Xenden korapiloan

Nerbioiko ur-jauziaren aitzakian zidor sare oparoa diseinatu berri dute Santiagoko parke naturalean. Seinaleei men eginez, otso zulo zaharberritua, behatoki zirraragarriak eta Harrera Etxea bisitatuko ditugu.

Josean Gil-Garcia.
2007ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gorobel mendilerroak zer eskaini oparoa izan du beti, 1.000 metro garai den goi talaia eskerga horrek hormatzar sendoak eta erakargarriak ageri baititu iparraldeko erlaitzean. Ez da harritzekoa; izan ere, ipar-isurialdean geografiaz adituenetan adituena zur eta lur uzteko moduko ikuskizuna du eskaintzen: 500en bat metroko desnibela ageri du supituki eta, zorionez, urteak joan, urteak etorri, oraindik ere milaka mendizale, senderista eta turistaren jakin-mina asetzeko balio du.



SANTIAGO PARKE NATURALA. Bizkaiko, Arabako eta Burgosko administrazioak ez dira, ez, atzean gelditu. Hiru administrazioek ere bereizgarri duten irudi turistikoan oinarrituta, ekimen ugari bideratu izan dira makina bat urtean tokian tokiko ekonomia sustatzeko asmoz. Arras arrunta izan ohi da, beraz, Nerbioiko ur-jauziaren irudia argitalpen ugaritan ikustea. Historiara joz, eta helburu turistikoei euste aldera, Nerbioko paisaia azpiegituraz ere hornituz joan zen. Kasurik argiena, agian, 70eko hamarkadaren amaieran gertatutakoa. Makineria astuna mugitzen hasi zenean, berriz, bazterrak ederki astindu zituzten lanok; izan ere, handia zen naturaren desitxuratzearen mehatxua. Hala, Burgosko Diputazioaren babesean eta ICONAren laguntzaz, ur-jauzira doan errepidea eta burdinazko behatokiak muntatzeari ekin zioten, ingurunea «egokitu» behar zelako. Aterpe bat ere eraiki zuten Santiago iturburuaren gain-gainean, baita Lagreriz monasterio zaharraren hondakinen ondoan ere (Harrera Zentroa eraiki den lekuan); otso zulo baten hormatik igaroarazi zuten ur-jauziranzko bidea eta, azkenik, hamaiketakoa eserita egiteko porlanezko hainbat mahai sakabanatu zituzten pagadiaren babesean. Garai horretakoak dira amildegiaren gain-gainean eraikitako behatokiak ere: bata Arandoko tontor gainean, bestea ur-jauzira begira eraikia.

Ekimen turistiko horren ondotik, ordea, utzikeria nagusitu zen muga-mugako ingurune horretan eta, horren ondorioz, naturari eraso ugari egin zitzaizkion, tamalez. Amildegiak zirrara sortzeaz gainera arduragabekeriak egitera bultzatzen omen du. Ingurumena babeste aldera, haatik, figura bat martxan ipini zen 1996an eta urte bereko martxoaren 26an Monumentu Natural deklaratu zuten Santiago edo Arando mendia. Burgosko probintziak duen bigarren monumentua da, Merindadeetako Ojo Guareña konplexu karstikoaren ondotik. Gaur egun Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua izateaz gainera, Europako Batasunak bultzatutako Natura 2000 sareko Interes Komunitarioko Habitat izendapena jaso dezan desiragarria da.



IBILBIDEAK. Santiagora bertaratzeko Urduña mendatea igo behar da eta Berberana edo Gobiaran aldera jaitsi. 342. kilometroa igaro eta 500 metrora, ezkerraldetik doan errepide estu bati eutsita, Monumentu Naturaleko Harrera Etxera iritsiko gara. Orain bi urte inauguratu den zentro berrian erakusketa interesgarri bat ikus daiteke. Senderismoari dagokionez, Santiagoko parke naturalean eta babesa duten 2411 hektareatan hamabi zidorrek osaturiko ibilbide sare ederra diseinatu da berriki. Ibilbideon distantziak eta euren artean lotzeko aukerak kontuan hartuta, lau ibilbide zirkular proposatu dira: Giza erabileraren ibilbidea (7,3 km),Karstaren ibilbidea (6,4 km); Paisaiaren ibilbidea (6km) eta Pagadian zeharreko ibilbidea (6,7 km).

