Aldaketa gutxi dakartzate aurten Baionako bestek; egutegian, aldaketa txiki bat bertzerik ez dute egin. Usaian abuztuan bukatzen dira bestak, baina uztailaren 31n bukatuko dira aurten, igandez, uztailaren 27an abiatu ondoren. Jean Grenet auzapezak aurkeztu du egitaraua, nabarmenduz aurtengo berrikuntza nagusia zezenketen itzulera izanen dela. Eta larunbat eta igandez bakarrik.
Aurrekontuari dagokionez, herriko etxeak duen galera egonkortu dela dio Grenetek, segurtasun atala ez bezala. Aurten 2,1 milioi euroko aurrekontua ukanen dute Baionako bestek, 1,5 milioi segurtasun atalerako baliatuko direlarik. Alegia, bestetarako xahutuko diren lau eurotik bat baino ez da izanen egitaraua aberasteko. Gaineratekoa Polizia, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak ordaintzeko baliatuko da. Eta urtez urte sail hori emendatzen dela nabarmendu du Grenetek.
Aurrekontua bertze bisa batera ulertu ahal izateko, erran daiteke animazioetan xahutzen den dirua laguntzaileen eskutik eta ordainketen bidez estaltzen dela, segurtasun atal osoa gelditzen delarik diru iturririk gabe. Eta azken horrek mugatzen du aurrekontua eta diru gehiago baliatzea berez aski urria den egitaraua aberasteko.
Baso berria
Bertze berrikuntza txiki bat izanen da aurten, behin baino gehiagotan erabil daitekeen plastikozko basoaren erabilpena, baso berria deitu dutena. Berria diote, nahiz eta Baionako elkarte eta talde anitzek aspalditik baliatzen duten, bereziki euskal giroan edo ingurumenaren aldeko elkarteetan. Alta, Baionako Herriko Etxeak ostatuen jarduera zorrotz mugatzen eta baldintzatzen duten neurriak hartu ditu azken urteotan. Batetik, besta goizeko hiruretan bukatzen da gauero, eta tenore horretan itxi ezean, isuna daukate ostalerrek. Kanpoko musika ere apalarazi diete. Eta, bestetatik at, ostatuen ordutegia zorrotz murriztu dute.
Guztia kontuan hartzeko eskatu zioten ostalerrek Baionako auzapezari, baina hark ez du eskaria onartu. Baso berria ez zutela baliatuko adierazi zuten ostalerrek, auzapezaren neurria ez betetzeko mehatxu eginez. Mehatxu horiek desagertu direla erran du Grenetek, eta ostaler guztiek onartu dutela neurria azkenean.
Iaz ez bezala, aurten zezenketak presente egonen dira Baionako bestetan. Larunbat eta igandean, zehaztu du Grenetek. Iaz zezenketak bestetako egitarautik at uztea deliberatu zuen herriko etxeak. Baina jende gutxiegi joan zen zezenketara, eta aurrekontua orekatzeko, bederen bi egun Baionako besten egitarauan kokatzea hobetsi du herriko etxeak.
Aurreikuspena indartu
Besta ederragoa izan dadin aurreikuspena handitu behar dela azaldu zuen Martine Bisauta Baionako hautetsiak. Gauetan irekitzen dituzten informazio eta babes guneak arratsalde hastapenetik irekiko dituzte aurten, jendeari informazioa emateko; izan dadila drogei buruz, garraioari buruz informazioa emateko edo preserbatiboak banatzeko.
Besta giroa ez da egitarau ofizialaren beha egonen. Izan ere, asteartean berean Baionako karrikak saltegi erraldoi bihurtuko dira; izan ere, merkealdiaren ondotik saldu ez dituzten salgaiak prezio apalagoan saltzeko baliatzen dute eguna Baionako saltzaileek. Eta aukera horrek urrutiko saltzaileak eta erosleak erakartzen ditu.
Asteazkena kirolaren eguna izanen da. Besta iragarriko duen lasterraldiak hartuko ditu Baionako karrikak. Eta munduko piper-moleta txapelketa eginen dute ondoren, hiriko karrikak hemengo laborarien mozkinen lurrinaz betez. Egunean berean, bi pantaila erraldoi ezarriko dituzteBaionako merkatuan eta Errepublika plazan, besten irekitzea zuzenean segitu ahal izateko. Asteazken gauean Yves Salaberri Xala izanen da gomitatu berezia herriko etxeko balkoian, besten irekitze ofizialean. Bestarako prestaketak nabari dira dagoeneko herriko karriketan.
Usaian ez bezala, aurten Baionako bestak uztailean eginen dira
Uztailaren 27tik 31ra izanen dira, eta zezenketen itzulera izanen da aurtengo berrikuntza nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu