Zaharberritze zehatza

Administrazioaren diru laguntzarik gabe eta herritar frankoren lanari esker, auzolanean, bi urte daramatzate Etxauriko Santa Eulalia elizako organo barrokoa moldatzen.

Etxauri
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Zaharberritze lanak direla eta, organoa isilik dago Etxaurin (Nafarroa), duela bi urtetik. Santiago Orta organo zaharberritzaileak gidaturik, herriko erretorea eta bizilagun talde bat musika tresna moldatzen ari dira. Deusen okerrik ez bada, organoa erabat konponduta egonen da 2013. urterako.

Barroko estilokoa da Etxauriko organoa. 1863. urtean eraiki zuen Jose Antonio Oria Artetxe azkoitiarrak, eta 15.500 erreal kuarto ordaindu zituen herriak lanagatik. Nafarroako Gobernuak argitaratutako Organos de Navarra liburuan (Nafarroako organoak), musika tresna «interes handikoa» dela azaltzen da. Vicente San Martin Etxauriko erretorearen ustez, organoak garrantzia du, batez ere, inguruko herrietan dagoen bakarra delako.

Organoa «oso gaizki» zegoela ikusirik, herritar talde batek, erretoreak akuilaturik, moldatze lanari ekin zion. Musika tresnaren «egoera tamalgarria» zenez, moldatzea lan luzea, zehatzaeta garestia gertatu da. Duela hiruurte hasitako zaharberritze lanen aurrekontua 88.000 euro da; diru laguntza publikorik ez zutenez, proiektuaNafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki programan sartu zuten. Harrezkero, dirua lortu ahala eta bizilagun talde bati esker aritu dira musika tresna moldatzen. Rosa de la Calle, Joakin Arbizu, Jesus Ruiz eta Vicente San Martin bera ari dira, besteak beste, lanean.

Zaharberritze lanak Santiago Orta organo moldatzaileak zuzendurik ari dira egiten, eta hiru zatitan banatu dituzte. Lehen pausoan, proiektuaren aurreneko urtean lortu zen diruarekin, argia jarri zioten organoari; eta pipiaren aurkako tratamendua eman zioten. Ordura arte, kandelekin argiztatzen zen organoa.

Bigarren pausoan, taldeak, beste bizilagun batzuen laguntzarekin, organoa osatzen duten eztainu, berun eta egurrezko 505 tutuak deslotu, eta Ortak Murchanten (Nafarroa) duen lantokira eraman zituen, hark molda ditzan. Hirugarren pausoan, berriz, organoaren kanpoko zura zaharberrituko dute, pintura garbitu eta azken ukituak eman. «Lortzen dugun diruaren arabera eginen dugu», dio erretoreak, itxaropentsu.

Udako funtzionamenduan

Zaharberritze lanak motel doazenez, 2013. urtea baino lehen ez dituzte erabat bukatuko. Dena dela, tutuak aurten moldatuko dituzte, eta udako martxan jarri ahal izanen dela uste du erretoreak. Behin lanak bukatuta, bisita gidatuak prestatzeko aukera aztertzen ari dira, herritarrek ezagut dezaten.

Emanaldi bereziren bat ere eginen dute organo zaharberrituaren soinuaz gozatzeko. Dena dela, musika tresna nork joko duen ez dago argi, herrian organo jotzaile ofizialik ez dutelako. Garai batean, organoa herriko idazkariak edo maisuak jotzen zuen. Idazkariaren kasuan, 60ko hamarkada arte ezinbestekoa zen lanpostua lortzeko. Herriko azken organista Angel Vicente izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.