Jubilatu zenetik gutxi agertzen da hedabideetan. Are gutxiago telebistan. Baina astelehenean, ETB1eko Azpimarra saioan Xabier Arzalluz izan zen gonbidatua. Ohi bezala, bere estiloari eutsiz erantzun zituen Maddalen Iriarteren galderak. Zaharxeago ikusi nuen, beti ere, itxuraz; burutik mihira doazkionak inoiz baino zuzenagoak —ez naiz egokitasunaz ari— baitira.
Eta pentsatu nuen zergatik dagoen era horretako elkarrizketatu gutxi gaur egungo telebista saioetan. Asko daki herri honi buruz. Eta askoz gehiago azken urteetan euskal eta espainiar politikagintzan gertatutakoez. Zenbat anekdota eta bitxikeria gordetzen ote ditu bere baitan. Zenbat trapu zahar eta zikin interesgarri. Horregatik dela esango didazue. Halako gutxi daudela, ez delako komeni gehiegi dakien jendea xaxatzea. Gero justifikatu egin behar izaten direla haiek esandakoak. Telebista, besteak beste, interes politikoek mugitzen eta mugatzen dutela. Ados. Hala ere, ikuspegi eta kolore askotako hadabideak eta telebista kateak daude. Eta nago, izen-abizen horiek helburu politikoak eskuratzeko baliatu ditzaketena baino gutxiago erabiltzen dituztela. Esango nuke, izen-abizen horiek ere badakitela hori. Eta Xabier Arzalluzi mundu horretatik urrundu nahi duela aditu diodan arren, edozertarako prest dagoen asko eta asko bururatzen zaizkit. Haiek imajinatzen ditut ordutegi, testuinguru eta aurrelanketa egoki bati esker agenda politikoa eta ikus-entzuleen datuak pixka bat eraldatzen.
Eta pentsatu nuen ez ote den arraroa nor eta Xabier Arzalluz EITBn ikustea hain era askean mintzatzen. Hedabide publikoko arduradunek auzi politikoak beste batzuen eskuetan daudela behin eta berriz errepikatzeagatik, begien bistakoa baita ildo politikoa kontrolatzeko egiten ari diren saiakera. Aurrez imajinatzekoa baita halako gonbidatua ez dela kikilduko eta ixilduko aro politiko berriari so. Izan ere, ez du lehen izan zezakeen presiorik. Eta lehen ere, ematen zuela nahikoa zer esan.
Eta pentsatu nuen harrigarria izan zela saioaren amaiera. Elkarrizketaren ondorengo hizlarietako baten babesa eta animoa eskaini baitzizkien iragan astean torturak salatu zituzten atxilotu eta haien senideei. Torturak baieztatuz, noski. Eta pentsatu nuen herenegun batek baino gehiagok muturra okertuko zuela. Eta, agian, zaila izango dela halakorik errepikatzea.
Komunikazioa. Ekografiak
Zer pentsatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu