentziazko topaketak bihurtuz. Hori dela eta, «Koblakari proiektua Euskal Herriko zirku sortzaileen harrobi eta gune nagusietakoa bihurtu dela esan dezakegu».

ZIRKU TOPAKETAK

Non. Bilbon.

Noiz. Gaurtik igandera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.