Zazpi egun dituzte Lizarran festan aritzeko. Gaurtik heldu den ostegunera bitarte ibiliko dira parrandan. Udaletxeko balkoitik jai ofizialak iragartzen dituen suziria 12:00etan piztuko du Ricardo Gomez de Segura NaBaiko zinegotziak, eta jaia nonahi barreiatuko da. Izan ere, ia denetarik egiteko aukera ematen du egitarauak.
Aurreko urteetan ez bezala, oposizioko ordezkari batek botako du gaur suziria. Alkateak (UPN) erabakitzen du nork bota suziria, eta agintean daraman urteetan beti alderdiko bati eskaini dio ohorea. Horregatik, «oposiziora hurbiltzeko helburu gisa ulertzen du» keinua Gomez de Segurak. «Herritarrek lanaeta bazterketarik gabeko elkarrizketa eskatzen digute. Akordio gaitasuna nahi dute. Garai zailak ditugu, eta atzeraldian gaude». Jaiak hasteko lana gogoz hartu du. «Lizarratar batentzat oso ederra da suziria botatzea».
Krisiak krisi, festarako gogoz da NaBaiko zinegotzia, eta jaian murgiltzera gonbidatu ditu lizarratarrak. «Familian izandako arazo batengatik bi urte daramat festetan egon gabe, eta aurten egoteak ilusio handia egiten dit».
«Betebehar asko»
Lizarran, jaiak ez dira patroi bakarraren ohorez ospatzen, biren ohorez baizik. Horregatik edo, «betebehar» asko izaten du festazaleak; hitzorduak ugaritu egiten dira. Ahal duten guztiek ez dute galtzen egunero sailarekin afaltzeko ohitura, eta gaur, lehen festa egunean, nahitaezkoa izaten da.
Baina lehenago bada hamaika gauza egiteko. Musika nonahi, eta Los Llanoseko zubian, nasapuntako bat gazteentzat. Arratsaldez, polita izaten da erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera. Ondoren, Puyko basilikara igotzen da udal taldea, eta gero, jaitsi. Gauez, Santiago plazan, dantzaldia. Han jartzen du ikastolak txosna, eta han egiten dira, halaber, Festa Giro eta Garean euskaldunen elkarteek antolatzen dituzten ekitaldiak. Jaietan ere euskaraz mintzatzeko hainbat jarduera prestatu dute.
Jaiak. Lizarra
Zazpi egunez, festa nonahi
Ricardo Gomez de Segura NaBaiko zinegotziak jaurtiko duen suziriarekin hasiko dira jaiak, gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu