Bilboko Aste Nagusia

Zentimo barik, irriaren jabe

Virginia Berasategi pregoilariak diru gutxirekin Bilboko Aste Nagusiaz goza daitekeela gogoratu zuen atzo txupinazoanBederatzi egunean diziplinagabeak izateko deia egin du aurtengo pregoilariak

Marijaia Arriaga antzokiko balkoira irten zenean lehertu zen jaia Bilbon. Bederatzi eguneko asteari ekin diote. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Bilbora etorri nintzan / zentimorik gabe / handik bueltatu naiz maitia / irriaren jabe». Hala kantatu zien atzo aurtengo pregoilari Virginia Berasategik Arriaga antzokiaren parean elkartu ziren milaka laguni. Poltsikoan dirua izango zuten ziurrenik, baita irria ere aurpegian, batez ere, Nerea Orizaolak txupinerak jaiei hasiera eman zien txupina piztu zuenean. Une horretan lehertu zen Bilboko Aste Nagusia, eta Marijaia antzokiko balkoira agertu zenean, zoramena zabaldu zen plazan.

Garai zailak badira ere, herritarrei aholku bat eman zien Berasategik: «Inoiz baino gehiago, kalera irten behar da, jaiak gozatu, kaleak okupatu eta gehien gustatzen zaiguna egin: jan, hidratatu eta gure jendearekin gozatu!». Eta kasu ere egin zioten bilbotarrek. Arriaga plazan edaria edonon ikus zitekeen, baita irina, arrautzak eta beste. Udalak egindako eskaerari muzin egin zioten era horretan, baina gutxi batzuk izan ziren. Gainerakoek giro jatorrean egin baitzioten harrera Marijaiari, eta baita Aste Nagusiari ere.

Emakumeak gogoan

Ongi pasatzeko deia bakarrik ez, emakumeak ere izan zituen ahoan Berasategik bere pregoian. Triatleta bilbotarrak emakume kirolarien zailtasunak gogorarazi zituen, «egunero helmugara iristeko trabei aurre egiten dieten emakumeei; aurrera, neskak!». Aurtengo Aste Nagusia, gainera, inoiz baino femeninoagoa da, eta horretarako antzokiko balkoira begiratu besterik ez zegoen: Marijaia, Itziar Urtasun jaietako zinegotzia, Satorra konpartsako kidea, txupinera eta pregoilaria, denak baitziren emakumeak. «Emakumeak gare, emakumeak gera, emakumeak gara, emakumeak gira, emakumeak gora!», aldarria bota zuen Berasategik.

Baina bazen beste emakume bat ere. Aurten, ohorezko bilbotar Amagoia Loroño izendatu baitute, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko zuzendaria. Txupinazoaren aurretik antzoki barruan egindako ekitaldian, ohore handiz eta emozioz beteta jaso zuen izendapena; «50 urte handi bete ditugu, eta aurrera jarraitzeko gero eta gogo eta animo gehiago ematen didate».

Ekitaldi hori anekdotaz josita egon zen, gainera. Udaleko ordezkari, pregoilari eta txupinerari ohorezko aurreskua dantzatu zieten, ohi legez. Baina Berasategi bera ere ausartu zen dantza egitera, ordezkari eta jendetzaren aurrean. Oraindik ez zen pregoilaria ofizialki, horretarako aurreko urtekoak testigua pasatu behar baitzion. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Izan ere, Kirmen Uribek azken momentuan abisatu zuen ezin izango zela joan, aita izan berri delako. Orizaolak, ordea, arazorik gabe jaso zuen txupinera kargua Patricia Lezamaren eskutik.

Bilbok ekitaldiz beteta hasi du bederatzi eguneko astea, eta pregoilariak bertan parte hartzeko gonbita egin zien jaietara inguratutako guztiei. «Egun hauetan diziplinagabeak izateko eskatzen dizuet. Atleta naizen heinean diziplinara ohituta nagoen arren, zin egiten dizuet ni ere diziplinagabea izango naizela». Asmoa, badu gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.