1974. urtean izan zuen lehen kazetari lana Zeruko Argia-n. Eroski kontsumitzaileen aldizkariko sortzaile izan zen gero. Trantsizio urteetan, berriz, Euskadi ataleko arduraduna izan zen Egin-en lehendabizi (1977-1979) eta El Diario Vasco-n gero (1979-1982). ETBko hastapenetan albistegietako erredaktore buru izendatu zuten Luis Mendizabal (Azkoitia, Gipuzkoa, 1949). 1998tik 2005era Eusko Jaurlaritzan, Lan eta Justizia, Ingurumena eta Lurralde Antolaketa sailetan komunikazio arduraduna izan zen.
Nola sentitzen zara erretiroa hartuta?
Errelebo kontratuarekin, aurre
erretiro partziala hartu dut. Erabakia hartzea izugarri kostatu zitzaidan. Lan bokazionala dugun guztiontzat lana uztea asko kostatzen da. Bi arrazoi egon dira erretiroa hartzeko: batetik, nire bizitza profesionalean egin beharrekoak egin ditut. Bestetik, ETBko gaua betetzen baztertuta nahi naute, eta aukeran nahiago bizitzaren fase berri bat hastea.
Zer egiteko asmoa duzu orain?
Ez dut arrastorik. Ez dut ezertan pentsatu. Zaletasunak denok ditugu, eta ikusiko dugu.
EITB sortu zenetik hona euskaraz lan egitea errazagoa da orain, ezta?
Euskaraz lehen ez zen posible lan egitea, mirari bat zen. Euskadi Irratiari meritu handia ematen diot, 24 orduz euskaraz aritzegatik. BERRIAk apustu oso onak egiten dituela iruditzen zait. Euskaraz kazetaritzan gaur egun lan egitea zaila da oraindik, lehen miraria zena posible bihurtu da. Baina gogorra da oraindik ere.
ETBren sorrera gertutik ezagutu zenuen. Euskara eta kultura zabaltzeko sortu zen ETB, baina gero bete al du eginkizun hori?
1982ko testuinguruan, ETB sortu zen euskara indartzeko eta euskal kultura eta Euskal Herria sendotzeko. Hasieran bai, bazuen eginkizun hori, baina urte gutxi iraun zuen. EAJk 27 urtetan EITB erabili du bere boterea kontrolatzen jarraitzeko eta bere ikuspegia sendotzeko.
ETB1 katea ez al da maiz ETB2ren menpe egon?
ETB1 ahaide pobrea da eta ETBko zuzendaritzak aspalditik ETB2n pentsatzen du. Orain zuzendaritzara iritsi direnei ETB1 ez zaie batere inporta, hitzez beste zerbait esango dute, baina ez da hala. Zorionez, horrek askatasuna eman digu ETB1en aritu garenoi, ETB2n ez dagoena.
Egungo zuzendaritzak ba al du aurrekoarekin ezberdintasunik?
Aurrekoen intentzio berdinekin etorri dira, baina presaka eta ezjakinak dira. Tresna bezala erabili nahi dute ETB haien ikuspegia eraikitzeko.
Juan Carlos Viloria Politikako buru izendatu eta gutxira, langileen ordezkariek esan dute «zentsuraren marra gorria» gainditu dela.
Zentsura beti egon da ETBn. Hasieran gutxi edo batere ez. Gero eta gehiago, gero eta gehiago, eta orain zer esanik ez. Lehen zentsura bazegoen, baina formak aldatzen ziren. EAJrekin zentsura baino gehiago kontrola zegoen. Kontrola hain sotila eta hain ona zen, ez zuten aizkora hartu beharrik. Autozentsura ere egon da ETBn. Jendearen hautaketan eta egituran sentitzen zen argi kontrola. Denboraren poderioz lortu zuten hori guztia.
Nola egin zuen EAJk aipatzen duzun kontrol hori?
Amatiño pieza oso garrantzitsua izan zen EAJren kontrol estrategian. Iñaki Zarraoak eta Andoni Ortuzarrek EAJren pentsakera txertatu dute. Oraingoek kontrolik ez dute, eta horregatik ari dira zentsura ezartzen. Ez dakite telebista bat maneiatzen.
Posible al litzateke telebista publiko bat beste modu batean eramatea?
Nahikoa da hegoaldera begiratu ordez Europako iparrera begiratzea. Europako komunikabide publikoak begiratu behar ditugu, Pirinio eta Alpeetatik gora. BBC, adibidez, instituzio bat da eta jendeak errespetatu egiten du. Itsasargi bat da, eta balio batzuekin hezitzen du gizartea. Ni telebista publiko batera etorri nintzen asmo horiekin, baina nire helburuak ez dira bete. Hemen, telebista publikoa baino gehiago, boterearena da telebista.
Nola ikusten duzu ETBko langileen egoera?
Balio handiko jendea dagoela iruditzen zait baina lan prekarietatea iritsi da. Nire ustez, defizit handi bat da gehienek ez dutela beste komunikabide batean lan egin. Unibertsitatetik zuzenean iritsi ziren asko. Langileek ez du beste lan esperientziarik, eta horrek bere eragina du. Horretaz ere baliatu izan da zuzendaritza.
Nola amaituko duzu Kalifornia?
Asteazkenean Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia elkarrizketatuko dut, iruditzen baitzait ELA egungo erakunderik kritikoenetakoa dela. Kazetaritzak kritikoa izan behar du, definizioz. Programan saiatu gara aurrera begira jartzen, eta jende interesgarria aurkitu dut. Askatasunez hitz egin dugu, egungo zuzendaritza ez delako ezertaz enteratzen.
Zer etorkizun du ETBk?
ETB eta inguruko telebistak asko aldatuko dira. ETBk modeloa aldatu beharko du, eta flakatu egingo da. Bere eginkizun publikoei gehiago heldu beharko die, derrigorrez eta zorionez.
Luis Mendizabal. ETBko kazetaria
«Zentsura beti egon da ETBn»
Asteazkenean hartuko du erretiroa Mendizabalek, eta egun berean emango dute ETB1en azken 'Kalifornia'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu