Asteburuko proposamenak

Usopop jaialdian egitarau oparoa

Sara. Rover bakarlariak, Ruper Ordorikak, Islaiak eta Aloe Vera DJak parte hartuko dute jaialdian

Ruper Ordorikak bere azken diskoa aurkeztuko du Sarako Usopop jaialdian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Usopop jaialdiaren bigarren aldia iraganen da larunbat honetan Saran (Lapurdi). Usaian bezala, antolatzaileek ezohiko egitarau bat prestatu dute neguko jaialdirako. «Festibala sortu dugunetik, Euskal Herriko talde bereziei lekua egitea da gure asmoa, musika independente eta alternatiboari bultzada bat eman nahirik aldi berean», erran du Patxi Dutournier Usopop elkarteko kide eta antolatzaileak. Ipar Euskal Herrian oholtza gainean gutxitan ikus daitezkeen taldeez gozatzeko parada izanen da, beraz.

Atzerriko taldeen sorkuntzak ezagutzeko aukera izanen da era berean. Dutournierek erran duenez, kanpoko eta bertako taldeen arteko topaketa bat antolatzea da festibalaren beste helburuetako bat. «Taldeen arteko ezagutzak bultzatu nahi ditugu. Bertakoak eta kanpokoak elkar ezagutaraziz musika egileek balio komun batzuk partekatzen dituztela erakutsi nahi izan dugu».

Usopop Baleapop jaialdiaren ondotik sortu da. Bi jaialdietan, ama lurra eta itsas amarekiko harremanak garatzea nahi da, baita belaunaldi ezberdinen arteko ezagutzak bultzatzea ere. Horren erakusle da udako Usopop festibala Sarako mendi batean iragaten dela, Lizarrieta oihanean hain zuzen ere. «Sarako ondarea eta ingurumena baliatu nahi izaten dugu ekintza originalak egiteko», adierazi du Dutounierek.

Berrikuntzak

Jaialdiak aurten dakarren berrikuntza nagusietako bat bertako elikagaien ekoizpenari leku berezia egitea da. Lur Berri aretoan hasiko da gaualdia, eta, bertan, Sarako sagardoa eta Hazparneko Bob's Beer garagardoa dastatzeko aukera izanen da, beste elikagai batzuen artean. Berrikuntzekin jarraikiz, udako jaialdiari begira aldaketa batzuk egiteko asmoz hausnartzen ari dira antolatzaileak: «Beharbada, usaiako ibilmoldea aldatuko dugu, egun bat baino gehiago iraungo duen jaialdia proposatuz. Ez dugu oraino finkatu», erran du Dutournierek.

Larunbatean iraganen den jaialdia bi zatitan antolatu dute. Lur Berri aretoan, Rover bakarlari paristarrak jaialdiari hasiera emanen dio. Ondotik, Ruper Ordorika oñatiarrak bere azken diskoa aurkeztuko du, Odeien azpian deitua. Gaztetxean Islaia Hazparneko rock taldearen ikuskizunaz gozatzeko parada izanen da, eta, ondoren, Aloe Vera DJ set izanen da.

USOPOP JAIALDIA

Non. Saran (Lapurdi).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.