Viktoria Eugenia antzokiaren mendeurrena, jazz erritmoan

Antzokiaren ibilbidean barneratuko den erakusketa bat inauguratuko dute uztailaren 13an

Miguel Martin eta Nerea Txapartegi, Viktoria Eugeniaren mendeurrenaren ekitaldien aurkezpenean. A. CANELLADA / ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Donostiaren historian berebiziko garrantzia izan du Viktoria Eugenia antzokiak. Beste herrialdeetako joera artistikoen erakusleiho, Donostiaren iragan mende hasierako garai gozoen isla da eraikina. Ehun urte beteko ditu datorren uztailaren 20an, eta ekitaldi bereziak prestatu ditu Donostia Kulturak mendeurrena ospatzeko. Ekitaldi nagusia urtemugaren egunean izango da, Viktoria Eugenia antzokian bertan. 100 urte horiengatik topa egin, eta jazz doinuek beteko dituzte antzokiko txokoak Gaujazz jaialdian.

Urtarriletik aitzina hainbat keinu egin badizkiote ere Donostiako antzokiaren mendeurrenari, ospakizunak hiru ardatz nagusi izango ditu, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara delegatuak azaldu duenez.

Ospakizunen girotzea urtemugaren aurretik egingo dute. #Victoriaeugenia, sare soziala erakusketa inauguratuko dute uztailaren 13an, Kutxaren Bulebarreko aretoan. Sare sozial aktiboenetakoa izan da azken 100 urteetan antzokia, gizarteko talde eta kolektibo anitzak elkartu dituena. Dokumentazio lan handiaren emaitza da erakusketa, eta orain arte azaleratu gabeko «aurkikuntzak» ikusi ahalko dira, Txapartegiren esanetan. Historia ofizialaren eta antzokian gertaturiko hamaika istorio txikiren artean oreka bilatu nahi izan dute antolatzaileek, eta horretarako lau eremu nagusi proposatu dituzte. Lau eremu horien bidez, azken mendean garai desberdinetara egokitzeko antzokiak izan duen gaitasuna erakutsiko du erakusketak.

Jazzaren gaupasa

Frisoa zatian 1912tik 1985. urte arteko kronologia erakutsiko dute. 1985. urtea jarri dute mugarri, garai horretan hartu baitzuen udalak antzokiaren ardura. Foyer bigarren zatian, publiko berrienganako irekiera irudikatuko dute, eta 1986tik 2000. urte arteko tartea hartuko du. Urte hartan hasi ziren antzokiaren zaharberritze lanak. Backstage eremuak, berriz, partaidetza sustatzea du xede. Bisitariak Viktoria Eugenia antzokian izandako bizipenak, oroitzapen eta sentsazioak idatzi ahal izango ditu liburu batean. Horrez gain, antzokiarekin zerikusia duten objektuak San Telmo museora eraman daitezke, sailkatuak eta erakutsiak izan daitezen. Besaulki Patioa sailean, antzokiko garai bateko besaulkietan eseri ahalko da bisitaria, antzokiari buruzko gertakari historiko, bitxikeria eta oroitzapenak 100 lagunen ahotik entzuteko. Pantaila batean, besteak beste, Elias Kerejeta, Anje Duhalde eta Benito Lertxundiren elkarrizketak entzun bitartean, beste pantaila baten bidez kontatzen denaren irudiak azalduko dira. Uztailaren 31 arte izango da ikusgai erakusketa.

Egun handia uztailaren 20an izango da. Hiria Jazzaldian murgilduta dagoela ospatuko ditu Viktoria Eugeniaren 100 urteak. 11:30ean, antzokiaren Foyerrean elkartu, eta topa egingo dute mendeurrenaren omenez.

Viktoria Eugenia antzokia era askotariko joeren, berrikuntzen eta artisten erakusleiho izan da, eta horren isla izango da ere toparen ostean egingo duten Gaujazza jaialdia. «Jatorri askotariko artistak izango ditugu, gehienak Europatik etorritakoak», azaldu du Miguel Martinek, Donostia Kulturako Musika zuzendariak. Jaialdi berezia izango da, une berean antzokiaren hainbat txokotan kontzertuez gozatu ahal izango baita. Horrela, ikusleek antzokian kontzertuak inoiz eman ez diren txokoak ezagutzeko aukera izango dute. 50 minutuko saioak izango dira, jendeak kontzertuak goza ditzan. Sarrerak salgai daude jada, hiru eurotan.

Jazz klasiko eta tradizionalaren eskaintzarekin ekingo diote Gaujazzari, gauerdian, areto nagusian. Ray Gelato & His Giants Orchestrak swing garaiko izar handi bati omenaldia egingo diote: Louis Prima. Ordu berean, prentsa aretoan, Mari Kvien Brunvoll Norvegiako abeslariak kontzertua emango du, eta dantza aretoan, berriz, Just Friends Quintet Iparraldeko taldeak.

Josetxo Goia-Ariberen azken lana 01:00etan ikusi ahalko da, Dantza aretoan. Aldi berean, Dorantes piano jotzaileak Foyerrean joko du, eta Terje Rypdal gitarra jotzaileak Club aretoan.

Peter Evans tronpeta jotzaileak 02:00etan joko du Dantza aretoan. Ekitaldiari amaiera emateko denak areto nagusian bilduko dira S. Mos disko Frantziako disko jartzaile eta abeslariarekin dantza egiteko.

Aste Nagusiak berak ere Viktoria Eugeniari bi keinu egingo dizkio. Bata abuztuaren 15ean izango da. Itzurun Konpartsako erraldoi eta buruhandiak 19:45ean antzokiaren sarreran bilduko dira dantza berezia egiteko.

Bestalde, festen amaierak ere Viktoria Eugeniaren irudia izango du. 22 minutuko ikuskizun piromusikala egingo du Bernado Sanchiz Vallbonak antzokian. 100 urteetan antzokiak hartutako 17 ikuskizunei egingo die erreferentzia, tartean En Flandes se ha puesto el sol antzokian aurkeztu zen lehen lana, Verdiren Aida eta Laboaren Txoria txori.

Ekitaldi ugari eta askotarikoak, beraz, Donostiako historiaren eta kulturaren irudiaren 100 urteak ospatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.