Maratila
Vor der Sparkasse
Banca Cívica-ren aitzinean, demokraziaren zaintzaile bat dago. Harengana nafar politikari bat etorri eta Kutxara sartzeko baimena eskatu dio. Zaintzaileak, ordea, ezetza eman dio. Ea sarriago sartzen ahalko den. Ez dakiela, zaintzaileak, baina oraingoz ez dela posible. Nafar politikaria zaintzailearen ondoan jarri da. Kutxako atea irekia egonda, politikariak lepoa luzatu eta barnealdera egin du so. Zaintzaileak irri egin du: «Bazakiat zer ari haizen pentsatzen. Nire debekua gorabehera, saia hadi sartzen, nahi baduk. Baina abisatzen diat: zenbat eta barneago, orduan eta zorrotzago dituk demokraziaren kontrolak». Nafar politikariak ez zuen hori espero. Berak, bertze edozein langile xumek bezala, hilero dieta batzuk kobratu bertzerik ez zuen nahi, legalki eta etikoki; ez zuen uste horretarako traba izanen zela demokrazia. Eta, horrela, denborak aitzinat egin du. Hondarrean, legealdi osoa igaro da, eta nafar politikariak ezin ukitu izan ditu Kutxako sosak. Etsia, keinu egin dio zaintzaileari hurbil dadin, azken galdemodu bat egin nahi baitio. «Zer nahi duk orain. Aseezina haiz!», izan da haren ihardespena. «Urte hauetan guzietan», erran dio politikariak boz ezin apalagoan, «nola da posible inor etorri ez izana dietarik kobratzera?». «Herri honetan demokraziak ongi funtzionatzen duelako». «Ez, ez, eeeez!!!», hasi da negarrez eta garrasika nafar politikaria. «Ez, ez, eeeez!». Itzarri delarik, demokraziaren zaintzailea hantxe da oraindik. Irribarretsu, diosala egin, «berorren aginduetara» erran eta Kutxako atea zabaldu egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu