Erlijio eta sinesmen ugaritan erabili dituzte zerura edo Jainkoarengana iristeko bidean. Babelgo dorrea, Egiptoko piramideak eta Jacoben eskailerak dira adibide batzuk. Lurra ere ezin daiteke imajinatu harmailarik gabeko hiri edo etxerik gabe, arkitekturaren historiako lehendabiziko asmakuntzetako bat baitira. Hiri paisaiek izugarrizko bilakaera izan dute mendeetan, eta aldaketa horretan eskailerak atera dira garaile, nolabait. Gero eta arruntagoa da inguruko kale eta auzoetan eskailera mekanikoak jartzea, maldarik gogorrenak igotzen ez nekatzeko. Gainera, Euskal Herriko orografiak lagundu egiten du. Eskailerek ez ezik, kaleko igogailuek ere protagonismoa hartu dute; erosotasunak bultzatutako gizarteak denbora aurreztea eskatzen du.
Iruñea da azken urte hauetan kanpoko igogailu ugari inauguratu duten Euskal Herriko hirietako bat. Dagoeneko sei igogailu badituzte, eta zazpigarrena bidean da. Zabalgunetik Lezkairuko etxeak lotuko dituen igogailua prest izango dute urte amaierarako. Oskar Ezkiroz Hiriko Kontserbazio zuzendariaren arabera, igogailuak «hiria lotzeko» bitarteko dira. Izan ere, 200.000 biztanleetatik erdiak, gutxi gorabehera, gune altuetan bizi dira, eta gainerakoak beheko eremuetan.
Nafarroako hiriburuan, gisa horretako igogailuek 10 milioi erabiltzaile garraiatzen dituzte urtean. «Abantailak ezin konta ahala dira: denbora aurrezten da bidaietan; erosotasuna eta komunikazioa ahalbidetzen dira, eta hirian baztertuta zeuden guneetara bizitasuna iristen da», gaineratu du Ezkirozek. Nolanahi ere, ez dira musu truk. Bidaia bakoitza 10 eta 35 zentimo artean kosta da gehienetan.
Zaharren magia
Edonola ere, ukaezina da betiko eskailerek duten xarma eta erakargarritasuna. Mekanikoen hoztasun eta perfekzioaren aldean, xarma berezia dute lehengoek. Urratsez urrats maila bakoitza igo eta gora iristean sentitzen den harrotasuna —esfortzuaren ondotik datorrena— ezin konpara daiteke mekanikoaren gainean irristatzearekin. Euskal Herrian bertan, eskailerengatik ezagun egin diren zenbait leku daude. Hamaika adibide daude, eta hona hemen bost.
Gaztelugatxe
Bertako harmailak igotzen dituenak —220-235 maila ditu— ez du nolanahiko paisaia izango begi bistan. Eguraldi onak lagunduz gero, Euskal Herriko ia kostalde osoa begiztatu daiteke bertatik. Baina guztiek ez zuten lortu, nolanahi ere, puntan dagoen Doniene ermitara iristerik: Alfontso XI.ak, Gaztelako erregeak, harmaila guztiak igo gabe alde egin behar izan zuen. 1334an, gotorleku bilakatu zen Gaztelugatxe. Erregearen inbasioari aurre egiteko asmoz, Gaztelugatxen babestu ziren zazpi zaldun bizkaitar. Hilabeteren ondoren, tropek puntara iritsi ezinda alde egin behar izan zuten, burumakur. Santutegi ere izan zen garai batean ermita, eta piraten eta itsasontzi urperatuen istorioak nagusi dira bertan. Pirata agian ez, baina itsasgizon behintzat senti liteke bidaiaria gaur egun ermitaren alboko ikurrinari eusten dion mastan bermatu eta Bakiora begira jarrita. Kresal usaina, olatuen murmurio lasaia eta itsaso zabala izango ditu oinen azpian.
