Ez dira inauteriak, baina badute haien antzik. Urteko azken gauean mozorrotzeko ohitura dute Euskal Herriko hainbat herritan, eta hedatuz doan ohitura da, gainera. Iruñean, adibidez, 1980. hamarkadatik dator tradizioa. Zenbait koadrila hasi ziren ohitura horrekin, jolas gisa, eta egun oso zabalduta dago Urtezaharrean mozorroa hartuta kalera ateratzeko ohitura. Baina Nafarroako hiriburua ez da ohitura hori bere egin duen hiri bakarra. Erriberako eta Lizarra aldeko (Nafarroa) hainbat herritan eta Getxon (Bizkaia) ere ikus daitezke 31 gauean maskara eta mozorroak. Ongi pasatzea da helburua.
Ohitura gutxi gorabehera berria izanik, urtezaharrean, inauterietan ez bezala, ez da herrian herriko janzkera propioz janzteko ohiturarik. Beraz, erosi egiten dituzte askok beren jantziak, eta, dirudienez, aurten Lady Gaga abeslariaren mozorroa izango da arrakastatsuenetako bat. Hori, eta baita marrazki bizidun ezagun batena ere. Bi horiek dira, behintzat, salduenak, mozorro dendetako langileek diotenez. Kexu dira, ordea, aurten aurreko urteetan baino salmenta gutxiago izan dituztelako. Litekeena da, beraz, jendeak soineko berriak erosi beharrean, armairutik mozorro zaharrak hartzea.
Klasikoek ere izango dute lekurik, halere. Mediku, pirata, baserritar eta era guztietako animaliak. Halako hamaikaz beteko dira urteko azken gauean Euskal Herriko hainbat herritako kaleak. Emakumez jantziriko gizonak eta gizonez jantziriko emakumeak ere ez dira faltako, noski. Bakoitzaren irudimena da muga, eta izango da egungo politika eta kultur munduko pertsonaia ezagunez jantziko denik ere, urtea beste inoren larruan hasteko. Hurrengo eguna, baina, norberarenean pasa behar.
Asteburuko proposamenak
Urtezaharreko inauteriak
Mozorrotzea ohitura da zenbait herritan, baina gero eta leku gehiagotan egiten da urteko azken gauean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu