Asteburuko proposamenak

Zentzumenen soroan gozatzen

DebaGanadu feria eta gazta, fruta eta barazki lehiaketak egingo dituzte Soro Ferian, giro ederrean

Ganaduak ez ditu soilik erosleak erakartzen, baita haurrak ere. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Pasioan dabilenari begi niniak handituko zaizkio akaso larunbat honetan Deban (Gipuzkoa). Soro Feriak etengabe kitzikatzeko gaitasuna dauka, ez alferrik: askotariko elikagaiak, denak kalitatezkoak, ganadua, musika, dantza... Debako kaleak gozaleku bihurtzen dira zentzumenentzat. Ikusmenarekin batera, usaimena erabiliko du gehien feriako bisitariak. Baserriko fruta eta barazkien lurrina sudurrera iristen da, zer esanik ez artzainen gaztei darien usaina. Ikusi/erosi/pasiatu egiten duenaren eguna are gozoagoa egiteko, eskualdeko ezti lehiaketa ere prestatu dute Debako urte berriko ferian. Bestalde, belarriei ere berea emateko pronto izango dira trikitilariak, txistulariak eta musika banda. Festa egun biribila izateko diseinatu dute Soro Feria.

Plaza berri bat Deban

Goizetik hasiko da festa giroa kalejirarekin. 09:30erako postu guztiak zein baino zein ikusgarriago atonduko dituzte saltzaileek. Ganadua ere bere lekuan: kioskoan. Urte Berri Feriako epaimahaikideak oharrak hartzeko prest izango dira. Goizak musika izango du bidelagun han eta hemen, trikitilari eta txistularien ekarriarekin. Simon Berasaluze plaza inauguratzeko giro egokia izango dela pentsatu du udalak, eta 11:30ean zabalduko dute herriko gune berri hori. Eguerdian, berriz, dantzariak ariko dira Aldats pilotalekuan.

Bien bitartean, fruta nahiz barazki lehiaketa, gazta lehiaketa eta ezti lehiaketako parte-hartzaileak epaimahaikideen bisitak jasotzen izango dira. Latxa edo karrantza arrazako ardi esne gordinaz egindako gazta irabazlearen egilearen izena 13:00etatik aurrera jakinaraziko dute. Ezti gordina eta berotu gabearen ekoizleearena ere orduan jakingo da. Halaber, fruta eta barazkien posturik onenaren jabearena ere adieraziko du epaimahaiak. Azken horrek 300 euro eramango ditu; gazta lehiaketaren irabazleak, 350; eta ezti lehiaketarenak, 140 euro. Kalejirarekin osatuko da eguerdi artekoa.

Ordu arteko jardun biziak segida izango du iluntzean. 18:00etarako, idi probak jarri dituzte. Hortaz, egun beteko festa egiteko aukera ederra eskainiko du Debak.

URTE BERRIKO FERIA

Zer. Azoka, ganadu feria, gazta, ezti, barazki eta fruta lehiaketak, musika, dantza...

Non. Deban (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.