Paperak galdu gabe.Fiachras musika taldeko bi kide izan ziren Arratsean saioan asteartean. Haritz Artola eta Aitor Aldanondo elkarrizketatu zituzten Nekane Peñagarikano eta Arantxa Iturbek. Lakarra, politikoki xuxenetik batere ez duena da musikari horien diskurtsoa. Besteak beste, «gehiengoaren subnormalitate sendaezinean» sinesten duena eta Roberto Moso eta 80ko beste hainbat musikari idealizatzeari aski dela dioena. Halako gonbidatuen aurrean paperak galtzeko zorian irudika genezake makina bat kazetari. Horren ordez, Iturbe eta Peñagarikanoren azkartasuna jarri zen martxan beste behin, eta airoski irten ziren erronkatik. Bi esaleek ileak gehiago harrotu, ausardiaz zamatu, eta euskal talde txarren hit parade-a izendatzeko animatu izan balituzte, adibidez, entzuleok bizi osorako esker oneko geratu ahal izango ginen eurekin.
Beste ziri bat.Albiste agentziek igandean bertan erabaki zuten, nonbait, eskuin muturrekoa, neonazia dela Finlandian emaitza bikainak lortutako alderdia. Era mimetikoan, matraka bera eman digute hurrengo egunetan albistegi guzti-guztiek. Asteartean, Xabier Lapitzek ahalegin berezirik eskatzen ez duen kontraste ariketa arin bat egin zigun: hango kazetari bati hots egin zion. Datuak eskuetan, alderdia ezkerrekoa zela eta zein ideologia zeukan azaldu zigun. Lapitz eta haren hiru solaskideak (Iñaki Aldekoa, Floren Aoiz eta Juanjo Alvarez) ez ezik, entzule guztiok ere harri eta zur geratu ginen. Alegia, ziria sartu digutela beste behin.
Tertulia errealak. Aste larriak, hil edo bizikoak kasik izan dituzte zale txuri-urdinek, Realaren ibilbide erratua zela eta. Irratietako tertulien oilategia kiskaltzen sumatu da azken jardunaldietan. Bost tertulia bai, bost aditu daitezke astelehenean Gipuzkoan. Egoera paranoikoa, muturrekoa, realzale-irrati zale bitasuna bizi duen horrentzat izan daiteke: lau tertulia, lau bai, ordu berean entzun daitezke (15:00-16:00), Onda Vascan, Punto Radion, SERen eta Onda Ceron; hurrenez hurren, Juanjo Lusak, Tito Irazusta eta Carlos Bengoak, Gabi Ramos eta Jorge Beristainek eta Iñigo Tabernak gidaturik. Bosgarrena Mauri Idiakez kirol esataririk histrionikoenaren eskutik datorkigu, Copen; geroxeago, baina (19:20-20:00). Denak gazteleraz, jakina.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Xuxentasunaren marra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu