Zenbat ardi, hainbat txapel

Elgoibarko Mausitxa baserrikoak izan dira irabazleak Ordizian; gaztarik onena aurkeztu dute txapelketako azken hamar irabazleen artean, eta 9,91ko puntuazioa lortu dute.

2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ardi latxaren pegatina batzuk ezagunak egin ziren bere garaian. Oraindik ere erraz ikusten dira autoen atzealdean itsatsita. Hala ere, ezagunagoak eta kotizatuagoak dira berauen esnearekin egiten diren gaztak. Elgoibarko Mausitxa baserrikoei oraingoz guztiak agortu zaizkiela jakinarazi du Iñaki Ansola bertako semeak. Otsail bukaeran hasiko dira berriak saltzen. Gazta ona egiten duten seinale. Bestalde, Ordizia Txapeldun Txapelketaren 23. aldia irabazi izanak ere, zerbait esan nahi du. Azken hamar urteetan Ordiziako Euskal Jaietako ardi latxaren gazta txapelketa irabazi duten guztien artean txapelketa egin, eta berari eman diote saria. 9,91ko puntuazioa eman diote epaimahaikoek Elgoibarko gaztari, inoiz txapelketa batean eman den notarik gorena. Hain justu ere, 2005ean, 2007an eta 2009an irabazi zuten txapelketa; beraz, irabazitako txapelketa bakoitzeko gazta bana aurkeztu dute aurten. Emaitza polita izan da: lehen postua, hirugarrena eta seigarrena.

Pegatinatakoek ez dirudite hala direnik, baina Mausitxako ardiak, behintzat, muturbeltz arrazakoak dira. Hain zuzen ere, Gorbea motako genotipokoak. Arrazoi jakinengatik dituzte mota horretako ardiak. Kantitateari baino, kalitateari begiratzen diote baserri horretan. Horregatik, ez zaie hainbeste axola ardiak eman lezakeen esne kopurua. «Azkenean esnetik bizi gara, baina zerbait gehiagori begiratzen diogu». Larrean asko ibiltzen dituzte ardiak, eta arraza horrek oso ongi jasaten ditu kanpoko baldintzak, «ardi gogorra delako», nagusiaren esanetan. Horri esker, kalitate handiko esnea lortzen dute eta, beraz, gaztak ere kalitate maila handikoak dira.

Azken urteetan txapel asko

Laster, ardi bakoitzarentzat txapel bana izango dute Mausitxa baserrian. Izan ere, azken bost urteak oso oparoak izaten ari dira txapelketei dagokionez. Ordiziako hiru, Urrezko Kaikua, World Cheese, Urrezko Kutxa Saria, Azpeitiko Txapelketa, Gipuzkoako Txapelketa... Ansolak dioenez, gazta betiko moduan egiten dute oraindik ere. «Guk, etxean beti egin den moduan egiten dugu. Aldatu direnak garbitasuna, lanerako metodoak eta beste gauza batzuk dira». Gatzagi naturala erabiltzen dute, eta horrek «gaztari ukitu bat ematen dio, fuerteagoa izaten da horrela». 2004a ingurura arte, gazta suabeak izaten ziren gehien puntuatzen zirenak, baina, behi gaztaren itxura hartzen ari zelakoan irizpideak aldatu zirela dio Mausitxakoak. Horregatik, ordutik aurrera (2005etik), gazta gogorragoak puntuatzen hasi ziren txapelketetan, eta gatzagi naturala erabiltzeari ere garrantzia ematen hasi ziren. Ordura arte, sari banaka batzuk irabazi zituzten, baina irizpide aldaketa gertatu zenetik, sariak irabazi eta irabazi ari dira. Gainera, «lehen gatzagi artifiziala erabiltzen zuen jendea, orain naturala erabiltzen hasi da berriro».

Duela 30 urte ingurura arte, Iñaki Ansolaren gurasoak ez ziren gazta egitetik bizi. Garai hartan, gazta ekoizpenahanditzen hasi ziren Mausitxan, azpiegitura berriak eraikitzen. Egun, bost lagunek egiten dute lan gazta ekoizpenean. Garbi daukate kantitatean ezin direla beste zenbaitekin leihatu; beraz, kalitateari eusten diote produktua egiteko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.