Jendea atalean bigarren eta hirugarren sariak irabazi zituen Otxoa de Olzak. Otsailaren 15ean iragarri zituzten aurtengo lehiaketako irabazleak Amsterdamen. Parisen hildakoen omenez jendeak utzitako argazkiak euripean erretratatu zituen Otxoa de Olzak. Hau da, argazkien argazkiak egin zituen, aldaketa txiki batekin: euri tantak. AP agentziarentzat lanean zela egin zituen erretratuak Otxoa de Olzak, eta agentziak erretiratu egin ditu argazkiok, jatorriko irudien eskubideak ez dituela argudiatuta.
"Burutazio bat izan zen: agentziarentzat lanera joan nintzen, fotokazetaritza hutsa egitera. Baina, azken egunean, ikusi nuen aukera", esan zuen Otxoa de Olzak sariaren berri jaso zuenean. "Ideia sinplea da, baina emaitza konplexua: biktimei aurpegia jartzea da, zenbakiak hotzak direlako. Euria askotan argazkilarion etsaia da, baina batzuetan gure alde jokatzen du. Argazkietan jarrita tantak lupak dira, baina baita malkoak ere".
APren erabakiaren ondoren, World Press Photo sariak ematen dituen erakundeak ebatzi du hirugarren saria kentzea Otxoa de Olzari, eta Magnus Wennman argazkilariari ematea. Nafarrak bigarren saria du beste sail batekin, Colmenar Viejo (Espainia) herrian La Maya udaberri erritu jatorriz paganoaren ingurukoa. Bigarren saria gordeko du, noski.
AP agentziaren eta World Press Photoren erabakiek egile eskubideen eta sorkuntza askatasunaren inguruko galdera ugari utzi dituzte airean: Zilegi al da argazki bati erretratu eraldatua egitea? Kopia da hori, ala beste obra bat?