Donostiako Aste Nagusia

Valenciana su etxeak irabazi du Su Festen 58. Nazioarteko Lehiaketa

Epaimahaiaren arabera, azken urteetako lehiaketarik onenetakoa izan da aurtengoa. Bigarren saria Herbehereetako Caffero Event Fireworks enpresak jaso du

Lehiaktako irabazleak, gaur, Donostian. GOTZON ARANBURU / FOKU
urtzi urkizu
2023ko abuztuaren 19a
15:02
Entzun

Donostian, su festen nazioarteko lehiaketan, makina bat aldiz atera dira garaile Valentziako (Herrialde Katalanak) su etxeak, eta aurten ere hala gertatu da: Valenciana su etxeak bereganatu du Urrezko Maskorra —7.000 euroko saria da—. Zilarrezko Maskorra —5.250 eroko sarikoa— Caffero Event Firework Herbehereetako enpresak lortu du. Eta hirugarren saria, hau da, Brontzezko Maskorra, Italiako Scarsella Fireworks su etxeak jaso du —3.500 eurokoa da saria—.

Epaimahai Ofizialak Donostiako Aste Nagusian ikusi diren suen kalitate handia azpimarratu du: «Oso aste ona izan da. Bildumen kalitatea eta su etxeek aurkeztu duten produktuen ezohikotasuna aipatzekoak dira». Azkeneko urteetako lehiaketarik «onenetakoa» izan dela goraipatu du epaimahaiak. «Horrek berresten du Donostiakoa Europako su lehiaketarik onenen artean dagoela».

Epaimahaiak, beste alde batetik, adierazi du oso zaila izan dela lehen hiru su etxeen artean bat aukeratzea. «Erabakia zaila izan da, lehia borrokatua izan da oso. Su etxe guztiek oso maila ona erakutsi dute, eta egunez egun herritarrek su ikuskizunekin gozatu ahal izan dute».

Gazteen saria, Herbeheretara
Valenciana su etxea faboritoen artean zegoen Urrezko Maskorra irabazteko. Izan ere, azkeneko urteetan makina bat sari irabazi ditu enpresa horrek —tartean, Tarragonako (Katalunia) Su Festen Lehiaketako lehen saria, eta Logroñoko (Espainia) Nazioarteko Su Lehiaketa—. Iaz, gainera, lehen saria lortu zuen Bilboko Aste Nagusian. Su festen zaleek Bizkaiko hiriburuko ikuskizunekin gozatu ahalko dute egunotan.

Donostiako Aste Nagusiko su festak, aldiz, gaur gauean amaituko dira, Madrilgo Vulcano etxearen ikuskizun piromusikalarekin.

Aipatzekoa da, beste alde batetik, epaimahai ofizialak emandako sariez gain, epaimahai gazteak Super Amara saria eman diola Herbehereetako Caffero Event Fireworks su etxeari. Epaimahai gazteak zera adierazi du su etxe horren ikuskizunaz: «Bildumaren originaltasuna, kolorearen diseinua, koloreak eta formak konbinatzeko modua nabarmentzekoak izan ziren. Eta azkeneko traka, zarataz harago, konbinaziorik onena erakutsi zuena izan zen». Herbehereetako su etxeak keinu berezi bat egin zion Gipuzkoako hiriburuari. Hori ere aipatzekoa dela iruditu zaio epaimahai gazteari: «Donostiako banderaren efektua sortu zuten, hiriari keinu eginez, eta hori ere nabarmentzekoa iruditu zaigu».

Aurreneko aldia da Herbehereetako Caffero Event Fireworks su etxeak Donostiako nazioarteko lehiaketan parte hartzen duena, eta bi sarirekin itzuliko da bere herrira: Zilarrezko Maskorra eta Gazteen Epaimahaiak ematen duen Super Amara saria. Astelehen gauean jaurti zituzten suak, eta herritar asko zur eta lur utzi zituzten herensuge habiekin eta beste osagai berritzaile batzuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.