Mallonako eskailerak
Bizkaitik atera gabe, Bilbon bertan, Unamuno plaza eta Begoña auzoa lotzen dituzte Mallonako eskailerek. Jende askok erabiltzen du toki hori elkartzeko gune gisa, eta Bilboko kosmopolitismoaren irudi ezin hobea osatzen da bertan. Besteak beste, etorkinak, punkak, eskaleak, haurrak dituzten familiak eta gotikoak ibiltzen dira eskailera horietan, norbaiten zain daudenean. Denbora-pasa hutsean ere egoten dira batzuk. Egun, alaitasuna dario lekuari. Beste gisa bateko giroa sumatuko zen, ordea, duela berrehun urte inguru. Mallonaraino iristen ziren eskailera horiek, hiriko lehen hilerriraino; 1745ean eraiki ziren. Edonola ere, gaur egun garai bateko hilerriko atea bakarrik dago zutik. 1927tik ez da erabili hilerria, Derion beste bat ireki baitzen, baina historiak ez du ihes egin bertatik. 1874an karlistek Bilboko setiatu eta bertan hildako liberalak omentzen ditu El Sitio elkarteak, hilerriko atearen aurrean, urtero, maiatzaren 2an.
Mendaur mendia
Kostaldean eta hiriguneetan ez ezik, garaieran ere badaude xarma duten eskailerak. Mendaur mendian (Arantza, Nafarroa), mendizale nekatuen oin minberek horietako batetik ematen dituzte azken pausoak. Izan ere, gailurrerako bidean azken zatia arrokan egindako harmailetan egiten da. Hirurogei maila igotzen dituen ibiltariak Trinitate ermitarekin aurkituko du. Ahaleginak merezi du hor ere. Mendieder eta Ekaitza mendiak ditu alboan Mendaurrek, eta, eguraldi onarekin, Pirinioak ere ikus daitezke.
San Pedro Ruakoa
Babaz beteriko oin askok zapaldu dituzte Lizarran (Nafarroa) eliza honetako atarira arteko harmailak. Donejakue bidean bosgarren etapa —Nafarroakoa— iristen da herri horretara, eta erromes askoren mugarria da eliza. Sorrera ere Donejakue bideari estu lotuta ageri da. 1090ean, Antso V.ak Jakako forua eman zion Lizarrari, eta horrek erraztu egin zuen erromesak Lizarran atseden hartzen geratzea, Gares eta Los Arcosen artean. XII. mendekotzat jotzen da eliza. Atari nagusian, arabiar estiloko hamar arku ditu, eta klaustroan 1170ean eraikitako bi hegalek iraun dute orain arte. Nafarroako Errege-Erreginen Jauregiari goitik begiratzen dio.
Bertxingomila eskailera maila
Zifra borobilek beti ematen dute errespetu handiago, eta hori gertatzen zaio Bertxingo zentral elektrikoan (Andoain, Gipuzkoa) dagoenari. Zorabiatzekoa da zenbakia, eta beldurra ere ematen du; mila eskailera maila baitaude han. Gipuzkoako zentralik handiena da Bertxingoa, eta Leitzarango ibaiko ezkerreko isurialdetik doazen urak hartzen ditu. Kanaletik 100 metroko garaieran eta segundoko 1.000 litroko emaria emanez egiten du bidea urak, hodi batetik zentral elektrikoko turbina mugiarazi arte. Zentrala eta kanala lotzen dituen hodiaren alboan doaz amaigabeak diruditen eskailerak.
PR-GI 11a, hau da, kanalen paseo gisa ezaguna den bidea pasatzen da bertatik, eta ingurukoentzat izugarri ospetsua da lekua. Malda gogorra errazago gainditu ahal izateko, baranda batzuk daude ertzetan, eta gomendioa ere egiten zaio ibiltariari: 100 eskailera mailatik behin atseden hartzeko geratzea.
Ezarian. Eskailerak
Zeruaren eta lurraren artean
Eskailera mekanikoak eta kaleko igogailuak ugaritzen ari dira pixkanaka. Ukaezina da, dena dela, betiko eskailerek duten xarma berezia. Euskal Herrian hainbat eskailera daude magia kutsua dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu