Bideo zaintza MSWindows sistemetan
Dorgem bideo zaintzarako doako aplikazioa da, software librea da eta MS Windows sistemetarako prestatuta dago. Software hau webgune honetatik deskargadaiteke: http://dorgem.sourceforge.net/. Ondoren instalatu beharko da, oso erraza da instalatzea eta konfiguratzea, hori bai, ingelesez baino ez dago. Behin instalatuta, web-kamera konfiguratu beharko da eta Preview aukeraren bitartez ondo konfiguratuta dagoela ziurta daiteke. Aplikazioaren hobespenen artean, Use motion detection aipatzeko modukoa da, ezaugarri hori markatuz gero, mugimendu-detekzioa aktibatzen da. Aplikazio horrek web-kameraren bitartez kapturatzen dituen irudiak FTP zerbitzari batean edo etxeko ordenagailuan gorde daitezke. Irudi izen bezala eman ahal zaio izen finko bat, eta orduan ordezkatzen joaten da fitxategi berdina behin eta berriz, edo izenaren barnean karaktere bereziak erabil daitezke fitxategi ezberdinak sortzeko data eta orduarekin, esaterako. Aplikazio horren alde txarra da 2008tik bertan behera gelditu dela garapena: azken bertsioa 3.0 da.
Beste aukera libre eta doakoa MS Windows sistemetarako iSpy da; hau da proiektuaren webgunearen helbidea: http://ispy.developerinabox.com/default.aspx, bertatik aplikazioa deskarga daiteke eta proiektuari dohaintza bat emateko aukera eskaintzen du. Aplikazio horrek ordenagailuaren web-kamera eta mikrofonoa erabiltzen du audioa zein mugimendu-detekzioa egiteko. Audioa edo mugimendua detektatzen duenean mezu elektroniko bat bidaltzen dio erabiltzaileari, irudiarekin; horrela, denbora errealean ikus daiteke etxean gertatzen ari dena. Horrez gain, konfigura daiteke SMS bat ere bidaltzeko edo aplikazio zehatzen bat exekutatzeko.
ISpy aplikazioaren bitartez web-kamera bat baino gehiago edota ordenagailu bat baino gehiago kudeatu ahal dira. Halaber, iPhone, Android edo Windows 7 mobile sistema duten sakelako telefonoetatik bideoa denbora errealean ikustea ahalbidetzen du iSpyk. Gainera, web-kameren aktibitatea ere graba daiteke.
Esan daiteke instalatzeko iSpy Dorgem baino zailagoa dela, baina askoz osatuagoa da aplikazioa.
SecuritySpy Mac Os X sistemetarako
Mac Os X sistemetan ere bideo zaintza sistema instala daiteke, dohainik. SecuritySpy erabil daiteke horretarako, eta webgune honetatik deskarga daiteke: http://www.bensoftware.com/ss/index.html. Kasu horretan ere hainbat web-kamera kudea daitezke. Halaber, audio eta mugimendu-detekzioa ere ekartzen du. Eta beste adibideetan bezala, zerbait gertatuz gero erabiltzaileari jakinarazten dio mezu elektroniko bidez.
Horrez gainera, FTP zerbitzari batera igo ahal dira argazkiak edo nabigatzaile batekin web-kamerak grabatzen ari direna ikustea posiblea da.
ZoneMinderGNU/Linuxpean
GNU/Linux sistemetan ZoneMinder softwarea erabil daiteke. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.zoneminder.com. Bertan aplikazioa hartu eta dagoen dokumentazioa ikus daiteke. Hala ere, Ubuntu Software biltegitik edo Synaptic pakete kudeatzailetik ere instala daiteke. Aplikazio hau oso osatua da, eta bideokamera bat baino gehiago kudea daiteke. Gainera, aukera asko konfigura daitezke, adibidez, ea soilik irudiak edo bideoa gorde behar dituen; bideo-kamerek grabatu behar duten ordutegia ere programa daiteke.
Besteek bezala, mugimendu-detekzioa dauka, eta erabiltzailea ohartarazten du mezu elektroniko baten bidez, mugimendu-alarma sortu duen irudiarekin. Aterisk (http://www.asterisk.org) telefonogune bat instalatuta edukiz gero, berriz, jakinarazpenak ere telefonoaren bitartez egin ditzake.
Prey aplikazioa, ordenagailua lapurtzen dutenerako
J. A. S.Ordenagailu eramangarria norbaitek lapurtzea jukutria handia izaten da, produktu merkea ez delako, besteak beste. Hala ere, enpresen zein norbanako askoren kasuan, datuak dira balio delikatuena ordenagailu eramangarria edo sakelako telefonoa norbaiti lapurtzen diotenean.
Bada, badago Mac Os X, GNU/Linux, MS Windows eta Android sistemetan erabil daitekeen aplikazio bat, eta lapurreta baten ostean, hainbat baliabideren bitartez, ordenagailu eramangarria berreskuratzea ahalbidetzen du. Gainera, doakoa eta software librea da. Prey du izena, eta hau da deskargatzeko eta informazioa ikusteko webgunea: http://preyproject.com/.
Aplikazio hau egikaritzen da sisteman bigarren planoan, hau da, ez dago ikusgai leiho gisa. Ordenagailua edo sakelako telefonoa lapurtu diotenean erabiltzaile bati, horrek urrutiko kudeaketa sistema baten bitartez aktiba dezake Prey aplikazioa, beti lapurtutako ordenagailua edo telefonoa piztuta baldin badago. Orduan Prey aplikazioa saiatuko da ordenagailua edo telefonoa geolokalizatzen GPS sistemaren bitartez edo detektatutako wifi sareen bitartez. Gainera, web-kamera aktibatzea ahalbidetzen du, eta horrela lapurrari argazkia atera lekioke. Era berean, saguaren mugimenduak eta mahaigaina ikustea ahalbidetzen du, eta ordenagailua blokeatzea, beste hainbat aukeraren artean.