XVI. mendeko Bizkaia ezagutuko dute ondareari buruzko jardunaldietan

Erdi Aro amaieran Bizkaiak izan zuen oparoaldia ikusi ahalko da ondare immaterial eta monumentuen bidez

Muskizko San Martin auzoan dagoen Muñatoez gaztelua ezagutzeko aukera egongo da jardunaldietan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Erdi Aroaren amaierako Bizkaia aztertuko dute aurtengo Ondareari Buruzko Europako Jardunaldiek. 1475. eta 1525. urteen arteko Bizkaiko garaiari begiratuko diote Baikortasun garaia izeneko jardunaldiek. Bisita gidatuak, hitzaldiak, antzezlanak, kontzertuak, erakusketak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte Bizkaiko 50 herritan. Jardunaldiak asteartean hasiko dira, eta urria amaitzearekin batera eskainiko dituzte azken egitasmoak.

Proposamenarekin herritarren eta ondarearen arteko lotura ezartzea lortu nahi dute, batez ere, bisitatzeko zailak edo ezezagunak diren ondareekin. Egitasmoa, ordea, ez da izango Bizkaian bakarrik. 1991n hasi zuen ibilbidea, Europako Kontseiluaren eskutik. Europa osoko hainbat herrialdetan antolatzen dira ondare jardunaldiak, Europako Batasunarekin lankidetzan. Bizkaia 2001. urtean batu zen jardunaldi hauetara, eta urtero-urtero gai zehatz baten inguruko jardunaldiak antolatu dituzte. Besteak beste, industria ondarea, etxebizitza burgesak, egurrezko elizak, baserriko bizimodua eta tradizioa, burdinaren paisaiak eta Bizkaiko ilustrazioaren garaiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte hamabi urteetan. Horri esker, ahaztutako ondare ugari atera dituzte berriz ere argitara.

Borroketatik oparotasunera

Erdi Aro amaierako ondarea izango da aurtengo gaia, bai baita garai hori aukeratzeko arrazoirik: 1475. eta 1525. urteen artean, bandoen arteko borroken indarkeriaren ondorioz ezaguna izateari utzi zion Bizkaiak, eta penintsulako lurralde baketsuenetako bat bihurtu zen.

Horren guztiaren jatorria Gaztelaren eta Flandriako portuen arteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz hasi zen. Izan ere, Bizkaia herri bien arteko bitartekari bihurtu zen. Ontziek Gaztelako artilea eramaten zuten iparraldera, eta ehuna ekartzen zuten. Horri esker, armadore eta marinelez gainera, beste asko ere aberastu ziren: erriberako arotzak, garraiolariak, estibatzaileak, ehuleak, sokagileak, errementariak... Horiez gain, lehengaiez, jakiez eta edariez hornitzen zituzten baserritarrek-eta ekoizpena handitu zuten, baita burdinolen jabeek ere.

Merkataritzari, eskulangintzari, nekazaritzari eta abeltzaintzako eta burdinoletako jarduera biziari esker, lurraldeko bazter guztietara dirutza handiak heldu ziren, eta bizkaitarrek eskuzabaltasunez erabili zituzten. Bandokide ohiak, merkatariak edota baserritar xeheak nork luxu handieneko etxea eraikiko zuen, nor modurik deigarrienean jantziko eta antzeko lehietan ibiltzen ziren. Hiribilduak eta elizateak tenplurik handi eta zabalenak edukitzeko norgehiagokan zebiltzan, eta, horretaz guztiaz gain, artelanak, liburuak, luxuzko ontziteriak eta beste inportatzen ere hasi ziren. Hazkunde, oparotasun eta baikortasun garaia izan zen XVI. mendea. Eta orduko aztarna ugari heldu dira gaur egunera.

Aztarna materialez gain, berrogeita hamar urte horietan, Bizkaiko gizarteak aldaketa handiak izan zituen, alderdi guztietan. Aldaketa ekonomiko, sozial, komertzial eta industrialak, oparotasun eta aurrerapen handiko garai batean. Arrazoia Bizkaiaren kokapen estrategikoa izen zen, Gaztelaren eta Flandriako portuen arteko bitartekari komertzial handia baitzen.

Hori guztia kontuan hartuta, aurtengo Ondareari Buruzko Europako Jardunaldietan, galtzadak eta errege bideak ezagutu ahal izango dira, baita arkitektura erlijiosoaren elementu garrantzitsuenak ere. Tartean, Lekeitioko Andra Maria eliza etaLarrabetzuko Goikolexea eliza. Dorreek ere garrantzi handia izan zuten garai hartan, eta, besteak beste, Berriatuko Aranzibia eta Sopuerta eta Markina-Xemeingo monumentu multzoak bisitatu ahal izango dira. Dorreez gain, baserriak ere izango dira ezagutzeko arrazoi jardunaldietan. Baina aurten badago beste proposamen berezi bat: garai hartako sukaldaritza ezagutzea. Eta artea maite dutenek hitzaldi ziklo oso bat izango dute Bizkaiko Foru Agiritegian.

Ondarearen jardunaldiei buruzko egitaraua ikusteko, bisitatu webgune hau:

www.bizkaikoa.bizkaia.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.