Donostiako Aste Nagusia

Valenciana su etxeak irabazi du Donostiako Suen Nazioarteko 58. Lehiaketa

Epaimahaiaren arabera, azken urteetako lehiaketarik onenetakoa izan da aurtengoa. Bigarren saria Herbehereetako Caffero Event-ek jaso du

Donostiako su festen lehiaketako irabazleak, atzo, Viktoria Eugenia antzokian. GOTZON ARANBURU / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Donostian, su festen nazioarteko lehiaketan, makina bat aldiz atera dira garaile Valentziako (Herrialde Katalanak) su etxeak, eta aurten ere hala gertatu da: Valenciana su etxeak bereganatu du Urrezko Maskorra —7.000 euroko saria da—. Zilarrezko Maskorra—5.250 eroko sarikoa— Caffero Event Firework Herbehereetako enpresak lortu du. Eta hirugarren saria, hau da, Brontzezko Maskorra, Italiako Scarsella Fireworks su etxeak jaso du —3.500 eurokoa da saria—.

Donostiako Aste Nagusian ikusi diren suen kalitate handia azpimarratu du Epaimahai Ofizialak: «Oso aste ona izan da. Bildumen kalitatea eta su etxeek aurkeztu duten produktuen ezohikotasuna aipatzekoak dira». Azkeneko urteetako lehiaketarik «onenetakoa» izan dela goraipatu du epaimahaiak. «Horrek berresten du Donostiakoa Europako su lehiaketarik onenen artean dagoela».

Epaimahaiak, beste alde batetik, adierazi du oso zaila izan dela lehen hiru su etxeen artean bat aukeratzea. «Erabakia zaila izan da; borroka handiko lehia izan da. Su etxe guztiek oso maila ona erakutsi dute, eta egunez egun su ikuskizunekin gozatu ahal izan dute herritarrek».

Gazteen saria

Valenciana su etxea Urrezko Maskorra irabazteko faboritoen artean zegoen. Izan ere, azkeneko urteetan makina bat sari irabazi ditu enpresa horrek —tartean, Tarragonako (Katalunia) Suen Lehiaketako lenen saria, eta Logroñoko (Espainia) Nazioarteko Su Lehiaketa—. Iaz, gainera, lehen saria lortu zuen Bilboko Aste Nagusian. Suen zaleek Bizkaiko hiriburuko ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute egunotan.

Donostiako Aste Nagusiko su festak, aldiz, atzo gauean amaitu ziren, Madrilgo Vulcano etxearen ikuskizun piromusikalarekin.

Aipatzekoa da, beste alde batetik, epaimahai ofizialak emandako sariez harago, epaimahai gazteak Super Amara saria eman diola Herbehereetako Caffero Event Fireworks su etxeari. Epaimahai gazteak zera adierazi du su etxe horren ikuskizunaz: «Bildumaren originaltasuna, kolorearen diseinua, koloreak eta formak konbinatzeko modua nabarmentzekoak izan ziren. Eta azkeneko traka, zarataz harago, konbinaziorik onena erakutsi zuena izan zen». Herbehereetako su etxeak keinu berezi bat egin zion Gipuzkoako hiriburuari. Hori ere aipatzekoa dela iruditu zaio epaimahai gazteari: «Donostiako banderaren efektua sortu zuten, hiriari keinu eginez, eta hori ere nabarmentzekoa iruditu zaigu».

Aurreneko aldia da Herbehereetako Caffero Event Fireworks su etxeak Donostiako nazioarteko lehiaketan parte hartzen duena, eta bi sarirekin itzuliko da bere herrira: Zilarrezko Maskorra eta Gazteen Epaimahaiak ematen duen Super Amara saria. Astelehen gauean jaurti zituzten suak, eta herritar asko zur eta lur utzi zituzten herensuge habiekin eta beste osagai berritzaile batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.