Osasuna. Elikadura

Zer egin dietak kaloria gutxiago izan dezan

Ohitura batzuk aldatuta, kaloria gutxiago hartuko genituzke anoa bakoitzean. Horretarako, adibidez, entsaladak nola gatzozpintzen ditugun zaindu, jakiak lurrunetan prestatu, eta edari azukredunak eta alkoholdunak saihestu beharko genituzke.

Oiloa eta gatza neurrian erabili behar dira entsaladak prestatzean. BERRIA.
Cristina Perez.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kaloria gutxiago dituzten platerak presta daitezke, gauza goxoak eta askotarikoak jateari utzi gabe. Ohiko errezetak zertxobait moldatzea da kontua, eta kaloriaz arintzea, gisatuak, entsaladak, pureak, okelak, arrainak edo postreak.

Zer elikagai mota erabiltzen den zaindu behar da batetik, nola prestatzen den bestetik, eta, azkenik, zer osagai erabiltzen diren plater horiek hornitzeko. Askotan, izan ere, hornigai horien erruz uzten dio errezeta batek osasungarri izateari, eta kaloriak pilatzen zaizkio, edo gantzak, azukrea edo gatza.

Entsaladak zer daramaten eta nola gatzozpintzen diren kontuan izan behar da

Entsaladek osagai asko onartzen dituzte goxoak egoteko, ia denetarik, baina osagai batzuk bere neurrian erabili behar dira, kilokaloria askotako platera nahi ez badugu. Esaterako, artoa, patata, arroza, pasta, gazta, atuna, urdaiazpikoaeta abar. Entsalada kilokalorian arindu nahi izanez gero, barazkiak izan behar dira osagai erabilienak, nagusiak, azenarioa, letxuga, tomatea, tipula eta abar.

Entsaladak nola gatzozpindu ere garrantzitsua da, itxura batean garrantzirik gabekoa dirudien arren. Entsaladari olio gutxi bota behar zaio; izan ere, oso erreza da olio asko jartzea entsaladetan eta konturatu gabe dietaren kilokaloriak asko igotzea. Beraz, hoberena olioa neurtzea da. Oro har, koilarakada batekin nahikoa izaten da entsalada platerkada batetan.

Bigarren platerak ez dira baztertu behar, baina kantitateak murriztu eta gantzak kendu

Haragia, arraina eta arrautzak izaten dira bigarren plateren oinarrizko osagaiak, eta hiru horiek, proteina ugariko elikagaiak dira.

Ez dago horiek zertan baztertu. Nahikoa da kopuru zentzuzkoak jartzea otorduetan, 120g ale bakoitzeko, eta gantz gutxiago erantsiko dieten teknikekin prestatzea.

Haragi gantzatsua mugatu behar da, eta jatekotan, kendu egin behar zaio agerian duen gantza. Gantzik gabeko haragiak hautatzea da aukera hoberena; oilaskoak, indioilarrak eta untxiak gantza gutxi izaten dute. Haragi interesgarriak dira.

Teknologi teknika sinpleak erabili

Lurrunetan prestatuz gero, egosita, labean edo parrillan, arindu egiten dira arrain eta itsaski platerak; teknika horiek, gainera, indartu egiten diete zaporea, eta gantzik erantsi gabe jateko aukera ematen dute.

Sukaldean erabiltzen den beste teknika sinplea eta osasungarria da Papillote era. Oso egokia izaten da hainbat jaki prestatzeko: haragiak, arrainak, barazki mamitsuak, patata eta beste tuberkulu batzuk, juka edo batata, esaterako. Jakiak gantzak alde batera utzita prestatzen jakitea oso garrantzitsua da.

Ondo begiratu elikagaiak hobetzeko erabiltzen diren saltsak eta gantzak

Espeziak, ongailuak eta usain-belarrak oso lurrintzaile onak dira, eta horiek erabilita, ez da zertan erabili beharrik hainbeste gatz, eta saltsa gantzatsu. Plater osasungarri bat alferrik gal lezakete gatzozpinek edo saltsek. Bi koilarakada oliok, esaterako, 200 kaloria ematen dituzte.

Tomate saltsa, jogurt saltsa, mimosa saltsa edo barazki saltsak beste aukera onak dira gantz asko duten saltsa horiek ordezkatzeko.

Saltsetan esne-gaina erabili beharrean, esne gaingabetuarekin, saltsa arinak egin litezke, bexamel arin bat esaterako.

Adi edaria hautatzerakoan

Edari alkoholdun batek edo freskagarri azukredun batek hankaz gora bota dezake gantzen eta azukreen aurka otorduetan egiten dugun ahalegina.

Dieta hipokaloriko bat laguntzeko edaririk onena, zalantzarik gabe, ura da. Ardoa edan nahi badugu, neurrian egin behar da, eta gaseosarekin nahas dezakegu kaloriak jaisteko.

Postre moduan hoberena fruta edo jogurta

Postrearekin bukatzen ditugu otorduak, eta postrerik onena, fruta da:freskoa, egosia, sorbeteetan, jogurt gaingabetuarekin, konpotan... Era askotara har daiteke fruta.

Postreei gozo ukitua emateko ere balio du frutak, eta sentsazio horri esker, beste hainbat tentagarri saihestuko lituzke gozozaleak: mousseak, izozkiak eta tartak, adibidez.

Barazkiak erabili

Arroza, pasta eta lekale platerak hartu behar dira; oinarrizkoa dira, baina dezente arinduko genituzke, urdaia, odolkia, haragi xehatua edo txorizoa jarri beharrean, berdura eta barazkiak erabiliko bagenitu. Goxo askoak geratzen dira.

Pureekin ere kontuz izan, hauek gantzezkutuak izan dezakete

Gurinik gabeko pureak. Pureetan esnea, esne-gaina eta gurina erabili beharrean, berdura-salda edo oilasko-salda erabil dezakegu. Esnearekin egiten diren pure, krema eta zopa guztiek % 25-50 kaloria gehiago edukitzen dituzte, saldekin eginda daudenek baino.

Gozo gehiegirik ez erabiltzeko ongailu gozoak baliatu

Kanelak, banillak, iltzeak eta kardamomoak zapore nabarmena izaten dute, eta azukrearen ordez erabiltzeko moduko espeziak dira. Arrozesnea egiteko erabil daitezke, arrautzesnea egiteko, edo flanak, kafeak, teak eta infusioak laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.