Zalamako ur-jarioa

Aguasal ur-jauzia Ordunteko mendilerroaren mendebaldeko bazter ezkutuan dago. Isats zuria bezain ederra ikusiko dugu Zalama mendiak ur-emaria askatzea erabakitzen duen bakoitzean.

Josean Gil-Garcia.
2007ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ordunteko mendiak Bizkaiko mendebaldean daude, Karrantza eta Mena ibarren arteko muga naturalean. Mendilerroa ekialdetik mendebalderantz doa eta, han, batez beste 1.000 metro dituzten hainbat tontor goititzen dira: Kolitza, Balgerri eta Zalama, besteak beste. Basoaren eta paisaiaren egoera onak bidea eman du, era berean, Ordunteko paisaia garrantzi handiko naturgune bilakatzeko. Hori dela-eta, mendilerroaren alde banatan hosto erorkorreko baso trinkoak ikus daitezke. Akaso, ezagunenak, Karrantza aldera begira dauden masak. Baina landaretza ez ezik, faunaren ezaugarriak azpimarratzekoak ere badira gizakirik apenas dagoen txoko goxo honetan.

Hego-isurialdean bestelako altxorrik ere bada. Besteak beste, Zalama mendiaren Aguasal ur-jauzi ezkutua. Neguan bertaratuz gero, ezin ahaztuzkoa egingo zaigun ikuskizun aparta da, benetan, ehunen bat metro luze duen ur-jauzi arina irristatzen baita Zalamako goialdeko bazterretatik. Irudimen pitin batekin, erraz da alderatzea Ordunteko ur-jauzi alaia Gipuzkoako Aitzondoko buztan zuriarekin; izan ere, Zalamako ur-emaria jauzika amiltzen da magaleko harrizko substratuaren gainetik, eta amaierarik gabeko turrusta baten moduan jaitsiz joaten da azkenean aintzira batean biltzeraino. Ur ihesaldiak Ordunteko ibar bereizgarria zeharkatuko du ondoren, urak Ribota herri inguruan baretu egingo direla, hots, Bilboko ur-hornidura bermatzeko 30eko hamarkadan eraikitako Ordunteko urtegian.

Aguasal ur-jauzitik gertu-gertu, Hijuela ibaiak sortutako turrustatxoak daude. Irus eta Arceo herriak lotzen dituen galtzada bati segituta iritsiko gara berauen ondora. Ur-jauzi biek 50 metro inguru osatzen dituzte eta ibiltarionen jakin mina asetze aldera edo, Arceoko lotura ondorengo lerrootan deskribatutako ibilbidean zehaztuko dugu.



ORDUNTEKO IBARREAN GORA. Balmasedatik nahiz Artziniegatik hurbilduko gara Burgosko Merindadeetako ipar-ekialdera doan Mena ibarrera. Villasana igaro eta Cabrio mendatera bideari eutsita, Concejeroko desbideratzea hartuko dugu Paradores herrixka igaro eta metro gutxira. Campillo de Mena azken erreferentzia izango dugu ibilbidearen abiapuntura iritsi aurretik: Las Barcenas. Bizpahiru etxe dotorek eta Ordunte ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi sendoak ongietorria emango digute. Zubiaz bestaldean utziko dugu autoa, arte sendo eta dotore batzuen ondoan. Ezkerrean ikusiko dugun basa-pistatik ekingo dugu aurrera. Autoz jarraitzeko debekua adierazten duen seinale bat ikusiko dugu hor, baita Ordunte mendilerroko basoan sartzen garela dion beste bat ere. Mendi aterpe baten ondora iritsiko gara laster. Babeslekuaren ondoko Santiago errekastoa eta metalezko barrera bat zeharkatu ondoren, basoan barrena segituko dugu. Uda garaian Santiago errekasto xumea zeharkatzeko arazorik ez badago ere, negu gordinean kontuan hartzeko oztopoa izan ohi da.

Barrera atzean utzita, ezkerretik doan pista nagusiak Ordunte ibaiaren ondora eramango gaitu amezti ederrean zeharreko paseo goxoan. Porlanezko zubia igarota, ibaiaren konpainia bertan utzita, igotzen hasiko gara pista harritsu eta aldapatsu batetik. Igoera erosoa da, halarik ere. Gorostiek eta ameztiek inguratuta, zehar-zehar jarraituko dugu. Arceora doan bidea laster lotuko zaigu ezkerraldetik. Aukera paregabea, beraz, Arceo eta Irus herriak lotzen dituen galtzada zaharraz eta Hijuela ibaiaren ur-jauziez gozatu nahi izanez gero.



BI UR-JAUZI. Desbideratze horri muzin eginda, ordea, mendebaldeko norabideari eutsiko diogu eta Ordunteko hego-isurialdearen gaineko bista ederrak eskaintzen dituen talaia batera helduko gara. Artadi eta amezti trinkoak lagun, Ordunte ibaiaren goi-ibilguarekin bat egingo dugu. Pagoak jaun eta jabe dira bertan, garaiera nahikoa hartu dugun seinale. Bistan da Ordunte ibaiaren emaria jauzika libratzen duela desnibel majoa; izan ere, ibarra estutu egiten da jada igarobide xumea baino ez zaiela uzten Aguasal jauziei. Porlanezko zubi batera helduta, ur-jauzi ugariz gozatzeko parada izango dugu. Ur-emari handia ekarri ohi du ibaiak, batez ere euria goian behean egiten duten egunetan. Orduan, bai ikuskizuna! Porlanezko zubitik bertatik hogei bat metroko ur-jauzi galanta bezain zaratatsua izaten da. Ur-jauziaren oinaldera jaistea gomendatzea da logikoena, tamainaz eta indarraz kontzientzia hartuko bada bederen. Behera doan bidexka garbirik egon ez arren, jaitsierak ez du inolako zailtasunik.

Benetako ikuskizuna, ordea, ibarraz bestaldean dago. Izan ere, Aguasal deritzan ur-jauzia Zalama mendiaren hegoaldeko magalean amiltzen da, ehunka metroko buztan zuria agerian uzten duela ia-ia uda garairaino. Ur-jauzi guztien kasuetan legez, ez dago turruston azpi-azpian egotea bezalako gozagarririk. Bi ur-jauziek bat egiten duten tokira iristea erreza da porlanezko zubira heldu baino metro batzuk lehenago ikusiko dugun bidexka bati helduz gero.

Abiapuntura itzulera bide beretik egingo dugu.

 

AGuasaL



Ur-jauzia: Aguasal.

Erreka: Ordunte ibaia.

Herrialdea: Las Barcenas de Campillo, Burgos.

Mendilerroa, mendia: Ordunte.

Ur-jauziaren neurria: 10/15 metroko bat eta ehun metroko bat.



Gomendioak

Ura eta hamaiketakoa eraman.

Osagarri gisa Irus eta Arceo herriak lotzen dituen galtzada bisita daiteke. Hijuela ibaiaren ertzean bi ur-jauzi ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.