Zainzuri garaia da. Egunero bildu behar dira, eta lan gogor horretan aritzen diren gehienak kanpokoak dira, Espainia hegoaldekoak batez ere. Gauez aritzen dira, eguzkitik ihesi,plastiko beltzek gordetzen duten altxor zuria biltzen.
xan harriague
Murieta
Zainzuriek naturaren erritmoari jarraitzen diote eta, biltzaileen kalterako, ez dute jai egunik hartzen. Aro ederra hasten denean, kanpora ateratzeko gogoa dute, eta burua azaltzen dutenean dira bildu behar, eguzkiaren izpiek haien kalitatea hondatu baino lehen. Ez da erraza, eta gehienetan kanpotik etorritako jendea lotzen zaio lan zail horri.
Sasoia duela hilabete eta erdi hasi zen, baina egun hauetan sartu da garai oparoenean zainzuria. Udaberriak indarra hartu du, eta horrekin batera, landare guziek. Estellerriko (Nafarroa) bide bazterretan plastiko beltzek zainzuri landak estali dituzte eta uzta garaia dela erakutsi. Ekaina arte, gau guziz, hainbat lagun ariko dira bil eta bil, euria, eguzkia edo haizea dela; zainzuriak ez du etenik.
Lehenago landako lana gogorra zela erraten zen, baina, mekanizazioa dela eta, anitz erraztu da; zainzurien bilketan, ordea, eboluzio hori alferrikakoa izan da, horretan eskulana baita hoberena. Aurrerapauso batzuk eman badira ere, aldian bat bildu behar da, gube edo ganibeta antzeko batekin moztu, lurretik atera eta saskian eman.
Biltzaile gutxik daramate erlojua eskumuturrean, han ez baitu orduak manatzen, baizik eta landareen oparotasunak. Egun guziz pasatu behar dute, lurretik ateratzekotan dauden edo burua atera berri duten zainzurien biltzeko. Airean eta eguzkipean denbora gehiegi iragateak barazkiaren kalitatea apaltzen du. Zuri hura gorrixka bihurtzen da, eta gero berdea. Erosleek ez dute horrelakorik nahi, eta hartzen badituzte ere, gutxiago ordainduz izaten da.
Zainzuri biltzaileek etengabe borrokatzen dira eguzkiaren aurka, eta, horretarako, irtenbide hoberena gauaz aritzea da. Lanaldia arratseko hamaiketan hasten dute; jende gehiena etxean oheratzekotan dagoen unean, alegia. Kopetako argia jarri eta, ilunpean hasten dira, biharamun goizeko 10:00ak arte, argitu eta gero eguzkitik ahal bezainbat ihes eginez.
EGUNERO, ATERKI ETA GUZTI.Euriarekin lana are gehiago zailtzen da. Jaitsi ahala ari badu ere, ez dago etxean egoterik; nahitaez atera behar dira, aterki eta guzti soinean. Makurrena basa izaten omen da, landak lokatzez betetzen dira, eta orduan, zainzurien biltzea oraindik zailago izateaz gain, egin beharrekoak gehiago irauten du.
Mekanizaziorik ez da sartu, baina aurrerapausoak egin dira. Duela hamabi urte hasi ziren plastikoa erabiltzen Nafarroan. Uzta garaian landareak horrekin tapatzen dira, eta arrunta dirudi, baina oso lagungarria da. Batetik, zainzurien garapena laguntzen du, tenperatura igoz, eta gisa berean, eguzkitik babesten, biltzaileak lasaiago aritu daitezen, gorrituko diren beldurrik gabe. Lehen, asmatu behar zuten non aterako zen, lurra mugitua zen lekuetan begiratuz. Orain, aldiz, burua atera arte egoten ahal dira, bai baitakite biharamunerako ez dela hondatuko. Bestetik, belar txarren ateratzea saihesten du, eta euria egiten badu ere, azpiko lurra beti idorra egoten da. Teknologia handia ez da, baina horri esker biltzaileek denbora anitz aurrezten dute, etazainzuri hobeak biltzen. Behin saskietan eman eta, neurri berera moztu behar dituzte denak, 22 zentimetrora, eta lan eguna bukatu bezain laster, kontserbategietara eraman.
Edozein eguraldirekin. Ordu gehienak gauaz. Dena eskuz. Ez dago zalantzarik oso lan gogorra dela. Euskal Herriko jende gutxi aritzen da, edo bat ere ez. Gehienak Espainia hegoaldekoak dira, Andaluziakoak. Benito Cueva da horietariko bat. Jodaretik dator (Jaen, Espainia). Irria ezpainetan baldin badu ere, argi du momentuz bertze aukerarik ez duela. «Nire herrian ez dago lanik, eta orduan handik mugitu behar gara». Zainzurien garaian anitz etortzen dira Nafarroa aldera. «Gure herritik erdiak baino gehiago etortzen gara». 29 urterekin, ez da zainzuria biltzera datorren lehen belaunaldikoa. «Nire aitak urteak egin ditu Nafarroara etortzen, eta ni ere horrelaxe hasi nintzen, gurasoen bideari jarraituz». Benetan lan gogorra dela dio, baina bertze aukerarik ez izanik, zortzigarren denboraldia du; beti nagusi berarekin, eta urte batetik bertzera ia-ia koadrila berarekin. «Hamarrak familiartekoak gara: anai-arrebak, koinatak eta lehengusuak. Elkar ezagutzen dugu, eta gure arteko giro onak laguntzen gaitu».
Etxetik urrun ibiltzeak alde txarrak ditu; batez ere, familia dagoelarik. Cuevarena berekin dator, andrea bera bezala lan egitera, eta bi haurrek eskola hemen jarraitzen dute. «Denak etorri gara; emaztea, bi nagusiak, baita bidean dagoen hirugarrena ere». Hamar lagunen artean lau bikoteak dira, eta gainerako biak, anaiak. Denak haurrekin etorri dira, eta batera bizi dira, nagusiak ordaintzen dien etxean. «Suertea daukagu; etxe koskorra da, eta ongi gaude», dio Cuevak.
IRABAZIAK, ERDIZKA. Gauza guziek alde onak eta txarrak omen dituzte, baina lanbide hori ez du horrela ikusten gazte andaluziarrak. «Hemen ez dago ongi pasatzerik, lana besterik ez dago. Eta alde ona baldin badago, horrek ekartzen duen dirua da. Baina ez pentsa, hemen ere batzuek bertze batzuek baino gehiago irabazten dute; halere, guk ez daukagu kexatzerik, nagusiarekin irabaziak erdizka egiten ditugulako». Gogortasuna arintzeko, umorea eta futbol kontuak dituzte. Haien artean bromak ez dira falta. Horrela lana aisialdi bihurtzen saiatzen dira, ez baitute bertze deusetarako astirik. «Gau osoa lanean pasatzen dugu, eta goizeko hamarrak aldean etxera sartzean zerbait jan eta lo egitera goaz. Han artean haurrez ere arduratu behar da; bertze gauzetarako denborarik ez zaigu gelditzen».
Lagunekin ekaina arte arituko da zainzuri biltzen, eta ondotik olibetan eta mahastietan ibiliko da. Han artean hutsunerik badago, ez du aspertzeko astirik izanen eta eraikuntzan arituko da Cueva. Bizimodu gogorra, eta zeinetan aritzea nahiago duen galdetzean, ez du erantzun garbirik. «Agian, olibetan, etxetik hurbil gelditzen garelako, baina ez da lan erraza». Etorkizunari begira berriz umorez jokatu nahiago du. «Loteria tokatzen ez zaidan bitartean horrela jarraitu beharko dut».
«Olibetan aritzea nahiago dut agian, etxetik gertu dugulako, baina hori ereez da lan erraza»
«Gure herritik erdiak baino gehiago etortzen gara; nire aitak urteak egin zituen Nafarroara etortzen»
Benito cueva
zainzuri biltzailea
Barazkiak ematen dituen zuhaixka
Gizakientzat zainzuria barazkia bada ere, naturan zuhaixka baten kimuak besterik ez dira.X. H.
Murieta
Zainzuria barazkien familian sartzen da, baina entsalada, tomatea edo lursagarra bezalakoa denik ezin da erran. Landareak luzeago irauten du, eta jaten dena horrek ematen dituen kimuak besterik ez dira. Udan, zuhaixka bat dirudi, eta udazkenean, idortzen denean, agerian den zatia hiltzen da; baina lurpean landareak bizirik dirau eta ondoko urtean berriz ateratzen da.
Zainzuri-landarea martxoan landatzen da, udaberrian. Nafarroan dauden zango gehienak Herbehereetatik datoz. Lehen urtean bakean uzten da, indarra har dezan. Uda aldean, metro eta metro eta erdiko alturara iristen da. Orduan, zimeltzen hasten da, eta geroxeago idortzen. Landa garbitzeko adaxkak erretzen edo xehatzen dira makina baten laguntzarekin. Ondotik, lurra aberasteko, ongarria botatzen zaio, eta ondoko udaberria arte berean uzten.
Eguraldiak hobera egiten duenean, eta natura iratzartzen denean, lur azpian dauden sustraietatik kimuak ateratzen dira, eta azalerantz igotzen. Burua kanpora ateratzekotan dagoenean, orduan da mozten eta biltzen. Aste baten buruan landare beretik bertze kimu bat aterako da, eta horrela udaberri osoan. Ekainean, landarea nekatzen denean, eta biltzea errentagarria ez denean, bere erara garatzea uzten da, eta zainzuri-landarea ateratzen da, eta zikloa berriro hasten. Gaixotasunik ez badu biltzen, landareak zortzi urtez dago errentagarri. Hortik aitzinera ez du hainbeste ematen, eta hobe izaten da errotik ateratzea eta lurra lasaitzen uztea.
12 GRADU GUTXIENEZ. Kimua hazteko 12 gradu beharrezkoak dira, hortik petik ez baita mugitzen. Gainetik ematen den plastikoak prozesu hori laguntzen du, baina udaberria benetan hotza bada, uzta txarra izaten da. Bestalde, hezetasuna behar-beharrezkoa izaten da, lurra gehiegi idortu ez dadin. Zainzuriak lur xehea behar du, buztin eta harririk gabe. Horrelako lurretan landatuz gero, zainzuria makurtuta aterako litzateke kanpora ateratzeko bidea egin ezinik. Orduan ez litzateke saltzen ahalko.
Hektarea bakoitzeko 2.500 bat kilo zainzuri ateratzen dira guti gorabehera. Gaur egun, 1.080 hektarea zainzuri daude Nafarroan, gehienak Estellerrian, %60 hain zuzen ere. Lehenago Nafarroako hegoaldean zeuden gehienak, baina urte hauetan aldaketa sumatu da eta mendebalderantz joan da. Duela lau urte zainzurien eremua beherantz bazihoan ere, azken urteetan igotzen hasi da, egoera nahiko ona dela eta. Nafarroako ubidea horretan lagundu beharko luke, eta badirudi joera oraindik gehiago nabarituko dela.
Martxelo etaioNekazaria
«Gaur egun, zainzurian aritzea interesgarria da»
X. harriagueMurieta
Martxelo Etaio duela zortzi urte hasi zen zainzuriekin, Murietan (Nafarroa). Ordu arte tabakoan aritu zen, baina, errentagarria ez zela eta, zainzuriaren apustua egin zuen, nahiz eta hori ere bere garaian oso ongi ez egon. Gaur egun hamahiru hektarea ditu.
Nolakoa da aurtengo uzta?
Iazkoari konparatuz, ongi doa, joan den urtean urte txarra izan baitzen. Sasoia oso ongi hasi genuen, otsaila eta martxoa politak egin zituelako. Hortik aitzinera nahiko makal ibili da, izan dugun apiril euritsuagatik, baina orain sasoi bete-betean gara, eta eguraldiak laguntzen digu momentuz.
Zertan dago egoera?
Prezioak egonkortu dira, eta, beraz, egoerak ere hobera egin du. Aurten kiloa 3,5 eurotan saltzen da, iaz bezala.
Zergatik izan zen horrelako beherakada duela lau urte?
Txina eta Peruko zainzuri anitz sartu ziren, eta hemengoak baino merkeago. Ezin ginen haiekin lehiatu, eta kalte handia egin ziguten. Jendea zainzuria kentzen hasi zen, pentsatuz gure merkatua guztiz janen zutela.
Zergatik hasi da berriro igotzen?
Kanpaina bereziak egin ditugu gure zainzurien kalitatea sustatzeko. Azken batean, ez dakizu zer tratamendu ematen diete hango zainzuriei eta nola eginak diren. Hemengoek, aldiz, jarraipen zehatza dute. Nik ezin diet nahi dudan ongarria eman. Dena kontrolatuta dago, eta erregistro batean markatua. Noiz landatu zen, ongarria noiz bota nien eta noiztik nora biltzen ditugun, bertzeak bertze. Jendea horretaz ohartu da, eta, errate baterako, iaz kontserba guziak saldu ziren, 2,2 milioi.
Nora bideratzen dituzue zainzuriak?
Hemen ez dago zainzuri freskoa jateko ohiturarik. Beraz, ia-ia den-dena kontserbategietara. Igandeetan jende anitz gelditzen da ea batzuk salduko ditugun eskatzeko, baina banan-banan pisatzen hasi behar bagenu, ez ginateke aterako eta, dirua irabazteko ordez, denbora galduko genuke.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Gaur egun zainzurian aritzea interesgarria da, eta horrela jarraitzen badu, hala izanen da heldu den urteetan ere, baina nekazaritzan ezaugarriak laster aldatzen dira, batez ere konkurrentzia eta inportazioa. Azkenean, auskalo etorkizunean zer gertatuko den.