A dinean aurrera doazen pertsonetan ohiko arazoa izaten da entzumena gutxitzea; hala ere, ez da beti gertatzen, eta modu eraginkorrean trata daiteke, baldin eta beharrezko neurriak hartzen badira.
Presbiziaz aritu ginen aurrekoan, eta gaurkoan, berriz, presbiakusia izango da jorratuko duguna, adinaren eraginez barne-belarriko egiturak narriatu eta hondatzen direnean agertzen den entzumen-gutxiegitasuna, nolabait esateko. Baina, ikusmenaren kasuan ez bezala, ez da adineko pertsona guztietan gertatzen.
Sintomak
Entzumen-galeraren aurreneko faseetan pertsona ez da gertatzen ari zaionaz erabat jabetzen. Trastornoa ahalik eta azkarren detektatzea garrantzitsua da, ordea. Eta, horretarako, seinale hauei erreparatu behar zaie:
•Gorreria arina. Gorreria ez da bat-batean agertzen, pixkanaka eta modu gradualean baizik. Hasieran, maiztasun edo frekuentzia altuko soinuak (ateko txirrina, telefonoaren soinua...) dira hautematen zailenak, eta giro zaratatsuetan pertsonei ulertzeko lehen zailtasunak azalduko dira. Normalean, erasandako pertsona ez da zailtasun edo akats horietaz konturatzen, eta ingurukoei baxuegi hitz egitea egozten die. Fase honetan lagunak eta familiartekoak izan ohi dira egoeraz ondoen ohartzen direnak.
•Gorreria nabarmena. Gainerako soinuak ere (frekuentzia ertain eta baxukoak) ez dira batere argi nabaritzen, eta, horregatik, pertsona bere galeraz jabetzen hasiko da. Arazoak ditu elkarrizketak jarraitzeko, edozein giro eta egoeratan (dena den, gizonezkoen ahotsak ulerterrazagoak gertatzen zaizkie emakumeenak baino) eta baita soinu edo zaraten iturria identifikatzeko ere. Fase honetan beste sintoma edo arazo batzuk ere ager daitezke: akufenoak (belarrian sentitzen diren txistu-hotsak eta bestelako zaratak), soinu oso gogorrekiko gehiegizko sentiberatasuna (hiperakusia), belarriak itxita edo taponatuta dauden sentipena, bertigoak...
Diagnostiko goiztiarra
Erasandako pertsonak, kasu askotxotan, ez dio garrantzirik ematen arazoari, adinean aurrera egiteak berekin dakarren zerbait dela pentsatuta. Hori akats larria da, entzumenaren galera progresiboak nabarmen hondatzen baitu adineko eta ez hain adineko pertsonaren bizi-kalitatea, eta bizitza sozialari eta autoestimuari ere eragiten dio. Tratatu gabeko gorreriak, gainera, depresioa eta ezagutza-mailako beste trastorno batzuk izateko arriskua areagotzen du.
•Nola detektatu. Pertsona batek ez duela ondo entzuten konturatzen denean, bai bere kasa edo baita normalean bere inguruko pertsonen oharrei erreparatuz ere, otorrinolaringologoarengana jo beharko du, espezialistak hainbat proba egin diezazkion.
Otoskopia: Begiz egindako belarriaren azterketa da. Horretarako, tinpanoaren mintza eta barne-entzunbidea ikusteko modua ematen duen tresna bat erabiltzen da, otoskopioa izenekoa. Azterketa horri esker, entzumen-galera ekar dezaketen beste arrazoi batzuk baztertuko ditu espezialistak (argizarizko tapoiak, belarriko infekzioak, etab.).
Audiometria tonala: Kabina intsonorizatu batean sartu, eta soinu bat entzuten duen bakoitzean besoa altxatzeko eskatuko dio adituak erasandako pertsonari. Horrela, belarri bakoitzak soinu-intentsitate eta tonu desberdinak atzemateko duen gaitasuna neur daiteke, eta presbiakusiaren ezaugarriak zehaztuko dituen grafiko bat prestatuko da. Behin entzumen-galeraren susmoekin hasiz gero, proba bi urtetik behin egitea gomendatzen da.
Audiometria berbala: Kasu honetan, pazienteari elkarrengandik oso hurbil daudenez, bereizten zail samarrak diren hitz-pareak errepikatzekoeskatzen zaio (adibidez: berria/gerria, aditu/aritu, eta halakoak). Era horretan, elkarrizketa bat entzuterakoan pazienteak soinu diferenteak bereizteko duen gaitasuna ebaluatzen eta neurtzen da.
Tratamendua
Behin entzumen-galera diagnostikatuta, espezialistak jarraitu beharreko tratamendua ezarriko du.
•Audifonoak. Hauxe da aukerarik eraginkorrena. Belaunaldi berriko tresnak gailu elektroniko txikiak izan ohi dira, belarriaren kanpoaldean apenas ikusten direnak. Eta, estetikoak izateaz gain, garai batekoak baino askoz ere hobeak eta erosoagoak dira, ez baitute interferentziarik ezta zaratarik ere sortzen. Ingurumeneko zarata artean pertsonen ahotsa nabarmentzeko programa daitezke, telebistara edo sakelako telefonoetara konekta daitezke, etab.
•Keinu-hizkuntza lantzea. Entzumenaren galera oso arina denean, eta audifonoarenpremiarik ez dagoela uste denean, solaskidearen keinuei erreparatzea edo haren ezpaine- tan irakurtzen saiatzea besteekiko harremanak eta komunikazioa hobetzeko modua izan daiteke.
•Kirurgia. Gorreria oso handia denean eta audifonoekin soilik ezin konpon daitekeenean, beharrezkoa izan daiteke belarriaren barruan, koklean zehazkiago esateko, inplante bat jartzea. Inplantea bi atal edo zati dituen gailu elektriko txiki bat izaten da: mikrofono batek, hizkuntza prozesatzeko gailu batek eta antena batek osatzen dute kanpoko zatia, soinua seinale elektriko bihurtu eta gailuaren barruko zati edo atalera bidaltzeko. Barruko atala belarria inguratzen duen hezurrean ezartzen da kirurgia bidez, eta seinale elektrikoek entzumen-nerbioa estimulatzea da haren funtzioa.
Osasuna. Medikuntza
Zer egin entzumeneko arazoekin?
Adinarekin entzumen-zolitasuna murriztuz doa, eta, horrela, 60 urtetik gorako hiru pertsonatik batek entzumeneko trastornoak izan ohi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu