Komunikazioa

White: «BBC ez da arazoaren parte, konponbidearena baizik»

BBCko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak herritarrei zerbitzu hobea ematea proposatu du Donostian

urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
EITBk antolatuta, Telebista publikoa eta demokrazia udako ikastaroa egin dute bi egunez Donostiako Miramar jauregian. Atzoko aurkezpeneko hitzaldia Jesus Lopez Cabeza Aragoiko Telebistako zuzendari eta FORTAko presidenteak egin zuen (aste honetan izendatu dute presidente).

Segidan, BBCko Estrategia eta Komunikazioko zuzendari Wilf Whiteren txanda iritsi zen: «Guretzat, oso garrantzitsua da hizkuntza gutxituen zabalkuntza. Galesez, eskozieraz eta gaelikoz egiten ditugu saioak».

Aintzat hartzeko oinarri ugari ditu BBCk; horien artean, independentzia. «Independenteak izan behar dugu, eta, horretaz, BBC Trust fundazioa arduratzen da. Kontseilu eragile bat ere badugu. Ez dugu publizitaterik, ezta finantzaketa zuzenik ere gobernuaren aldetik. Modu horretan, herritarren zerbitzura egon gaitezke». Independentzia hori benetakoa dela adierazten dute datuek. Ikerketa baten arabera, Erresuma Batuko biztanleak gehiago fidatzen dira BBCk emandako informazioaz, egunkarietakoaz baino. «Eta jendeak gure inpartzialtasuna aitortzen du, eskuineko zein ezkerreko egunkarien irakurleak izan».

Gaur egun, munduan 239 milioi lagunek jarraitzen dituzte BBCko albisteak. Halaber, Erresuma Batuan hartzaile bakoitzak astean 19 ordu pasatzen ditu BBCko 11 telebista kateak ikusten. Irratei dagokienez, 19 dira emisorak. Eta Interneten zerbitzu indartsua dute.

«Balio erantsia sortzen»

Whitek aitortu du krisialdiaren ondorioz «neurritasun garaiak» luzatu egingo direla, baina, hala ere, baikorra da. «Gure desafioa daukagun planarekin jarraitzea da. Kontuan hartu behar da kanonaren bitartez 3,5 mila milioi libera jasotzen ditugula, baina Erresuma Batuari aberastasun handia sortzen diogu. Gure balio erantsia 8,2 mila milioi liberakoa da, jasotakoaren bikoitza baino gehiago». Familia bakoitzak kanonarengatik urtean 168 euro ordaintzen ditu. Jasotako diruarekin, BBCk, eskaintzen dituen edukiez gain, formazio lana egiten du, proiektu berriak garatzen ditu, teknologia berrien munduan murgiltzen da eta sektore sortzaileenak babesten ditu. «Formazioan eta ikerketan, diru sarrerak ez dira berehalakoak. Sarrerak denbora luzera etortzen dira».

BBC azkenaldian deszentralizazio prozesu batean sartuta dago. «Garai batean dena Londresen zegoen. Orain, sormen gune berriak ditugu hainbat hiritan, eskualde guztietan zerbitzu hobea eman behar baitugu. Kalitatea hobetzeko ere garrantzitsua da beste sormen gune batzuk egotea». Ekoizpen etxe independenteak babestea ere funtsezkoa da BBCrentzat. «Eta hori ona da, bai guretzat, bai ikus-entzuleentzat».

Krisia dela eta, inguruan larritasun hitzak zabaltzen dituzte komunikabide publikoetako arduradunek. Bestelako diskursoa da Whiterena: «Krisia onuragarria izan daiteke, gure finantzaketa sistema defendatu behar dugulako. Edukian inbertitu behar dugu, eta honako helburu hauei heldu: munduko kazetaritza onena egin, musika eta kultura, drama eta komedia, haurrentzako saioak eta komunitateei eskainitako edukiak». Azkeneko urteetan %24 jaitsi dira BBCren gastuak. Datozen urteetan aurrekontuaren %20 aurreztu beharko dute. Hala ere, White ez da ezkorra: «Ez gara arazoaren parte, konponbidearena baizik».

Ramon Jauregi Espainiako ministroa izandakoak telebistako araugintzaz mintzatu zen. Eta jardunaldia amaitzeko, Alex Aranzabal ETBko Garapen zuzendaria komunikabide publikoen finantzaketaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.