Ibilbide horiei esker, landaretza, hezeguneetako fauna, paisaia, behinolako lanbideak eta basoaren baliabideak ezagutu ahal izango ditugu. Era berean, XI. mendean fundatutako Santiagoko Langreriz monasterioaren hondakinak bisita daitezke. Saturnino Ruiz de Loizaga ikerlariaren dokumentazio lanetan oinarrituta, indusketa lanak abian jarri ziren orain hilabete batzuk 1075. urtetik ezaguna den monasterio zaharraren nondik norakoak hobeto ulertzeko asmoz. Ana Isabel Ortegaren arkeologoaren ezinbesteko laguntzari esker, monasterioa eta hari zegozkion eraikinak zehazki kokatu ahal izan dira Santiagoko parajean.



ARGITALPENAK. Santiagoko Monumentu Naturalari buruz ez bada ere informazio ugari argitara eman, bada nahikoa azpiegitura han-hemenka ibiltariak lasai-lasai paseoan ibil daitezen, nora ezean galduta geratzeko inolako arriskurik gabe. Denon eskuragarri jarri berri dute eskuorri sorta polita, Santiago inguruko natur balioen berri izan dezagun.

Bestalde, Amurrioko Udalaren ekimenez, «Ur-jauzien Ibilbideak» deritzan mapa dotorea argitara eman zuten iazko udan. Infografia bitxia dakar alde batetik, eta mapa topografikoa bestetik. Amurriotik irtenda, hiru proposamen dakartza argitalpen horrek. Urduña, Delika, Nerbioi eta Goiuri ezagutarazteko asmoz, hiru ibilbide marraztu dira, beraz, sestra-kurben gainetik.

Burgosko eta Amurrioko ekimen horien osagarri, berriz, Nerbioialdeko eta Aiarako eskualdeko arduradunek ere bi karpeta dotore jarri zituzten eskuragarri iaz; guztira, 22 ibilaldi biltzen zituztenhaietan.

 

nerBIoI



Ur-jauzia: Nerbioi

Erreka: Nerbioi

Herrialdea: Araba, Bizkaia, Burgos

Mendilerroa, mendia: Gorobel

Ur-jauziaren neurria: 300 metro inguru



Gomendioak

Santiagoko ibilbideak errazak diren arren, saihestu behar dira egun lainotsuak, batez ere amildegitik hurbil doazen bidexkak.

Autoa Monumentu Naturaleko Harrera Etxeraino eraman daiteke, aparkaleku zabalak egokitu baitira han. Monumentu Naturalera sarrera gaueko hamarretan ixten dute.

Santiagoko Harrera Etxean balio naturalak deskubritzen laguntzeko erakusketa bat antolatu dute. Ibilbideei buruzko (landaretza, fauna, historia...) informazio gehiago eskura daiteke bertan.



Ibilbide sarea Santiagoko parkean

PR-BU 41 Esquina Ruben behatokia.

PR-BU 42 Nerbioiko behatokia.

PR-BU 43 Pagadiaren zidorra.

PR-BU 44 Karstaren zidorra.

PR-BU 45 Amildegiaren zidorra.

PR-BU 46 Urduñako mendatea.

PR-BU 47 Corton ur-putzua.

PR-BU 48 Alterlako bidea.

PR-BU 49 Dehesako zidorra.

PR-BU 50 Artadiaren zidorra.

PR-BU 51 Uraren zidorra.

PR-BU 52 Pozalaguako zidorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.