Osasuna. Sexologia

Zeren atariko?

2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Egun, beharbada inoiz baino gehiago, denok jabetzen hasi gara gure gorputzaren adierazpenaren garrantziaz. Gure berba gabeko jarrerek, posturek, keinuek zenbat berba egiten duten, gure azalak zenbaterainoko informazioa jasotzen eta ematen duen ia konturatu gabe. Horretaz konturatzeak gero eta gehiago laguntzen gaitu gure erotikan hobeto murgiltzen, gure gogoak adierazten eta modu berean gure behar sakonenak azalarazten.

Gorputzaren bidez gauza asko komunikatzen dugu. Nahi eta nahi ez.

Sarri begirada batek gure mingainak baino gehiago adierazten du; gure isiltasunak berba gehiago gure solasaldi luzeak baino. Komunikazio erotikoa ere modu askotan sor daiteke: bat-bateko irri bat, bata bestearen kontrako igurtzia, dantzetan elkarrekin, paseoan besotik helduta, eskua bestearen gerrian jarrita, txitxemarkak egiten albotik pasatzerakoan, probokazioak urrunetik, keinuak goizeko komuneko ispiluan, lapurtutako musuak umearekin jolasean, laztan arinak afaria prestatzen, besteari aurpegiko zikinkeria garbitzerakoan...

Komunikazio mota horri kasu gutxi egiten diogu, nahiz eta gero hainbat plazeraren eta ulertezinen informazio iturri izan.

Andreok zein gizonak, sarketan murgildurik egon arren, saiatzen gara ahaztutako lekuetan xamurtasuna berreskuratzen, eta gorputzarekin gure arteko komunikazioa bideratzen. Baina ez da batere erraza izaten. Lantzen ditugun jokabide asko—azalean ematen diren hainbat laztan, ukitu, jokotxo, zurrupada, azala azal kontrako borroka goxo, haginkadatxo...— gehienetan koitoaren aurretik ematen dira, eta sarri koitoa izaten da joko horien helburua. Hau da, hasieran «jolasten ibili behar dugu gero benetako jokabideari eusteko», «berotu lehenago gero behar den moduan sartzeko».

Eta horrela gertatzen da, bikote gehienen artean horrelako jokoak ematen direnean zalantza bako ikurrak izaten dira, koitoaren presentzia gertu dagoela. Ezinbestekoa!

Koitoa nahi eta nahi ez garrantzitsuena bihurtzen da, beste joko guztiek bidea egiten dute. Egoera honek askotan leku deseroso batera eramaten gaitu: «Gogotsu eta gustura nago jolas horiekin, baina uko egingo diot jokoari, datorrena, hau da, koitoa ez zaidalako gustatzen». Horren ostean desio falta ez da izango harritzekoa. Paradoxikoa ezta?

Guk egoera honi «etengailu erotikoa» deitzen diogu. Etengailua arau bat da; arau horri buruz ez da berbarik, baina arau horrek bikote askoren harreman erotikoa markatzen eta baldintzatzen du. Etengailu horrek posizio bi baino ez dauzka: piztuta edo amatatuta. Piztuta dagoenean, bikotekideen eremu erotikoan dagozkien jokabide erotiko «guztiak » ematen dira, koitoa azkenetarikoa izanik. Amatatua badago, ezin da inolako jokabide erotikorik eman, bat ere ez.

Bikotea «etengailuaren» tiranian bizi bada, bikotekide askok sentitzen dute benetako beharrak eta desioak ez direla kontuan hartzen. Horrelako sentsazioek askotan elkar deskalifikatzera eramaten gaituzte, —«berotzen nauzu, eta kanpin denda ipinita uzten nauzu», «ezin baduzu amaitu ez hasi...»— edo baita ere elkarrengandik urruntzera.

Etengailu gabeko bikote sistemetan errazagoa da itsaso zabalean igeri egitea. «Bakarrik gura dut zure gorputza nirearen kontra biluzik sentitzea», «gaztetan hasi ginen moduan gura dut, bakarrik gerritik gorako laztanak eta arropak kendu gabe», «musuka nazazu masturbatzen naizen bitartean», «masaje baten truke xurrupatuko dizut gorputz osoa», «nire bagina uzten dizut, baina ez eskatu gehiagorik», «gaur eskuarekin izan beharko du, ez nago bestelako kontuetarako eta», «musu batzuk eta lolo, e?».

Eskerrak komunikazio erotikoa continuum bat dela. Komunikazio mota horrek bion arteko bidea errazten du, eta batez ere erregistro erotikoak zilegiak, asegarriak, maitagarriak eta gozagarriak izatera laguntzen du. Bikote bakoitzak eta pertsona bakoitzak topatu behar du zeintzuk diren bere baliabideak, etengailua ez nagusitzeko gure harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.