Zentsurari alde barregarria bilatu nahian

Zentsuratutako diskoen azalekin erakusketa bat antolatu dute Bilbon, zentzugabea dela agertzeko

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zentsuraren Aurkako Jaialdia iluna dela iritzita, erakusketa komikoa egitea erabaki dute. «Jaialdian, zentsura pairatu duten artistak izaten dira, beren esperientziak kontatzen. Debekua jasan duten lanak ezagutzen ditugu. Nolabait esateko, ezkorra da dena. Erakusketa honekin irribarrea eragin nahi dugu: 'Hara ze zentzugabea den zentsura, honelako diskoak kaleratzea debekatu du'», dio Jose Anjel Serrano erakusketaren arduradunak.

Azalean hau edo beste zuela-eta norbaitek aproposa ez zela erabaki zuelako merkaturatu gabe geratu diren diskoen bilduma da erakusketakoa. EHU-BBK aretoan egongo da ikusgai, azaroaren 18a bitarte. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietaradago irekita, eta sarrera doakoa da.

Zentsuraren historiari gainbegiratua ematen dio erakusketak, diskoen azalen bitartez. «Zentsura nola aldatu den, eta une bakoitzean zeren aurka jo duen ikusteko aukera ematen digu», dio Serranok. Batez ere ideia politikoen aurka egin izan den garai bat egon dela nabarmendu du, eta biluztasuna ere beti zentsuratu dela gogorarazi du. «Artean, oro har, biluztasuna beti egon da agintarien jomugan».

Moldatu edo berria egin

Erakusketan, bada, hain ezagunak ez diren musika taldeek pairatu duten zentsura erakusten da, baina baita nazioartean sekulako arrakasta lortu duten taldeena ere. Serranoren hitzetan, mundu osoan denek ezagutzen duten taldea izateak ez du inor zentsuratik babesten.

Talde hauetako batzuek azal berria sortzea erabaki zuten, diskoa kalera atera ahal izateko. Beste batzuek, ordea, azala mantendu zuten, baina zentsurak debekatutako hori nola edo hala ezkutatuz. «John Lennon eta Yoko Onoren Two Virgins diskoan biluzik agertzen ziren biak. Zentsurak ez zuen onartu, eta paperezko tapaki bat jartzea erabaki zuten,zulo batetik aurpegiak ikusteko modua zegoela. Azpian jatorrizko azala zegoen», azaldu du Serranok. The Rolling Stones taldearen Beggars Banquet diskoan, berriz, azal osoa aldatu behar izan zutela dio.

Azken urteetan mendebaldeko estatu «ustez demokratikoetan» zentsura gutxitu dela iruditzen zaio Serranori. «Edo zentsuratzeko modua aldatu da. Orain zuzenean egin, ordez, gustuko ez duten talde edo musikariari diru laguntzak kentzen dizkiote, eta kasu askotan beharrezkoak dituzte».

Erakusketan dauden azaletan Guns N' Roses taldearen China Democracy lana da berriena. «Oraindik ere munduko txoko askotan gobernuek zentsura zorrotza dute». Disko hori Txinan saltzea debekatu zuen hango gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.