Viktoria Eugenia aretoari omenaldia inauterietan

Donostiako aretoak ehun urte bete dituela eta, handik hasiko da inauterietako ostiraleko desfilea

2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Momo jainkosaren etorrerarekin hasiko dira Donostiako inauteriak, datorren ostegunean. Aurten, Viktoria Eugenia aretoak jasoko du inauterietako omenaldia, ehun urte betetzen baititu. Inauterietako lehen desfilea handik abiatuko dute ostiral arratsaldean. Ekitaldi horretaz gain, karrozen lehiaketak bilduko du jende gehien asteburuan. 26 karrozek parte hartuko dute aurten.

Hala ere, ostegunean hasiko dira lehen ekintzak Donostian. Konstituzio plazatik irtengo da, 19:00etan, inauterien protagonista nagusi den jainkosa. Aurten, Susana Vicenteri egokitu zaio antzezpen hori egiteko ohorea. Trumoi konpartsako kide da Vicente, eta urte asko daramatza inauteriak barru-barrutik bizitzen. Haren konpartsak eramango dituen jantziak diseinatu eta josteaz gain, koreografiak gainbegiratu eta dantzaldietan parte hartzen du. Horregatik aukeratu dute aurtengo Momo jainkosa ordezkatu dezan.

Ondoren, 19:30ean, Eskola, Goizaldi eta Trebeska dantza taldeek Parte Zaharra inauterietako giroaz bustiko dute. Behin kaleetan barrena ibili direnean, Konstituzio plazan bukatuko dute, eta emanaldia eskainiko dute 20:30 inguruan.

Goiztiriak hartuko du testigua, larunbatean. Abestuz jainkosa esnatutakoan, elkarrekin udaletxerantz abiatuko dira inauterietako antzinako abestiak berreskuratuz. 11:00etan emango diote hasiera ekitaldiari Zuloaga plazatik. Joaldunen laguntzaz abestu eta dantzatuz udaletxera iritsiko dira, 12:00etan. Bertan, boterea Momo jainkosaren eskuetara pasatuko da.

Igandean haurrak bihurtuko dira protagonista. Aurten, gainera, Gero taldeak Donostiako antzinako konpartsei jarraipena eman nahi izan die haur inauterietan, eta artzain erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu du. Erraldoiak trikimakoen gainean ibiliko dira. Koreografia propioak garatu dituzte, zuzeneko musikarekin, herriko dantzak suspertzeko asmoz.

Egitaraua osatzeko, nola ez, konpartsak izango dira.Tradizionalak, ostiral eta larunbat arratsaldean eta igande goizean arituko dira kaleak alaitzen. Lehiaketan parte hartzen dutenak, berriz, larunbat eta igande arratsaldean arituko dira. 26 konpartsek eman dute izena lehiaketan. Hala ere, ostiralean, aurkezpena egingo dute, eta Viktoria Eugeniatik Konstituzio plazara joango dira batukadarekin.

Inauteriei amaiera emateko, ohiturak agindu bezala, sardinaren ehorzketa egingo dute, astelehenean, 19:30ean. Hileta festa Bilbo plazatik abiatuko da eta Bulebarreko kioskoan bukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.