Aurreikuspenek ez dute bete-betean asmatu. Iragarpenek esandakoa baino arinago ari dira urtzen Groenlandiako eta Antartikako izotz geruzak, NASAk egindako ikerketa baten arabera. Horrek itsas mailaren gorakadan eragingo duela ohartarazi du espazio agentziak, gainera.
Ikerketaren bidez erakutsi dute poloetako izotz geruzak mendietako glaziarrak baino abiadura handiagoan ari direla urtzen. Adibide zehatzak eman dituzte hori frogatzeko. 2006. urtean, poloek 475 gigatona masa galdu zuten, eta horrek munduko itsas maila 1,3 milimetroigo zuen. Mendietako glaziarrek ere atzerakada handia izan zuten, eta 402 gigatona galdu zituzten.
Ez da hori datu kezkagarri bakarra, ordea. Urtero zifra hori gehitzen doala ondorioztatu baitute ikerketan. 1992tik 2009ra bitartean, satelite bidez datuak jaso eta aztertu egin dituzte, eta ikerketak iraun duen denboran poloetako kaskoetako izotz geruzek batez beste aurreko urtean baino 36,3 gigatona konbinatu gehiago galdu dituzte.
«Ez da harritzekoa etorkizunean itsas mailak goraka egitea izotz geruzak urtzearen eraginez». Azterketaren egilearen, Eric Rignoten hitzak dira. Kaliforniako unibertsitatean lan egiten du zientzialari horrek, eta dio aintzat hartu behar dela izotz geruzek mendietako glaziarrek baino «izotz masa handiagoa» dutela.
Baina harridura ere sortu dio ikerketaren emaitzak Rignoti. «Itsas mailak gora egitearen arrazoi nagusia, dagoeneko, izotz geruzak urtzea da. Eta hori harrigarria da», aitortu du Rignotek. Hemendik urte batzuetara, bai, baina, egun, oraindik, ez zuten espero horrelakorik.
Gaur egungo joerak jarraituz gero, zientzialariak esan du klima aldaketa aztertzen ari den aditu taldeak 2007an esandakoa baino gehiago igoko dela itsas maila.
Ezarian. Zientzia
Uste baino azkarrago ari dira urtzen poloetako geruzak
2006an poloetako izotz geruzek 475 gigatona galdu zituztela ikusi NASAk ikerketa baten bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu