Un Ballo in Maschera Giuseppe Verdiren opera izango da aurten Donostiako Musika Hamabostaldiko hitzordu entzutetsuenetakoa. Lan horrek zabalduko du gainera, Kursaaleko Auditoriumeko produkzio handien egitaraua, abuztuaren 16an; 18an eta 20an saioa errepikatuko dute. Bakarlarietan Francisco Casanova, Ana Maria Sanchez, Vassily Gerello, Elena Zaremba eta Ofelia Sala ariko dira, Donostiako Orfeoiaren ahotsek eta Euskadiko Orkestraren musikak babesturik. Jesus Lopez Cobosek zuzenduko ditu musikariok.
Verdiren opera emanaldi handien hasiera izango den arren, abuztuaren 5arekin abiatuko da Hamabostaldia,orkestra handiak ez diren beste formato interesgarriak gustuko dituenarentzat eskaintza oparoarekin. Ohi bezala Donostiako agertoki askotan kontzertuak emanez hasiko da musika jaialdia, eta egun horretan bertan AntzinakoMusika Zikloari ekingo diote. La Risonanza izango da nagusi ziklo horretan, hiru kontzertu emango baititu. Heinrich Biber (1644-1704) konpositorea omenduko du haren heriotzaren hirugarren mendeurrenean. Marc-Antoine Charpentier (1643-1704) konpositorea ere izango da aurtengo omenduetako bat, hori ere hil zela 300 urte bete baitira. Ganbera Musika Zikloak hartuko ditu bere konposizioak Peñaflorida kaperaren eta Orkestra Barrokoaren eskutik. Ganbera musikaren baitan izango da beste aipagarririk. Jordi Savall viola da gamba jotzaile ezagunak Bachen eta haren garaiko konpositoreen obrekin osatuko du errepertorioa. Dudarik gabe, musikazaleek galduko ez duten emanaldia izango da. Wayne Marshall pianista eta Carlos Mena kontratenorra ere aipatzekoak dira ziklo horretan. Omenduekin jarraituz, tarte berezia egin nahi izan zaio aurten Javier Bello Portu musikari zendu berriari. Joan den otsailaren 13an hil zen.Konpositorearen obra ezagutaraziko dute lehen egunean, eta horrez gain, Musikenen mahai-ingurua emango dute bere lanaren eta bizitzaren inguruan. Formatu handiko eskaintza, berriz, Un Ballo in Maschera-rekin hasi eta irailaren 6ra arte, ia etenik egin gabe egunero egongo da orkestra handiren baten jarduna Kursaaleko Auditoriumean.Beste bi opera ere hartuko ditu Kursaalak, baina horiek kontzertu bertsioan.
Semion Bytxkov eta bere orkestra
Straussen Elektra Semion Bytxkov ezagunak zuzenduko du titular den orkestrarekin, Koloniako WDR Sinfonikoarekin. Rossiniren La Donna del Lago, berriz,Riccardo Frizzak zuzendurik, abeslari handiak ditu protagonista: Daniela Barcellona eta Juan Diego Florez. Pablo Sarasate Orkestrak eta Iruñeko Orfeoiak lagunduko dituzte, irailaren 1ean. Hilaren 4an Iruñeko Baluarten emango dute.
Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa Valerie Gergievek zuzenduko du eta London Orkestra Filarmonikoa Vladimir Jurowskik daude orkestra handien artean, eta Euskadiko Orkestrak, Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, Brahmsen Requiem-arekin amaituko du aurtengo jaialdia, irailaren 4an eta 6an. Bi kontzertuok iragarririk zegoen Mahlerren 8. Sinfonia ordezkatuko dute. Gary Bertini zuzendariak jarritako baldintza teknikoak zirela-eta egitaraua aldatu behar izan zuten, Berliozen Requiem-arekin ordezkatuz, baina Bertinik uko egin zion obra hori zuzentzeari.
MUSIKA. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Verdirekin hasiko da handien festa
Hamabostaldiko Auditoriumeko egitaraua 'Un Ballo in Maschera' operak zabalduko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu