Zaila bada, badago lortzea» dio Urtz taldearen abesti ezagunak, eta Etiopia-Utopia Angel Olaran misiolariaren fundaziotik ari dira pixkanaka zaila dena posible bihurtzen. Ari dira norbanakoen eta erakunde publikoen zein pribatuen konpromisoa lortzen, eta hasi dira gizartean euren lekua egiten. Nahiz eta erakunde gaztea den, erakusten ari dira Etiopian amets utopikoentzako lekua ez ezik, badagoela ere etorkizunerako beta.
Gabonetako kontsumismo grinaz baliatuz, gobernuz kanpoko erakundeak denda bat ireki du Donostiako Bretxa merkataritza gunean. Urtarrilaren zortzira arte izango dute zabalik, Imanol Apalategi fundazioko zuzendariaren arabera, «denda duin eta txukuna». Haurrentzako gune bat ere ireki dute, gurasoak erosketan dauden bitartean «umeak margotzen eta irakurtzen lasai egoteko».
Gabonetako erosketak egiteko toki ezin aproposagoa da, denetik aurkitu baitaiteke. Badira sukaldaritza liburuak, koadernoak, karrakak; baita arropa eta turroiak ere. Elkartasunean finkaturiko produktuak dira, Apalategik zehaztu duenez: «Gabonetako kontsumismo hertsagarrian kontzientzia garbiaz erosteko aukera ematen dugu, diru guztia gure proiekturako da eta».
Denda bera nahikoa erakargarri izango ez balitz ere, makina bat ekitaldi antolatu dituzte egunotarako. Dendan egon dira Porrotx eta Marimotots pailazoak edota Andoni Luis Aduriz sukaldaria, argazkiak ateratzen eta liburuak sinatzen. Pedro Subijana, Jose Juan Castillo eta Juan Mari Arzak sukaldariak ere liburuak sinatzekoak dira. Bestetik, hilaren 30ean eta 31n, barrenak berotzeko, ardo beroa salduko dute.
Irribarreak proiektua
Etiopia-Utopia dendan ateratako etekin ekonomiko guztia Irribarreak proiektura bideratuko dute. Proiektuaren helburua Etiopiako Wukro hiriko lehenengo hortz klinika irekitzea da. 4.500.000 biztanle dituen Tingray eskualdean dago hiria, eta eskualde guztian ez dago dentista bat bera ere. Aho arazoen eraginez milaka pertsona hiltzen dira urtero Etiopian; eta Irribarreak proiektuaren bidez, han lan egingo duten dentistak eta higienistak prestatu nahi dituzte.
Irribarreak proiektuaz aparte, badira Etiopia-Utopian lantzen ari diren gehiago ere. Fundazioa kirol arloko zenbait proiektutan murgilduta dago. Behobia-Donostia lasterketan erakundeko etiopiar batzuk aritu zirenean, utopiaren harresietako bat bota zen.
Baina Behobia-Donostiakoa proiektuaren zati ñimiño bat besterik ez da; helburu nagusia Wukron kirola sustatzea da. Fundazioa gogo betez ari da hori lortzeko bidean: kirol hornikuntzak hobetzeko lanetan ari dira, gazteen elikadura zaintzen dute eta etorkizunerako hezitzaileak hezten ari dira. Horrez gain, Apalategik argitu duenez, ikerketa kultural bat egiteko asmoa dute, «kolonialismoaren kontrolpetik kanpo irauten duten kirolak berreskuratzeko».
Etiopia-Utopia fundazioaren lanak polikiro Wukroko biztanleei euren etorkizuna argitzeko aukera eman die. Etorkizun ilunari aurre egin, eta ezkortasuna itxaropen bihurtu dute. Utopiaren indarra da, etiopiarren Olentzero.
Utopiaren indarra
Etiopia-Utopia fundazioak denda bat ireki du Donostiako Bretxa merkataritza gunean, urtarrilaren 8a bitarte; Wukro hiriko lehen hortz klinika ireki nahi dute bildutakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu