Urteurrenerako eraitsia

Errekalde zumarkalean zegoen RAG eraikina botatzen amaituko dute aste honetan. Bilboko erdigunean geratzen zen eraikin industrial arrazionalista bakarra zen gaur egun.

Hondeamakina, eraikina botatzen; aste honetan bukatuko dituzte lan horiek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Laurogei urte beteko zituen aurten. Urteurrena, ordea, ez du zutik ezagutuko Bilboko erdigunean (oraindik) dagoen RAG eraikinak. Diego Basterra arkitekto bilbotarrak XX. mende hasieran diseinatu zuen, eta erdigunean zutik geratzen zen eraikin industrial arrazionalista bakarra zen. Eraikina ez dago erabat eraitsita oraindik, baina aste honetan dira amaitzekoak. Behin lan horiek amaituta, lurra garbitzeko lanak hasiko dira, berrogeita hamar urtez baino gehiagoz gasolindegi bat egon baitzen hor, eta, ondoren etxebizitzak eraiki behar dituztenez, kutsadurarik gabe utzi behar da lurra. Lan horiek hainbat hilabetean egingo dituzte, eta ondoren hasiko dira etxebizitzak eraikitzen.

Alondegi parean hondakinez beteta geratu da 2.268 metro koadroko lurzorua, eta etorkizunean egingo diren etxebizitzak BBVA bankuak bideratuko ditu, huraxe baita lurzoruaren jabea. Eraikin berria lau edo bost urteren buruan amaituta egotea espero dute. Era horretan, Bilboko erdiguneko azken hirigintza proiektu handia amaituta egongo da.

Denetariko iritziak

Hiriaren erdigunean dagoen eraikina botatzeko lanek bizilagunen ikusmina piztu du; aldeko eta aurkako iritziak daude. «Historia bat daukaten eraikinak galtzea, gure hiriaren memoria galtzea bezala da. Hori egin dute eraikin honekin; ez da gordetzeko nahi eta gogorik egon», dio lanei begira dagoen Antonio Garciak. Orain dela hamar urte, ordea, RAG eraikinean zegoen gasolindegia ixteko protestak egin zituzten, osasun publikoarentzat kaltegarria izan zitekeelako. Negozioa duela sei urte itxi zuten, udalaren eta jabeen arteko akordio bati esker. Itxieraren truke, lurrei kalifikazioa aldatu zion udalak, etxebizitzetarako erabilera izan zezan. «Parean duen Alondegian egin bezala, fatxadari eustea bazeukaten, eta gero barnetik berritu. Baina ez zen interesgarria izango, ziurrenik...», borobiltzen du tristuraz gizonak. Albotik igaro den emakume batek eraikin berri baten beharra nabarmendu du, «pabiloi hori Bilbo erdigunean hutsik egotea, espazioa alferrik galtzea da».

2005ean RAG eraikinean zegoen gasolindegia eta Audi auto markaren salmenta puntua itxi zituztenean, Urvasco eta Vizcaina de Edificaciones eraikin enpresek goi mailako arkitekto bati eskatu zioten han etxebizitzak egiteko: Jean Nouvel frantsesari, hain zuzen ere. Gisa horretan, Bilbon eraikin bat daukaten arkitekto handien zerrenda handituko zen; baina krisia iritsi zen, eta proiektuak bertan behera geratu behar izan zuen. 2010ean hartu zuen BBVAk lurraren jabetza bere gain, etxebizitzak eraikitzeko «interes handia» baitzeukan bankuak, garai hartan adierazi zuen gisan. Hutsik geratu den lurzoruan ez du arkitekturako izar batek etxebizitzarik eraikiko, beraz, baina banketxetik jakinarazi zutenaren arabera, etxebizitza berriak ez du «inongo distira faltarik izango».

XX. mende hasierako eraikuntza arrazionalarekin ez du zerikusi handirik izango etorkizunekoak. «Hutsune arkitektoniko handi bat geratuko da Bilbon», Garciaren esanetan. Hiriaren berpiztea arkitekturako izar handien eskutik iritsi dela nabarmendu du, baina izan direnak «ahaztu ditugula dirudi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.