Ondarea ez da hondar bilakatzea. Hori ere bada Unescoren ardura, eta 40 urte beteko dira datorren urtean Munduko Ondarearen Zentroa martxan jarri zutela. Haiek kudeatzen dute ordutik , arrazoi kultural, natural edo historikoengatik bereziki baliotsuak diren guneen aitortza eta babesa. Ez dute lanik falta, eta urtero kaleratzen dute arriskuan diren guneen zerrenda. Izan ere, gehiegizko urbanizazioa, baso-soiltzea, kutsadura, gehiegizko turismoa eta gerrak arrisku faktoreak dira guztiak ondarearentzat. Gain-gainean egon behar, eta satelite bidez harturiko irudiak ere erabiltzen dituzte gune berezi horiek zaintzapean edukitzeko. Atlas batean bildu dituzte irudi horietariko batzuk; Space to Place: An Image Atlas of World Heritage Sites on the “In Danger— List izenekoan (Espazioa eta gunea: Arriskuan dauden munduko ondare guneen irudi atlasa).
2001ean hasi ziren sateliteekin lanean, eta oso lagungarri izan zaizkie geroztik. Paradoxa dirudien arren, balio bereziko gune horiek gertutik zaintzeko erabili dituzte urruneko tresna horiek. Neurketa zehatzak egin dituzte haien irudiei esker, eta gune bakoitzak zer bilakaera izan duen jakiteko aukera eman die. Ikusgarriak dira irudietariko batzuk. Nabarmena da denbora laburrean zenbat hondatu diren. Hori da, adibidez, Iranen dagoen Bam hiriaren kasua. 2003an lurrikara bat izan zen han, eta espaziotik ere ikus daitezke haren ondorioak. Zutik ageri dira eraikin zahar haiek lurrikararen aurreko argazkietan, eta erorita gerokoetan.
Handia da, ordea, giza faktorearen pisua. Handiegia ere bai. Izan ere, hori izaten da maiz ondareahondatzearen arrazoi nagusietariko bat: gizakiaren gehiegizko presentzia. Hori da Galapago uharteen adibideak erakusten duena, esaterako. Gehiegizko turismoak eragin kaltegarria baitu hango naturan. Oreka da giltza Unescoren Munduko Ondarearen Zentroaren arabera. Naturaren eta jendearen elkarreraginaren arteko oreka. Hori gabe zaila da ezer babestea.
Gizakia oraindik ere bizi da, ordea, eta bizikidetza ere ez da beti baketsua izaten. Gerra ez da ezer babestu ahal izateko testuingururik egokiena, eta, halakoetan, ondarea ere ez da salbuespena izaten. Lapurreten, erasoen eta babesgabetasunaren biktima izaten da hura ere. Irak eta Afganistan dira adibiderik argienak, baina zaintzen jarraitzen dute, halere, satelite bidez. Irakeko gerra hasi aurreko eta ondorengo irudiak ere badaude liburuan, eta argi ageri dituzte gerrak ondarean egiten dituen kalteak.
Arrakasta kasuak
Hondatze prozesuaren inbentario egile soilik izatea tokatzen zaio maiz Munduko Ondasunen Zentroari. Satelite bidez egindako argazkietan ageri diren lapurretak egitera joandako autoen aztarnei begira egotea. Baina txarrik gertatu aurretik ere heltzen dira beste batzuetan neurriak hartzera. Egiptoko Gizako piramideak jartzen ditu adibidetzat Unescok. 1995ean autobide proiektu bat aurkeztu zuten Kairotik gertu, eta kalte larria egingo zien piramideei. Presioa egin, ordea, eta gobernuak errepidearen ibilbidea moldatzea lortu zuten. Mexikoko El Vizcaino golkoan ere gatz enpresa bat egitekotan ziren, Pazifikoko balea grisei gelditzen zaien ugalketarako azken guneetariko batean, hain zuzen ere, baina gobernuarekin izandako negoziazioei esker, asmo hura ereazkenean bertan behera gelditu zen.
Guztira, 31 gune bildu dituzte kaleratu berri duten atlasean. Ondare garrantzitsuak dira denak, baina hondar bilakatzeko arriskuan direnak. Proiektuaren garrantzia azpimarratu du, horregatik, Irina Bokova Unescoko zuzendari nagusiak: «Gizartearen ondare historiko eta naturala mantentzeak dakartzan erronkei buruzko alarma moduko bat da liburu hau».
Ezarian. Ondarea
Zeruaren zaintzapean
Hamar urte daramatza Unescok arrazoi kultural, natural edo historikoengatik balio berezia duten guneak zaintzeko satelite bidezko teknologia erabiltzen; irudiak biltzen dituen liburu batekin ospatu dute urteurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu