Donostiako Aste Nagusia.

Zaporeen erakusleihoa

Hainbat tokitako musikaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera eman du Kursaaleko terrazako guneak. Hondartzatik metro eskasera, mahaietan lasai eserita, kanpoko jakiak eta edariak dastatu dituzte askok.

Zaporeen erakusleihoa.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Kutsu berezia hartzen du Donostiak udako hilabeteetan. Atzerritik turista uholdea etortzen da urtero oporrak igarotzera, eta askotariko hizkuntzak entzun daitezke egunotan hirian, bai pintxoak dituzten Parte Zaharreko tabernetan, bai Kontxako pasealekuan.

Nazioarteko kutsu hori ezin hobeki ikusten da Kursaaleko terrazako gunean. Kursaalaren oinean eta Groseko Zurriola hondartzatik pauso batzuetara, munduko hamaika kulturaren Aste Nagusiko erakusleihoa da gunea. Euskal Herriko kulturak ere badu bere txokoa.

Gunera sartu eta berehala antzematen zaio leku berezia dela. Plazatxoan ipinitako postuei darien lurrinak edozeini gosea pizteko gai dira. Zein postutan bazkaldu, horixe izango da beharbada bisitariaren zalantza bakarra, badago-eta non aukeratu. Argentinar erara erretako haragia, caipirinha Brasilgo erara, Bretainiako krepe gatzatuak, Italiako pizza famatuak, Alemaniako garagardo beltza eta beste jaki eta edari mordoa dago aukeran. Primerako tokia gauza berriak dastatzea gustuko duenarentzat. Kanpoko kultura gastronomikoez fio ez denak ere badu erositakoa gustatuko zaiola ziurtatuko dion postu bat: Goierriko taloak saltzen dituzte gunera iritsi eta lehenengo postuan. Euskal herritarrak ez dira, baina, Goierriko taloen postura biltzen diren bakarrak. «Alemaniako turista batzuk egunero datoz taloa jatera», dio Joxepa Albizuk, talo postuko arduradunak.

Hondartzatik metro gutxira egonik, jende ugari paseatzen da Kusaaleko terrazatik. Askok ezin diete uko egin postuetatik datozen usan bereziei, eta mahaitxo batean geratzen dira zerbait hartzen. «Egunero gatoz hona. Hondartzan egon edo hirian bira bat egin ostean etortzen gara. Zerbait desberdina hartzen dugu etortzen garen bakoitzean»: mahai batean eserita daude Andres Rodriguez eta haren senideak, Galiziako postutik atera berri duten olagarro enpanadan murgilduta.

«Euskaldunak bezero onak dira; denetatik jatea gustatzen zaie»: Claudia Hornek Alemaniako postua ireki berri du, eta saltxitxak ari da prestatzen bezero batzuentzat. «Benetakoak Alemaniakoak dira», dio.

Postu guztien artean, agian, Argentinakoa nabarmentzen da, Mcanudos postua. Postuaren parean arranparrila dute, eta Argentinako haragi tipikoenak erretzen ari dira: txorizo kreolea eta txahala. Arranparrila txiki batean zerbitzatzen dituzte haragiok mahaira.

Kursaaleko terraza, baina,munduko gastronomiaren topalekua baino gehiago da, kultura zabalari baitago irekia. Eguerdi eta arratsalde partean, postuetako jakien zaporeekin nahasten dira agertokiko musikarien doinuak. Egunero hainbat jatorritako musikariak igo dira agertokira. Denetariko musikak hartu du gunea, DJen musika elektronikotik hasi eta Brasilgo capoeira musikaraino, euskal artistak ahaztu gabe.

Iluntzean, Kursaaleko argiek leku berezia bilakatzen dute. Hondartzatik zuzenean etortzen den haize kirriaren freskotasunak trago bat eta mokadu bat hartzeko gune paregabea egiten du.

Kulturen topagune kutsu hori galduko du hiriak uda amaitzearekin batera, turistek etxerako bidea hartzean. Galera hori pixkanaka etorriko da, ordea. Lehenago Donostiako Aste Nagusia bukatuko da, Bilbori lekukoa emanez, eta amaituko dira donostiar asko gogaitzen dituzten zirkulazio mozketa eta zaratak ere, hurrengo urtera arte behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.