Erabateko itzalaldia izan zen. Bat-batean, ezustean, jendea txaloka hasi zen iluntasunean. Sakelakoekin erdigunean zegoen gazte bat argitu zuten, eta protesta poema ezagun bat bota zuen, inprobisatua. Isiluneetan, denek «thawra» oihukatzen zuten, iraultza arabieraz. Haren bisaiaren espresioak eta ahotsak hunkitu ninduten; ezin nion begiratzeari utzi, eta unea hartu nuen". Yasuyoshi Chiba AFPko argazkilariak kontatu duen une hori argazki batean betikotu zuen, eta bart gauean World Press Photo sariketako urteko argazki izendatu zuten.
Jartumen (Sudan) egin zuen argazkia, iazko ekainaren 19an. Estatu kolpe baten bidez Omar al-Bashirren agintaldia eten ondoren, jendeak boterea gizarteari emateko exijitu zien militarrei. Manifestazioak apaltzeko, itzalaldiak egin zituzten Sudanen, eta protesta horietako bat da irudian ageri dena. Straight Voice da irudiaren izenburua (ahots zintzoa), eta epaimahaiak gazteriaren ahotsaren erakusle dela nabarmendu du. Esan dutenez, sei hautagaiek bazuten gai bat komunean: botereari aurre egiten dion gazteria.
Argazki erreportajeak ere saritzen ditu World Press Photok, Story Photo sailean. Kho, the Genesis of a Revolt (Kho [anaia, arabieraz], iraultzaren genesia) argazki sortak jaso du sari nagusi hori. Bost urtez Aljeriako gazteei egindako argazkiak dira, Romain Laurendek egindakoak. Gazteriaren eguneroko bizitza islatzen da irudietan, eta gobernuaren kontrako protesta mugimendua.
Sarearen bidez
World Press Photo sariketa galarik ezin izan dute egin aurten, COVID-19a dela eta; beraz, sarearen bidez jakinarazi zituzten aurtengo irabazleak, bart. Epaimahai independenteak 4.282 argazkilarik egindako 74.000 argazki aztertu zituen. Mundu osoko argazkilariek parte hartzen dute sariketan.